Josu Amezaga, 2005eko uztailaren 5ean:
ETB1 independentea
Duela hogeita bost urte sortu zenean bi xede nagusi lotu zitzaiozkion EITBri: euskal gizartearen kohesio eta parte-hartze politikoa bata, euskararen sustapena bestea. Garai hartan premiazkoak ziren xede haiek gaur egun ere halatsu darraite (hirugarren bat gehitu bazaie ere: ikus-entzunezkoen industria estrategikoa bultzatzea).Handik gutxira ETB2 eratu eta gero, halako lan banaketa bat ezarri zen euskal telebista publikoaren barruan. Banaketa horren arabera kanal bakoitzak xede bati begiratzen dio bereziki: gaztelaniazko kanalak euskal gizartearen parte-hartzeari (informazioaren bitartez), eta euskarazkoak euskararen sustapenari. Hirugarren xedea konpartitua da.Eredu honen baitan, Euskal Telebistak helburu zehatz batzuk definitzen ditu aipatu xede orokorren barruan, eta gero kanal biak erabiltzen ditu haiek betetzeko. Horixe da, esaterako, indarrean dagoen Programa Kontratuaren eskema. Baina ereduak, nire ustez, porrot egin du, eta sakonki berrikusi beharra dago, besteak beste euskarazko kanalarentzat oso kaltegarri gertatzen ari delako. Batetik, xede nagusi biak elkarren osagarri izan beharrean kontrajarri egiten dira: hori gertatzen da informazioa gaztelerazko kanalean lehenesten denean, euskaldunak ere bertara erakarri nahirik, euskararen sustapenak beharko lukeenaren kaltetan. Bestetik, bi xedeen artean mailakatze bat ezarri da, zeinaren arabera gizartearen parte-hartzeak lehen postua hartu baitu, eta euskararen sustapenak bigarrena. Honen adibide grafikoa ikusi berri dugu EAEko lehendakariaren inbestidura saioan: informazioan liderra izan nahi duen ETB2rena izan beharko lukeen emanaldi astuna (inbestidura saio osoaren zuzeneko emanaldia) ETB1i egozten zaio, beroni kanal subsidiarioaren lekua esleituz. Noiz bihurtu da ordea ETB2 kanal subsidiario, euskararen sustapenaren xedeari begira? Horrela, ETB1 familia horretako ahizpa txikia delako sentipena gero eta handiagoa da.
Joera honi aurre egiteko irtenbidea, nire ustez, bestelako eredu bat da. Oraingo lan banaketa alboratuta, kanal biek erantzun beharko liekete xede nagusi guztiei, zeinak bere hizkuntzan eta bere ikusleriari begira. Horrela, gizartearen parte-hartzeari dagokionez, ETB2k zeregin handia du, baina ETB1ek ere bere arlo propioa dauka: euskaldunen integrazioa (akatsa da euskaldunak gazteleraz informatuz integratu nahi izatea). Euskararen sustapenean, berriz, ETB1ek badu zer landua, baina baita ETB2k ere: bereziki erdaldunei euskararen eta euskal unibertsoaren berri eman (izan ere, gaur egun kanal horretan euskaldunei buruz agertzen den ia irudi bakarrak Vaya Semanita saioko koadrilaren itxura du).
Lan banaketaren arriskuak ekiditeko eta bata bestearen ahizpa txikia izan ez dadin, azkenik, ezinbestekotzat dut kanal bakoitza independentea izatea, honako hiru mailatan: xede nagusien araberako helburu zehatzen diseinuan (bakoitzaren publiko ezberdinei moldatuak), zuzendaritzan, eta baliabideetan. Azken hau problematikoena izan daitekeen arren, dagoenetik abiatu eta epe batera lortu beharko litzatekeen helburua da.
Eredu hau, gainera, ez da berria; neurri batean EITBko irratiek duten eredua da. Bakoitzak bere egoitza, bere zuzendaritza, eta bere taldea. Zergatik ez orduan telebistari aplikatu? Nik, bederen, beste biderik ez dut ikusten ETB1 gaur egun dagoen zulotik irteteko.
Telmo Esnal, 2005eko uztailaren 6an:
ETB1, oraina eta etorkizuna x Telmo Esnal (Zinemagilea)
Burutaziobatzuk
ETB 1 kateari buruz idazteko eskatu didate, nire iritzia emateko, alegia. Nola ikusten dudan, nola izan beharko lukeen nire uztez...
