Hemen zaude

BERRIA: Botere politikotik autonomia duen antolaketa eredua eskatu dute ETBrentzat

Botere politikotik autonomia duen antolaketa eredua eskatu dute ETBrentzat

Kike Amonarriz eta Beñardo Kortaberria ETBren geroaz solastatu dira Berria telebistak egindako mahai inguruan. Euskarazko eta gaztelerazko kateek aurrekontu eta zuzendaritza propioak izatearen garrantzia nabarmendu dute. 

 

 

Ainhoa Arano   2013-01-18 - 15:01:04

 

Gobernutik eta botere politikotik autonomia izango duen Euskal Telebista publikoa aldarrikatu dute Kike Amonarrizek eta Beñardo Kortaberriak Berria Telebistak egin duten mahai inguruan. Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak gidatutako solasaldian, ETBren etorkizunaz hitz egin dute gonbidatuek. Bultzatu beharreko eredua zein den argi adierazi dute: publikoa, autonomoa, hurbila, euskarazkoa eta euskaltzalea, euskal herritarren zerbitzukoa, euskal kulturaren bultzatzailea, erakargarria eta sortzailea.  

"Nabarmenegia da ETBn dagoen inpartzialtasuna. Berezi, informazio saioetan. Kaleko jendea ohartuta dago horretaz eta ETBren irudia asko kaltetzen du horrek" azaldu du Kortaberria Teknopolis saioko zuzendariak. "Lau urtetik behin zuzendari jakin horrek nahi duen telebista eredua sortzen da, Euskal Herriak nahi duen eredua kontuan hartu gabe". Amonarrizentzat ere bultzatu nahi den antolaketa eta kudeaketa eredua zehaztea da funtsezko eztabaida. Komunikazio politika, hizkuntza politika eta elkarbizitza politikoa nola eraman definitu eta akordio minimoak lortzeko, une honetan aukera handiak daudela uste dute gonbidatuek. "Arlo horietan akordio estrategikoak lor daitezke eta boterean dauden alderdi politikoek huts handia egingo lukete adostasunik lortzen ez badute", esan du Mihiluze saioko zuzendari eta aurkezleak. 

Bestalde, gonbidatuek ETB1 eta ETB2 kateek aurrekontu eta zuzendaritza propioak izatearen garrantzia nabarmendu dute. Euskarazko katearen ibilbide orria zehaztu eta garatzeko orduan nahitaezko jo dute euskarazko kateaz bakarrik arduratuko den pertsona bat izendatzea. Horretaz gain, adierazi dute aurrekontu propioak izatea dela euskarazko katea indartzeko baliabide nahikoak izateko modu bakarra. 

Bideo bidez, ETBren ereduaren inguruko beste bi iritzi labur entzun ahal izan dira Berria telebistaren saioan: Juan Carlos Etxeberriarena —ETBko kazetaria— eta Joseba Arrutirena —Radio Euskadiko zuzendaria—. Lehenak, ETBk zerbitzu publikoaren marka indartu behar duela adierazi du eta bi kate nagusiak bakarrik mantentzearen aldeko apostua egin du: "hobe baita bi ondo egitea lau erdipurdi baino". Arrutiaren esanetan, "etorkizunari begira beharrezkoa da ETBk jatorrizko izpiritu hori berreskuratzea. Menpekotasun harremana apurtu".

ETB1en gabeziak 

ETB1k lehenbailehen astindu bat behar duela nabarmendu dute gonbidatuek. Amonarrizen ustez, ETB1k daukan gabezia handiena programazioa da, hots, ekoizten eta ematen den saio kopurua urria dela. "Arratsaldeak hutsik dago. Prime-time-ko eskaintza zertxobait hobetu da". Bestalde, Kortaberriaren esanetan, ETB "tematuta" dago audientzia onak izango dituzten saioak egiten, baina, bestelako irizpideak ere landu beharko lituzke: "saioa on bat egitea eta benetan merezi duten saioak bultzatzea".

Amonarrizek, aldiz, garrantzia gehiago eman dio audientzia onak izateari; "euskarazko saioek audientzi onik lortzen ez badute seinale denak gaztelerazko kateari begira daudela". Hala ere, ETBk programa espezializatuak behar dituela nabarmendu du, "kualitatiboki onak". Unibertsitatea, industria, teknologia, antzerkia, zinea edo bestelako sektorei lotutako saioak ekoiztea interesgarri jo du. "Horiei ezin zaie audientzia eskatu, eragin soziala baizik". 

Eginiko ibilbideari, aitortza

Euskararen normalizazio prozesuan ETB zutabe eta ardatz izan dela nabarmendu du Amonarrizek; "hizkuntza politika eraginkor bat ezin da ulertu hedabideak kontuan hartu gabe, eta bereziki, euskarazko telebista bat gabe". Amonarrizen esanetan, euskalgintzan egindako bidea ezin da ulertu ETBrik gabe; hala ere, telebista publikoak euskaren alde gehiago egin zezakeela aitortu du. Kortaberriak gaineratu du gaur egun ETBren barruan ez dagoela euskararen presentzia bermatzeko planteamendu zehatzik. 

ETB bi kateetan banatzeak euskararentzat babes eremu bat sortzea ekarri zuen Amonarrizen esanetan, euskara hutsezko kate bat egotea lortu zelako. 30 urteren ostean, baina, babes hori "muga" bilakatu dela dio. Horrela, eztabaidako beste puntu bat da ETB2n euskararen presentzia bermatzea. Gonbidatuen ustez, egungo baliabide teknologikoekin hori erraz eta ikus-entzule erdaldunik galdu gabe egin daiteke. 

Hala ere, hizkuntza eta politikaren ikuspuntutik ETB baino tresna indartsuagorik ez dagoela adierazi dute eta horregatik, elkarlanaren garrantzia aipatu dute behin eta berriz. Amonarrizek kezka erakutsi du azken urteotan hizkuntza eragileen eta ETBren artean izan den sinergia urriagatik. Era berean, euskal komunikabideen arteko elkarlana eta sinergia ezinbestekotzat jo dute. "Bakoitza bere aldetik pikutara doa", esan du Amonarrizek. Jarrera aldaketa bat ere aldarrikatu du: "euskal munduak, batzutan, ETBrekiko jarrera aldatu beharko luke. Eskubidea da kritikatzea. Baina babesa eta bultzada ere behar da".

Azaroaren 19an ETBri buruzko beste eztabaida bat egin zuen Berria Telebistak. Orduko solaskideak Pello Sarasola, Maddalen Iriarte eta Josu Amezaga izan ziren. 6.400 bisitatik gora izan zituen mahai inguru hark.

ETBk 30 urte bete zituen joan den abenduaren 31n. Urteurren hori dela eta, BERRIAk elkarrizketa sorta bategin zuen udazkenean.