Hemen zaude

ARITZ GALARRAGA: Miguel Angel Idigoras (2009-2012)

Asteak eman duen telebista notiziarik garrantzitsuena, ordea, eman gabe agurtu dugu ia astea: baiki, ETBko zuzendari Miguel Angel Idigorasek kargua utzi du. Baten batek esango du, kontxo, noiz ikusi da kapitainak barkua beste inork baino lehen uztea. Eta alde batetik arrazoi du, baina zer nahi duzue, TVEra bueltatzeko aukera orain izan du, nahiz orain urtebete hasi ziren aukera horretaz hitz egiten, areago PPk hauteskundeak irabazi zituenetik —baina urriaren 17ra arte ez zuten Anna Bosch Londreseko berriemailea kargutik kendu—. Eta bestetik, tira, kapitain-kapitaina ere ez zen dagoeneko Idigoras. Hala ere, notiziak badu garrantziarik. Asteartean jakin genuen berria Berria.info bidez, eta nik uste merezi duela ETBko zuzendari jada ohiak telebista nekrologikatxoa.

Ez baita nolanahikoa gizonak hiru urtean pilatu duen curriculuma: 2009ko urrian, bi erredaktore kendu zituzten kargutik ezker abertzale orduan legez kanpokoaren kide batzuen atxiloketaren bideoaren harira. Urtebete geroago, beste bi erredaktore zigortu zituzten Estatutuaren urteurrenaren inguruko beste bideo baten ondorioz. Horiek gutxi balira bezala, ETBko langileen aurkako adierazpenak egin zituen egunkari batean. Langile batzordeak erantzun egin zion: «Salatu nahi dugu ETBko zuzendariak izan duen jarrera autoritario eta neurrigabea. Azken gertaera ez da salbuespena izan eta».
 
Egoera guztiz okertu zitzaion Idigorasi Pello Sarasolaren etorrerakin. Lerro editorialak arazo bat baino gehiago ematen zuen, programazioarekin ez zuten asmatzen, eta audientziak hondoa jota zeuden. Asteartean esaten zen: «2009an, ETB1eko batez besteko ikusle kuota %3 izan zen; aurten, %2,1eko kuota du. ETB2ko kuota, 2009an, %13,4 izan zen. Aurten, %10en bueltan dabil». Baina ez zen esaten 2011ko ekainean, Sarasola sartu zenean, ETB2 %8tik behera zebilela; ETB1ek hilabete hartan %1,3koa izan zuen. ETBk eduki zuzendari bat izendatu izanak boterea kendu zion Idigorasi, bere funtzioak eta erabaki ahalmenak nabarmen murriztuz. Asteartera arte.
 
Meritu bat aitortu beharko zaio, ordea: behintzat hurrengoari erakutsi izana zer egin behar ez litzatekeen. Gehiagok egin dute gutxiago ETBgatik.
 
KOMUNIKAZIOA. EKOGRAFIAK - BERRIA 2012.12.02