Hemen zaude

BERRIA: Igandeetan, 14 minutu euskarazko albistegiak; eta 65, gaztelaniazkoak ETBn

Igandeetan, 14 minutu euskarazko albistegiak; eta 65, gaztelaniazkoak

Kirol emanaldiak direla edo ez direla, informazio tarteak baztertu egin ohi dituzte maiz ETB1en

URTZI URKIZU DONOSTIA

Saioa Martija asteburuko Gaur egun-eko aurkezlea eta Estibalitz Ruiz de Azua Teleberri-ko aurkezlea. / ETB

 

Zuzeneko kirol emanaldiak daudenean, ETB1eko albistegiei ordua aldatzen diete, eta normalean ETB2koak baino laburragoak egiten dituzte. Azpimarraeztabaida saioa ere kentzen dute maiz; joan den ostiralean, adibidez, ez zuten saioa eman, saskibaloi partida bategatik. Bihar eta etzi Bilbo Basket eta Baskoniaren partidak daudenez, gaueko albistegia laburragoa izango da.



Baina zuzeneko kirol emanaldirik ez dagoenean ere, nabaria da ETBn gaztelaniazko albistegiek duten lehentasuna euskarazkoen aldean. Joan den igandean, ez zegoen zuzeneko kirol emanaldirik, eta gertatutakoa nahiko esanguratsua izan zen: ETBk komunikabideetara bidalitako programazioan, ETB1ekoGaur egun 20:30etik 20:35era ageri zen. ETB2ko Teleberri, aldiz, 20:58etik 22:05era. Hala, programazioa ikusi zuenak pentsa zezakeen euskarazko albistegiak bost minutu iraungo zuela, eta gaztelaniazkoak, 67. Errealitatea ez zen hain gordina izan, baina bai adierazgarria: euskarazko albistegian informazio orokorreko berriak emateko 14 minutu erabili zituzten. Ondoren etorri ziren eguraldiaren tartea eta Espainiako futbol ligako partiden inguruko Gol festa. Gaztelaniazko albistegian, informazio orokorreko berriek 32 minutuko iraupena izan zuten (euskarazkoek halako bi baino gehiago). Albistegi berean, ordu erditik ia amaiera arte kirolaren tartea izan zen. Nabarmentzeko moduko beste datu bat bada kirolarena. Hau da, igande gaueko Teleberri-n kirol tarteak informazio orokorreko berrien tarteak adina irauten du (bakoitzak 32 minutu pasatxo).



Igandero, aipatutakoen parekoak dira ETB1 eta ETB2ko igande gaueko albistegien ordutegiak.



Igande eguerdiko albistegiei begiratuta ere, gaztelaniazkoak luzeagoak izan ziren euskarazkoak baino: ETB1ekoak 14:00etatik 14:45era iraun zuen (45 minutu). Eta ETB2koak 14:58etik 16:00etara (62 minutu). Eguerdiko alderaketa ez da hain esanguratsua, euskarazko katean kirol saioa izan zelako albistegiaren aurretik. Eta kirolak bere tartea bete zuelako gero gaztelaniazkoan. Astegunetan ere, euskarazko albistegiek normaltasun askoz handiagoa izaten dute eguerdian gauean baino. Astelehenetik ostiralera, ETB1eko Gaur egun-ek 14:00etatik 14:45era irauten du; ondoren, eguraldiaren tarte zabala iristen da. ETB2n, 15:58etik 16:05era iraun ohi du Teleberri-k. Edonola ere, luzeagoa da gaztelaniazko albistegia.



Iluntzeko albistegian izaten da, ordea, alderik handiena. ETB2ko albistegia beti hasten da 20:58ean, eta 22:10era arte ez da amaitzen; ondoren, eguraldia iristen da. ETB1eko gaueko Gaur egun-ek, berez, 20:00etatik 20:50era du ordua. Baina saskibaloi partidak direla edo beste kirol emanaldi batzuk daudelako, sarritan hamar minutu inguruko albistegiak izaten dira (partiden atsedenaldian). Joan den ostiralean, gaueko Gaur egun-ek zortzi minutu baino ez zuen iraun.



ETBren inguruko hausnarketa egiterakoan, aditu batek baino gehiagok adierazi izan du ETB1ek ETB2rekiko pairatzen duen menpekotasuna. Egungo zuzendaritzan ere ondorio horretara iritsi ziren. Joseba Arruti ETB1 suspertzeko taldeko buruak 2010eko urrian BERRIAri onartu zion ETB1eko albistegiak bigarren mailan gelditu izan direla: «Horri irtenbide bat bilatu behar zaio eta ETB1eko albistegiek ezaugarri propioak izan behar dituzte».



Aipatutako datuez gain, goizean, ETB2k Egun on Euskadi saioa egiten du 08:30etik 11:00etara, gaur-gaurko albiste, elkarrizketa eta eztabaidekin. ETB1ek, berriz, ordu horietan saio zaharren errepikapena eskaintzen du beti.

http://paperekoa.berria.info/agenda/2013-01-22/030/002/igandeetan_14_minutu_euskarazko_albistegiak_eta_65_gaztelaniazkoak.htm