Gai hauetan iaioa ez izan arren, zineman lan dexente egin dudanez baita ETBn bertan ere ikus-entzunezko langileen ikuspuntua adieraztea ere komeni dela eta, saiatuko naiz nire ikuspegia ematen.Ez dut asko jarraitzen ETB1, eta hau idazten hasi baino lehen zerbait ikustea erabaki dut. Telebista piztu eta pilota partida bat amaitzear ikusi dut, horren ondoren herri kirolen saio batÉ Beste ahalegin batean marrazki bizidunak, gag bildumaÉ Badirudi orduak betetzea besterik ez dela programazio buruen helburua. Hainbat ordu bete behar dira euskaraz eta kito. Intentziorik gabeko telebista kate bat iruditzen zait. Norbaitek esan dezake dituen ikusleekin ezin dela gehiago egin, ez baita «errentagarria». Beste norbaitek, duen programazioarekin normala dela ikuslerik ez izatea, eta ikuslerik gabe ez dela dirua sartzen etaÉ azken finean defizitarioa dela.Argi izan behar dugu euskarazko telebista bat normalean defizitarioa izango dela, horrek ez ginduke asko kezkatu behar. Telebista publikoak zerbitzu publikoa izan behar du, ezin dugu telebista pribatu bat bezala begiratu. Ezin gara jausi telebista pribatuen share borroketan; gure lehiak beste bat izan behar du. Defizitario izate hau onartzeko era bakarra, nire ustez, kalitatezko programazio bat eskaintzea da. Kalitatezko telebista bat egiteko ezinbestekoa da nori eskaini behar diogun jakitea: Norentzat egin nahi dugu Euskal Telebistako lehen katea, hau da, euskarazkoa? Euskara dakienentzat soilik, edo guztiontzat? Niri bigarren aukera interesgarriagoa iruditzen zait. Baita zailago ere.Nola lortu, ordea, euskal hiztun ez den ikusle bat euskara hutseko programaziora erakartzea?Hor dago koxka. Euskaraz ez dakien norbait euskara hutsezko telebista kate bat ikustera ekartzeko programazio erakargarria behar-beharrezkoa da. Hori da benetako arazoa. Programazio erakargarri bat egiteko ezinbestekoa da kalitatea. Kalitaterik gabe ez dugu ikusle kopurua handituko. Zergatik ez bilakatu ETB1 kanal tematikoen modukoa? Bai, kanal kulturala, defizitarioa, baina kalitatezkoa.Norbaitek galdetuko du, «eta kirolak zer?». Hau ere neurrian eman behar dela uste dut. Hemen ere kalitatea beharrezkoa da.Bestetik, ez dugu ahaztu behar ETBk bi kate dituela; zergatik ez pasatu kirola (laburrean eta euskaraz) ETB 2ra? Zergatik bereizi behar bi kateak hizkuntzarengatik? Ez al da hobea tematikagatik bereiztea, bat komertzialagoa eta bestea kulturalagoa? Zergatik ez egin bi kate elebidun? Edo hirueledunak? Zergatik ez nahastu euskara, gaztelera, ingelesa, frantsesa eta abar euskaraz azpidatzita esaterako?Kalitatezko kate bat egiteko ezinbestekoa da ausardia, bai agintarietan, baita ikus-entzunezko sortzaileetan ere. Ez da lan erraza programazio berritzaile bat egitea, baina hori da erronka, eta sortzaileok, behintzat, prest gaude ideia berriak mahai gainean jartzeko.
Edorta Arana, 2005eko uztailaren 7an:
Nortasun arazoak
Paradoxikoa badirudi ere, gaur egun, ETB2ren arrakastak ez dio inongo onurarik ekartzen euskarazko kanalari. Eta, aldi berean, ETB1en erabateko porrotak aurretik eramango luke bigarren kanala. Oraintsu arte, EITBren bi kanalen izateko arrazoiak eta eraginkortasuna neurtzeko parametroak desberdinak izan dira. Eta bi kanaletan halamoduz gorpuztuta banagarriak eta bakoitzak bere aldetik funtziona ahal izango balute bezala kontsideratuak izan dira.
