Hemen zaude

«Murrizketarik ez! ETB indartu!»

 

Hitzetik hortzera dabilen krisialdiaren gaiak ETB ere bete-betean jo duela ez da berria langileontzat. Kultura eta zehazki komunikabide publikoari zuzendutako aurrekontuak urtero eta murritzagoak dira. Horrela, Euskal Telebistaren eskaintza propioa kalitatean eta kantitatean jaisteaz gain, langileon karterak mehetuz joan zaizkigu: kontratazioak murriztu, soldata murrizketak, gabonetako ordainsaria...
 
Eman diren murrizketa batzuk Estatuak agindu baditu ere, Eusko Jaurlaritza ez da gauza izan beste bide bat hartzeko. Edo ez du nahi izan, murrizketetan aintzindari ere izan da eta. Are gehiago, EITBrentzat berak asmatu zuen 2010ean agindutako soldata murrizketa, oraindik pairatzen ari garena. Jaurlaritza berriak gabonetako paga dagoeneko gastatuko duela erabaki du, atzera buelta ekidinez. EITBko zuzendaritzak ere bere kabuz erabaki du lan hitzarmenaren hainbat kontu ez betetzea. Murrizketak egiteaz gain, kudeatzaileen sistema absurdo eta garestia mantentzen du.
 
Neurri hauen kontra ekimen ezberdinak bideratzen ari gara langileok: greba orokorrak, lanuzte partzialak, kontzentrazioak, ekimen juridikoak, salaketa publikoak... eta beti gauza bera errepikatzen dugu, egoerari buelta emateko mobilizazioa ezinbestekoa dela. Hori dela eta, ETBko Langile Batzordeak beste ekimen batera deitzen ditu langile guztiok. Data kaxkarrak direla jakinda, eta mobilizazio gehiago egingo dugula abisatuz:
 
Kontzentrazioa
Abenduaren 27 osteguna, eguerdiko 12:00etan 
Bilboko ETBren egoitzaren aurrean
 
ETBko Langile Batzordea, 2012ko abenduaren 27an.

ETBko langileek protestaldia egin dute, «murrizketen aurka»

ETBko langile batzordearen arabera, «kudeatzaileen sistema absurdo eta garestiari» eusten ari zaio

URTZI URKIZU

ETBko langile batzordeak deituta, murrizketen aurka protesta egiteko elkarretaratzea egin zuten atzo langileek Bilbon. / MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

 

ETBko langile batzordeak deituta, langileek elkarretaratzea egin zuten atzo, Bilboko egoitzaren aurrean,Murrizketarik ez! ETB Indartulelopean. Aurten egin dituzte protestaldi batzuk, tartean lanuzte partzialak, ekimen juridikoak eta salaketa publikoak.



Egoera zein den azaldu du ETBko langile batzordeak, agiri batean: «Hitzetik hortzera dabilen krisialdiaren gaiak ETB ere bete-betean jo duela ez da berria langileontzat. Kulturaren eta, zehazki, komunikabide publikoaren aurrekontuak murritzagoak dira urtetik urtera». ETBren eskaintza propioa kalitatean eta kantitatean jaistea salatzen dute langileek, eta horrekin batera langileen karterak «mehetuz» joan direla: kontratazioak murriztu egin direla, soldatak apaldu, Gabonetako ordainsaria kendu...



Langileek diotenez, izan diren murrizketa batzuk Espainiako Estatuak agindu ditu, baina Eusko Jaurlaritza ez da gauza izan beste bide bat hartzeko. «Edo ez du nahi izan, murrizketetan aitzindari izan da eta. Are gehiago, EITBrentzat berak asmatu zuen 2010ean agindutako soldata murrizketa, oraindik pairatzen ari garena». ETBko langile batzordearen arabera, EITBko zuzendaritzak ere bere kabuz erabaki du lan hitzarmenaren hainbat kontu ez betetzea: «Murrizketak egiteaz gain, kudeatzaileen sistema absurdo eta garestiari eusten dio».



Egoera horri buelta emateko mobilizazioa ezinbestekoa dela adierazi du ETBko langile batzordeak. Aipatutako neurrien kontra ekintza ugari egiten ari dira azkenaldian, eta bide horretatik jarraituko dute datozen hilabeteetan.

 

http://paperekoa.berria.info/agenda/2012-12-28/028/002/etbko_langileek_protestaldia_egin_dute_murrizketen_aurka.htm