Hemen zaude

EDORTA ARANA: «EiTB birsortu»

Urriko hauteskundeen emaitzek posible egiten dute orain, komunikabide publikoen inguruan aspaldidanik beharrezkoa zen eztabaida sakon eta patxadatsuari ekitea.

Ez da jauntxokerietarako garaia. Gehiengoaren perfil sozio-politikoa kontuan hartuz, komunikabide publiko zein ekimen sozialekoen gaineko hausnarketa irekia egiteko baizik, duela gutxi arte ez bezala.

Baikorrak izateko arrazoi ugari dago. Asko dago eztabaidatzeko, adosteko eta jarrera berriekin ibiltzeko.

EiTBren hogeita hamargarren urteurrena ospatzen da aurten eta, paradoxikoa bada ere, ikus-entzunezko publikoen etorkizuna daukagu mintzagai, ez hainbeste iragana. Testuingurua zeharo aldatua dugulako eta horretan gaur gaurkoz komunikabideek jokatu beharreko rola beste bat delako. Hasteko, jendartearen perfil kulturala, hizkuntzen ezagutza eta ikus-entzunezkoekiko jarrera asko aldatu direlako  (besteak beste, populazioaren erdiak  ulertzen du euskara eta hezkuntza  eredu euskaldunak dira nagusi). EiTBren papera duela hiru hamarkada eta orain ezin dira berberak izan, pantailaz bestalde daudenak aldatu direlako.

LTDaren ezarpenak, gainera, biderkatu egin du etxeetara heltzen den kanal kopurua, baina agerian utzi du kontzentrazioa jabegoetan, homogeneizazioa edukietan, gazteleraren nagusitasuna eta espainiarzaletasuna lerro editorialetan.

Bada, azkenik, EiTBren sorrera legean zeuden helburuak berregokitu beharra dagoela erakusten duen beste elementu bat ere hain zuzen ere, ikus-entzunezkoen erabilerari dagokionez jendeak gaur egun daukan portaera (zer ikusi, zergatik, zein tramankulu erabiliz, zenbateraino gogobetetasuna…).

Oinarriak berrezartzeko garaian gaude. Euskal Komunikabideen (irratia, telebista, internet) zereginak berdefinitzeko aukera paregabean kontuan hartuz, besteak beste,  Euskal Herriko komunikabideen mapa orokorra, lege arauketa, ikus-entzunezko propioen garapena eta zerbitzu publiko izaeraren aplikazioa.

EiTBren zereginaren berraztertzea komunikabide publikoek, herri ekimenekoek eta pribatuek jokatu beharreko funtzioaren arabera egin beharra dago. Eremu zabaleko zein tokian tokiko komunikabideen arteko erlazioak eta sinergiak gozatu behar dira eta gazteleraz eta euskaraz aritzen direnen arteko oreka berriak bilatu beharko dira. Bereziki, euskararen presentzia eta garapena ziurtatuko duten marko eta lan egiteko modu berriak bilatu behar dira, bai EITBren baitan baita hedabideen panorama orokorrean ere. Horretarako, aurreko legealdian ez bezala, orain baldintza egokiak ematen dira erabat zaharkitua gelditu den sorrera legeari astindu on bat emateko. Jakinik, ikus-entzunezkoen panorama asko aldatzen dela egunetik egunera, baina norabidea markatu beharra dagoela, medio egituraketa arin  eta  malguak aprobetxatuz.

Kontuan hartu beharreko marku berri horretan daude: ikus-entzunezko komunikabideen lege orokorra; EiTBrena (katalanek egin zutenaren antzera birbataiatu beharko litzateke, again EKb-Euskal Komunikabideak izenarekin), haren zuzendari eta administrazio kontseiluaren funtzioak eta aukeratzeko moduak; korporazio publikoaren alderdiekiko autonomia sakonduko duena; bertako profesionalei ahotsa emango diena; komunikabide publiko eta herri ekiminekoen arteko elkarlana bideratuko duena; bertoko industria bultzatu eta orokorrean euskara eta euskal kultura modu integratzailean eta hezkuntza sistemarekin sintonian ezagutza eta erabilera sustatuko duena.

Beste toki askotan bezala, hemen ere, krisiaren aitzakian, zerbitzu publikoak eztabaidagai jartzen ari direnean, euskal komunikabideak eta euskaraz aritzen direnak bereziki, rol garrantzitsua daukatela berretsi baharra dago. Euskararen alde, informazio zabala eta orekatua eta entretenimendu duina eskainiz, ikus-entzunezko alfabetizazioan eta kultura transmisioan behar beharrezkoak dira komunikabide publikoak. Eta bertako langileen profesionaltasuna muin-muinean daukagun bermea da. 

Hauteskundeen osteko aritmetikak ez du ematen jarrera politiko itxietarako. Ikuspegi miopiko eta instrumentalek kale egingo dute, ikuslerik eta ilusiorik ez badago pantailen bestaldean

Momentu zoragarria da, urteurrenaren ospakizunekin batera, eztabaidarako bideak irekitzeko, eredu berriaz hausnartzeko eta erronkak mamitu daitezen pausuak emateko. EiTB izan  denaz  baino  aurrera begira zertarako nahi dugun adosteko une egokia da oraingoa.

EDORTA ARANA - bere «Hamaika ikus-entzuteko jaioak» blogean

http://goiena.net/blogak/hamaika/eitb-birsortu