Berpiztu da eztabaida eta irekita mantenduko da harik eta hemengo telebistagintza bere osotasunean ulertu beharra dagoela onartu arte. Euskal Herriko ikus-entzunezko panorama orokorrean, zentrala eta nagusia baina beste kanalekin (satelite eta kable bidezkoekin eta emisio eremu handiko zein lokala dutenekin) lanean aritu beharko duela konturatu arte. Hemengo telebistak, egitura mediatiko propioa eraikitzeko bidean sekulako indarra eta pareko eginbeharra, informazio eta erreferentzialtasun propioa bideratzeko agindu garbia eta hezkuntza-sistemarekin batera hizkuntzaren normalkuntzaren bidean lehentasuna dauzka. Eta zeregin hauetan ezin dira ardurak kanalka banatu, baten kale egiteak bestearen gainbehera dakarrelako. Momentu honetan, ETBn bizi den nortasun arazo larriak bikoiztasun baztertzaile horren etorkizun eza erakusten du.
Euskarazko kanalean, audientzia datu baxuek, «kirolak eta marrazki bizidunak» eredua agortuta dagoela eta kronifikatu den ilusio faltak alarma piztu du. Sukarraren kontrako botikekin hasi aurretik, arazoa sakonagoa dela ikusteko hausnarketa hasi dela diote. Beharrezkoa izango da. Momentu honetan, kontuan hartu beharrekoen artean daude, beste askoren artean, ETB2ren audientzia-kopuru zaletasuna, alegia, Estatu espainiarretik datozen kanalen lehia hutsean jartzen gaituena, bestelako helburuetatik urrunduta. Baita, digitalizazioak ekarriko duen panorama aldaketan telebista-merkatua gehiago zatikatuko dela eta hor kanalak definituta eta sozialki sustraituta egotea beharrezkoak izango direla. Gainera, audientzia-datuak, ez dira izan ezta izango ere, eraginkortasuna neurtzeko faktore bakarrak.
Helburu estrategikoetan sintonian jarri beharra dute ETBren egungo bi kanalek eta bide horretatik eskaintza berezituak eta markatuak eraiki. Formula magikorik ez dago, baina ETB1ek informazioaren zentraltasuna bereganatu beharra du, eztabaida politikoari eta sozialari lekua eginez. Umearotik aurrerako bidea egiten dutenei eskaintza eredu ausartak eta freskoak zabaldu. Kirolak ez du audientzia-leialtasunik sortzen baina zergatik ez probatu kanal bien arteko ikus-entzuleriaren transferentzia teknikak.
Maiz entzuten dugun porrotaren errua norena izan den eztabaida antzua da zeharo. Horregatik, ETB2 ezin da euskarazko kanalaren hutsegite kuantitatiboari so gelditu, konturatu gabe, bera ere legitimazio eta nortasun faltaren eraginez odolustu daitekeela. Hori bai, euskara eta euskal kulturaren erreferentzialtasunean eta informazio tresna propioa izan behar horretan bere jarrera aldatu beharra du. ETB2 da, zalantza barik, euskarazko kanala kuantitatiboki indartzeko dagoen tresna garrantzitsuena. Hemengo telebistagintzak, baita ETB2ren bitartez ere, programak eta aurkezleak, edukiak eta osagarri formalak, euskararen presentzia zabalduz eta duinduz (hitzez, azpitituluz...) joan beharra du. Sinergia hitzaren esanguran pausu zehatzak eman beharra dago. Bidea eginez estropezuak egiteari beldurrik gabe.
Anjel Lertxundi, 2005eko uztailaren 8an:
ETB1, oraina eta geroa x anjel lertxundi (Idazlea)
Bost sekuentzia gidoi baten bila
Lehen sekuentzia. Historia osoko euskarazko hedabide guztiek batera baino diru gehiagoko pagotxa jasoko omen zuen urtero. Modernitatearen eta teknologia berrien ereinotza bereganaturik, euskarari txirbilak eta bi aterako omen zizkion. ETB. Euskalduna eta telebista. Euskara betikoa eta hedabidea etorkizunekoa. Uztarturik.
1982 urteko gabonak. Euskaldungoak oso ondo gogoratzen du gau hartako poza. BainaÉ
Bigarrena. Baina ez dugu poz hura berrituko.
Gehiegi espero genuen? Gutxiegi eman digu? Gehiago eman zezakeen, gutxiegi eman digu. Hedabidea hor zegoen. Dirua eta baliabideak ere bai. Eta profesionalak: profesional zirenak profesionalago egin dira bertan, profesionalak ez ziren beste asko bertan egin dira profesional. Asko, onak.
