Hemen zaude

JOSU AMEZAGA: «EITB: hemendik aurrera zer?»

Bere ibilbideko hogeita hamar urtean bi helburu nagusi izan ditu EITBk: euskararen suspertzea, eta euskal gizartearen integrazio politikoa. Bi helburu nagusi hauek kontuan izanik, euskarazko medioak erabili dira, ia modu esklusiboan, hizkuntzari lotutakoa erdiesteko; eta gaztelerazkoak nagusiki, integrazio politikoaren ingurukoak lortzeko. Dualtasun honetan, ukaezina iruditzen zait EITBren ibilbidean oro har handiagoa izan dela integrazio politikoaren inguruko interesa, euskararen ingurukoa baino. Beste hitz batzuetan esanda: EITB gehiago erabili da tresna politiko gisa, hizkuntza normalizaziorako tresna gisa baino. Honek bereizi egiten du EITB Europako gainontzeko hizkuntza gutxituetako telebista-irratietatik (Katalunia eta Galizia alde batera utzita, bi herrialde horietako egoera soziolinguistikoak helburu biak elkartzea errazago bihurtu baitu).

Integrazio politikoa diogunean, oso modu ezberdinetan uler daitekeen zerbaitez ari gara: Autonomi Estatutuaren eskutik eratutako subjektu politiko autonomikoaren eraikuntzatzat har liteke, edota Euskal Herri osoaren nazio eraikuntzatzat; sortutako instituzio berrien legitimazioa ere izan liteke, aldian aldiko gobernuan egon den alderdiaren legitimazioa izan litekeen bezala. Mutur hauen arteko mugak ez dira beti argiak izan, eta eztabaida ugariren iturri izan dira sarri. Edozelan ulertuta ere, nekez ukatuko da lan ildo hau izan dela nagusi EITBren historian. Adibide gisa, duela ia lau urte izandako zuzendaritzaren aldaketarekin gertatua: eztabaida ez zen hizkuntza ereduaren inguruan gertatu, ildo politikoaren inguruan baizik. Baikorrenek zera esango dute: hizkuntzaren arloan nahikoa adostasun badagoela, eta horregatik ez zen eredua kolokan jarri. Alabaina hori hala balitz, eta EITBk hizkuntza normalizaziorako tresnatzat hartu balitz, nekez uler liteke EITBren Zuzendari Orokorra euskalduna ez izatea.

Orain aldaketa dator berriro, eta jadanik jokoan daude Zuzendari Orokor berriaren eta hau babes dezaketen hitzarmenen inguruko apustuak. Eta apustuekin batera, beldurrak: jauziko ote gara berriro, helburu politikoari —norberak ulertzen duen moduan ulertzen duela- lehentasuna emango dion EITB eredu batean? Zuzendaritzaren aldaketa eguraldi maparen, albistegietako eskaletaren ordenaren, edo ematen diren informazioetako koloreen aldaketara mugatuko ote da? Sinpleago formulatuta: hemendik aurrera, zer?

Aitortu beharra daukat neuk ere baditudala beldur horiek, eta EITBk “betiko EITB— izaten jarraitzeko aukera errealtzat jotzen dudala (audientzia handixeagoa lortzeko aldaketa batzuk egiten badira ere). Eta, zinez diot, suizidioa irudituko litzaidake hala izatea, jadanik nahikoa ukituta dagoen erakunde batentzat. Besteak beste, EITBren inguruan gertatu eta gertatzen ari diren aldaketek ezinezko bihurtu baitute berdin jarraitzea. 80ko hamarkadan, telebista publikoaren loraldian, kanal birekin egin behar zuen lehia ikusleak erakartzeko; 90ko hamarkadan, pribatuen etorreraren ostean, sei lehiakide zituen; 2000ko hamarkadan, digitalizazioaren ondorioz, hogeira iritsi zen lehiakide hurbilen kopurua; eta gaur egun, digitalizazioaren, seinalearen garraio sistemen biderketaren, zein eskaintzaren handitzearen eskutik, dozenaka kanal jaso daitezke Euskal Herriko etxe gehientsuetan; joera hazkorra izanik. Horrez gain, Internet hor dago, eta PVR sistemak, eta tabletak, eta sakelekoak… Pentsa ote liteke EITBk bere txokoa bila dezakeela ikuslerian, ildo politiko zehatz bat erakundearen ibilbidearen ardatz hartuta? Lehengo baldintzetan ez zen ikusleen % 25etik gora igotzen, gaur egun horren erdian dago. Errentagarria ote da politikoki? Gauzak zailtzeko, hor daude, maila koiunturalean, aurrekontu publikoen murrizketak, edota publizitateengatiko sarreren gainbehera; seguruenik epe laburrera EITBren aukerak nabarmen urrituko dituztenak. Eta maila estrukturalean, komunikazio moduen eta negozio ereduen aldaketa handi bezain asmagaitzak.

Nire iritziz, EITBk etorkizunik badu, herri proiektu gisa soilik du. Baina herri proiektuaz ari naizenean, euskal gizarteak egunero bere burua bertan islatuta ikusiko duen proiektuaz ari naiz. Gehiengo parlamentario batek Zuzendari Orokorraren izendapena berma dezake, baina ez ikusleen atxikimendua; gerta liteke aldeko botoa emango duten parlamentari askok ere EITB ez ikusi-entzutea. Atxikimendu hori lortzeko beste zerbait behar da. Besteak beste, munduko gainontzeko telebistek —jadanik guztiak baititugu ate joka- eskaini ezin dutena eskaintzea: bertokotasuna alegia, bereziki hizkuntza, kultura eta nortasunari lotutakoa (ikus Euskaltelen arrakastaren fenomenoa, adibidez). Edota bere publiko hurbilen eta erakarterrezena izan daitekeena —euskaldunak, euskaltzaleak…- EITBren (ez ETB1en) target nagusi gisa hartzea. Edota ikuspegi politiko guztiak maila berean jartzea, inor baztertuta senti ez dadin.

Honek guztionek gogoeta, eztabaida eta adostasun zabalak behar ditu, esan bezala Legebiltzarreko gehiengoa lortzekoa baino sendoagoak. Baliteke honez gero apustuak irabazita edo galduta egotea, jadanik hitzarmenen bat itxita baldin badago Zuzendaritzaren izendapenaren inguruan. Baina horrek ez luke eragotzi behar gogoeta estrategikoa. EITBren inguruko eztabaida Zuzendari Orokorraren izena edota soslaiaren inguruko eztabaidara mugatzea, motzegia da. Bestalde, aukera gehiago izango da laster, erabat zaharkituta geratu den EITBren legea bera aldatu egin beharko baita. Bitartean, gogoeta hau gauzatu aurretik zuzendaritzaren izendapena badator, orduan beronek ere heldu beharko dio gaiari, horretarako ahalmena badu bederen. Hemendik aurrera bada zeregina.

JOSU AMEZAGA - UPV/EHUKO IRAKASLEA