BainaÉ
Hirugarrena. Baina hedabidearen izenak Euskal du adjektibo, Telebista substantibo. Telebistak behar du, bai, substantibo: hedabidearen legeak, genero ugarien dinamika eta estrategiak, audientziaren borrerotzaÉ
Televisión Española eta Télévision Française ere adjektibo eta substantibo banaz osatutako izenak dira. Hizkuntza jakin batean emititzen dute, baina telebistaren legeen araberako programazioa, errealizazioa, hizkuntza eskaintzen dituzte. BainaÉ
Laugarrena. Baina galtzear dagoen, normaltzeko dagoen, erabilera-arazo larriak dituen hizkuntza baten kezkarik gabeko hedabideak dira. Geureak ez bezalako kezkak dituzte hizkuntzari buruz. ETBren euskal horrek ezin du española edo française adjektiboen parean egon: ez haiek baino gutxiago delako, baizik euskararen egoera ez delako haiena. Garen bezala jokatu ordez haiek bagina bezala ibiltzetik datozkigu arazoak: hizkuntza kontuetan, ETBk ezin du haiek bezala jokatu.
Eta ez luke jokatu nahi, uste dut hainbeste aitortu behar zaiola: alde ezkorrak eta hanka-sartze nabariak salatzera emanak bagara ere, ETBri ezin zaio euskararen kezkarik ukatu.BainaÉ
Azken sekuentzia. Baina asko dira ahuleziak. Bat aukeratuko dut: euskararen kontuetan, defentsiban ari den hedabide bat da ETB; arazoak non, adabakika jokatzen duena; arauaren ustezko errespetuz, hizkuntzaren bizitzari errespetua galtzen diona; inertzia sorgortuen sarean harrapatua; eragin lezakeen baino gutxiago eragiten duena; hedabidearen eta, batez ere, euskararen barne-muinetatik sortutako estrategiarik gabea.
Horri, estrategia faltari, deritzot arazorik larriena.
Estrategia horrek ezaugarri bat luke nagusi: sortzailea. Balio akademiko, arau-emaile, zuzentasunezko eta nahi diren zera guztiak euskarazko sorkuntza indartzeko bideratuko duena naturaltasuna helburu, batez ere naturaltasuna!, eta ez sorkuntza oztopatzeko. Telebistaren nolakoa hausnartu eta aurrera aterako duena. Eredu propio baten bila arituko dena. Benetako modernitatearen izenean zerbait berria eskaintzeko bokazioa izango duena, ez fashion klubeko azken emaitza baten imitazio berri ustea.
Sorkuntza, ausardia, aurrera egiteko estrategia bat. Horrek nora eramango gaituen? Ez dakit. Baina egunero ikusten ari naiz nora garamatzan orain artekoak.Zertarako telebista? Telebista bat izateko?
Bingen zupiria ETBko zuzendaria), 2005eko uztailaren 9an
Inor ez da konforme ETB1ekin
ETB1i kritika asko egiten zaio. Eta, kasu gehienetan, oso kritika gogorrak. Kritikarik gehienak oso ikuspegi mugatuetatik edo interesgune berezietatik egiten zaizkio gainera, telebistak bere osotasunean zer egin behar lukeen kontuan hartu gabe. Eta kritika egiterakoan dena da ahuldadea. Argitaratzen diren kritikei kasu eginez gero, iduri luke inor ez dagoela konforme ETB1ekin eta euskarazko telebistak hogei urtean ez duela pauso bakar bat aurrera eman eta ez duela batere indargunerik.
Euskaldunok telebista asko ikusten dugu: egunean hiru ordu eta erdi ematen ditugu, batez beste, telebista aurrean. Hala ere, beste asko dira batere edo oso gutxi ikusten dutenak, orokorrean gaur egun egiten den telebistak interes berezirik pizten ez dielako eta telebista aurrean egon baino, beste gauza batzuk egin nahiago dituztelako. Eta esango nuke euskarazko telebista kateak zer izan beharko lukeen iritzia ematen dutenen artean telebistazale gutxi dagoela. Edonola ere, telebista gidatzeko ardura dugunoi, nahitaezkoa zaigu ikuspegi kritikoak egotea egiten dugun lana galbahetik pasatzen laguntzen baitigute eta oker egon litezkeen gauza asko zuzentzen laguntzen baitigute. Baina kritikak entzuteaz gainera, indarguneak non dauden ere asmatzen jakin beharra daukagu, horiek indartzeko eta horietan oinarrituz indarberritzeko. Eta esango nuke zorionez indarguneren bat edo beste ere badugula.
Nik ere ahuldade handiak ikusten dizkiot ETB1i. Batzuk, dudarik gabe, telebista gidatzen dugunon erabakien ondorio dira. Baina, bestetik, esango nuke ETB1 beste telebista askoren modura bizi den gizartearen eta garaiaren ispilu dela eta iruditzen zait euskararen inguruan sumatzen diren gora-behera guztiak islatzen direla gure telebistan: sortzaileak batetik eta merkatua bestetik; modari eta tendentzia berriei jarraitzeko zailtasunak; arrakasta duten produktu gutxi; kanpoko erreferentzia asko; eta ikusle-entzule-erosle-kontsumitzaileak militantzia garaiko joerak alde batera utzi eta inguruari begira, nork zer eskainiko, hizkuntza bitarteko bihurtuta eta ez helburu, produktu interesgarrien bila.
Asko da euskarazko telebista kate bakarrari eskatzen ziona, eta nekez lor dezake ETB1ek eskari guztiei erantzutea. Ez zait erraza iruditzen ipurdi bakar batekin horrenbeste aulki betetzea eta, herri honen tamaina ikusirik, ez dakit gaitasunik daukagun zulo guztiak betetzeko adina sortzaile, ikusle, protagonista eta abar aurkitzeko.Baina euskarak badu telebista bat eta horrek ezartzen dizkigun erronkei erantzutea dagokigu. Agian, euskarazko telebista berriz definitzeko ordua iritsi da: zertarako nahi dugun pentsatu, helburu berriak ezarri eta lehentasunak non dauden erabakitzeko tenorea.1. Euskararen premiei lotua. Dudarik ez daukat telebistak ekarpen handiak egin ditzakeela euskararen normalizazioan. Batez ere, hizkuntzaren transmisioan eta aisialdira lotutako esparruetan. Hor ere lehentasunak ipini beharko ditugu. Inoiz baino haur eta gazte euskaldun gehiago dauzkagu baina ez dute euskararik hitz egiten eskolatik kanpo. Aisialdirako, eskolako edukiekin eten eta ongi pasatzea dute helburu. ETB1ek euskaraz egindako produktu arrakastatsuak eskaintzeko gai izan beharko luke, eta helburu bezala lehenetsi beharko lituzke haurrak, gazteak eta familiartea eta horientzako programak egin, batez ere. 2. Profesionala. Telebistagintzak bere legeak ditu, eta guk ez ditugu, nahita ere, horiek aldatuko. Telebista entretenimendurako tresna bihurtu da, batez ere. Oso adi begiratu beharra daukagu zer dagoen inguruan eta munduan, antzeko programak egiteko euskaraz. Euskal ikusleen joera eta interesak ongi ezagutu behar ditugu, eta ahalik eta publikorik zabalenetara iristen ahalegindu. Horretarako, EiTBk bere inguruan ditu telebistaren arloan Euskal Herrian dauden komunikatzaile, kazetari, gidoilari, aktore, esatari, errealizatzaile, sortzaile eta teknikaririk hoberenak. Lankide hauen gaitasuna etengabe trebatzen eta profesional berriak aurkitzen nahitaez saiatu beharko du euskarazko telebistak.3. Lehiakorra. ETB1k ez luke deskuidurik izan beharko honetan. Euskarak produktu arrakastatsuak behar ditu. Eta arrakastak, batez ere, audientzia esan nahi du. Eta audientziak moda esan nahi du. Badakit zaindu beharreko beste arlo batzuk ere badirela, eta horietan ere ez genuke huts egin beharko. Baina produktu arrakastatsurik gabeko euskarazko telebistak jai du. 4. Aktualitatea. Euskaraz egiten den telebistak aktualitateari lotua egon behar du. Eta aktualitatea esanahirik zabalenean hartuko nuke. Gure gizarteko gertakizunen ispilu izan behar du eta aktualitearen arlorik gehienetara iristeko gai izan behar du.5. Gaur egungoa. Euskaraz egiten den telebistak oso adi jarraitu behar ditu munduan zehar ageri diren tendentzia berriak. Bizi dugun garaiko telebista egin behar dugu eta modernitateari lotuta agertu behar dugu. Bai formatu berrietan, bai irudiaren diseinu eta eszenografiaren arloan, ETB1ek telebista aurreratua izan behar du.
Allande Boutin, 2005eko uztailaren 10ean
ETB1, oraina eta geroa x ALLANDE BOUTIN (Kazetaria)
Txori txikiak esan dit
Ttipia nintzela handiek zerbait jakiten edo sumatzen zutela, «txori txikiak esandakoari esker» jakinean zeudela zioten ... Euskal Herrian ETBren txoriak mende laurden batez kasik, berriak, entretenimenduak, kirolak, kultura kantatzen dizkigu. Euskal hiztunok berari esker, euskaraz hainbat gauzz jakinean gaude.
Azken bolada honetan, txoriak ahotsa nolabait galdu duela entzun dugu. Zenbait luma galdu ere bai entzun-ikusleen zati batek ETBko habiatik alde egin omen baitu, inkesten arabera. Habia nagusian, Iurretan, hegalaldi berriaz gogoetak egiten hasi dira. Espeziea salbatzeko eta berriz indartzeko. Orduan zer artatze mota behar du txoriak?Ez nator lezioen ematera, ez bainaiz telebisten arduradun ez eta kritiko zorrotzenetakoa, nire ETBko denboraz akordatu orduko oroitzapen onak nagusitzen baitira. Halere gauza pare bat adieraz nezake geroaz. Txoriak hegalak sendo ditzan, audientzietako aireetan gora berriz igo dadin, bihi edo ale eusko labeldunak emango nizkioke. Hau da, euskal sena duten programak indartu behar lirateke. ETBk ezin baitu gainontzeko telebisten euskarazko itzulpen soila izan. Bestela ez du sekula aseko euskal telebista publiko baten gosea. Diferentea izan behar du, eta ez hizkuntza aldetik bakarrik... Adibidetxo bat: mundu osoan zabaldu diren reality show deitutakoak zergatik egokitu gurean? Hain ezberdin baldin bagara, horrelako jokoetan nola onar taldeko ahulena den kandidatoaren baztertzea edo kanporatzea? Zergatik ez gure balioak bultzatu, hala nola, auzolanarenak? Ekipokide oro helmugara eraman litzakeen taldea garaile izanez !
Ona dena (eta bada) aipatu orduko, Sautrela, Euskal Herritik, Post data, Lau haizetara, Sustraia, Hitzetik hortzera saioak gogorat heltzen zaizkit besteak beste. Albistegiak (kirolak barne) eta mahai inguruak ahantzi gabe. Informatibo zerbitzuek maila dute, benetan, etxeko zein kanpoko berriak zabaldu orduko (ikus besterik ez, korrepontsalen nazioarteko sare bikaina). Halere, txori espezie gehiago entzuteko gura nuke: euskaraz ez dakiten hauetakoak alegia, beren adierazpenak izan ditzagun, euskaratuak, Teleberri itxaron gabe! Iparraldearen orena-z gain, hemengo berri inportanteenak kabitu beharko ziren Gaur egun-en, Nafarroako notiziek beren tokia duten bezala. Azkenik, nazioarteko gaiak euskal ikuspuntutik, gure sentsibilitatez gehiago aztertzea ez litzateke gaizik izanen; jadanik halako bidaiak egin ditu txoriak. Afrika aldera, esaterako, kooperazioa aipatzeko, arras ongi. Bukatzeko, instituzioek dagitena azaltzea zuzena bada ere, kritikoa izanik, ez litzateke makala izanen ETBk galduko balu bere kutsu nahiko instituzionala.
Txoriak badu zer egin, zer bil, larrazkenari begira... Baina bere kantuaren entzuleak esker txarrekoak gara azken denboretan. Gu gero eta guttiago izanik iraun dezake aidean? Asko eskatzen zaio, baina, aldi berean, ze erraztasun handiz goazen erdal txorien entzutera, eta ez beti hobeak direlako... Gure bertze kontresan bat? ETBk behar gaitu noski, baina txoriak jakin beza behar dugula ere.
http://www.berria.info/blogak/urtzi/index.php?blog=21&title=etb1_ezbaian_1&more=1&c=1&tb=1&pb=1