Hemen zaude

JOSI BASTERRETXEA: «ETB2 kateak gaizki elikatutako bonsai bihurtu du ETB1»

KOMUNIKAZIOA. ETBK 30 URTE: IRAGANA ETA ETORKIZUNA (IV). JOSE INAZIO BASTERRETXEA. ETBKO KAZETARI OHIA ETA EITBKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUKO KIDEA

ETB1ek, ETB2tik aske izateaz gain, irratiko eredutik ikas dezala proposatzen du.

ETBko kazetaria izan zen garai batean Jose Inazio Basterretxea (Galdakao, Bizkaia, 1959). EHUko irakasle da gaur egun.


ETB euskara eta kultura sustatzeko jaio zen. Hala dio 1982. urtean onartu zen legeak behintzat. Legea 30 urteotan bete dela iruditzen zaizu?

Bai eta ez. Ezin da ukatu ETBk euskararen aldeko apustua egin duela; nolabaitekoa, baina. Hortxe dago arazoa. Egia esan, ETBrik gabe, euskararen garapena beste bat izango zen. Baina, egia zor, etsigarria izan da gutako askorentzat ETBk euskarari egin dion tokia bere programazioan. Oso bigarren mailako izan da euskara beti, eta hala da egun ere. Aldaketa handiak beharko dira —legebiltzarrean, administrazio kontseiluan eta zuzendaritza nagusian— erdararen aldeko joera historiko hori aldatzeko eta euskararen aldeko apustua benetakoa izan dadin.

1986tik ETB2 egoteak zer eragin izan du ETB1en?

ETB2ren eragin handiena izan da ezabatu egin duela ETB1etik ezaugarri jeneralista, alegia telebistaosoa izateko aukera, desplazatu egin duelako erdarazko katera edukien sail handi bat. ETB2k gaizki elikatutako bonsai bihurtu du ETB1. Hezurretan utzi du euskarazko katea. ETB1entzat, ez da lagun ona izan ETB2.

ETB2 kateak gutxi egin du euskararen normalizazioaren alde. Ba al zuen kate horrek beste zerbait egiterik arlo horretan?

Bai, dudarik gabe. Kontua da ETB2ri etekin politiko berehalakoa eskatu zaiola; hor finkatu dituzte atzaparrak lehengo eta oraingo Jaurlaritzek eta zuzendari nagusiek. Ez dute betarik hartu bestelako lanak agintzeko ETB2n. Botoei begira diseinaturiko katea izan da ETB2; ez zerbitzu publiko integral, moderno eta autozentratua egiteko. 

Duela urte eta erdi, BERRIAn esan zenuen ETB1en diseinua zaharkituta zegoela eta ez duela asmatzen euskaldunekin konektatzen. Zergatik?

Ez du konektatzen gurekin, arrotz garela sentiarazten digulako. ETB1en, euskaraz da diskurtsoa, baina edukiak hein handi batean erabat arrotzak zaizkigu; ez daude diseinaturik euskaldunongan pentsaturik. ETB2ren segidismo ikaragarria egiten du ETB1ek. Kopia egiten du —albistegietan, adibidez—, eta zuri-beltzezkoa da kopia, mundua eta originala koloretakoak diren arren. Irratiak bestelako arrakasta du euskaldunen artean. Arrazoi asko egin daitezke horren atzean, baina bat oso nabarmena da: Euskadi Irratia askea dela Radio Euskaditik; erredakzioak eurak ere fisikoki aparte daude, eta horrek bidea ematen dio euskarazkoari beregaina izateko. Atzeko patioan bizitzera kondenatu gaitu ETB1ek euskaldunak; ETB2k, berriz, kale nagusiari begira dagoen balkoia eman die erdaldunei. Diseinu berria behar du ETB1ek. Diseinu horretan, bi ardatz landu behar dira: bat, ETB2tik aske izatea; eta, bi, arrakastatsua izan den irratitik ikasi eta harenganako sinergiak sortzea. 

Azkeneko hiru urteetan EITBko administrazio kontseiluko kidea izan zara. Kontseilu horrek eraginkortasun praktiko handirik ez du, ezta?

Administrazio kontseilu hori oso lerratuta dago legebiltzarrean gertatzen denera: han zer, hemen hura. Administrazio kontseiluak dituen barne kontraesan nagusiak eta paralisi operatibo nagusiak zerikusi zuzena dute kontseiluaren beraren osaerarekin: kiderik gehienak alderdi politikoetako komisarioak dira.

Aralarrek, duela urte eta erdi luze, ETBk ararteko finkoa izatea proposatu zuen. Zertan lagunduko luke horrek?

Hedabide publiko eta modernoetan, ezinbestekoa da arartekoa, entzule-ikuslearen babeslea izango dena. Erakunde publikoa den heinean, EITBk badu gardentasun eta neutraltasun saihetsezin eta eskisito bat gorde beharra herritarrekiko. Hori da arartekoak bermatu behar duena.

Zuzendaritza honek ETB1eko eduki zuzendari kargua sortu zuen. Baina Rosa Diez Urrestarazuk bakarrik bost hilabete egin zituen karguan. 

EITBko Zuzendaritza Nagusiari proposatu zitzaion lantalde bat sortzea, ETB1en edukiei buruz eztabaidatzeko. Eskatu zitzaion lantalde horretara deitzeko telebistan eta euskal kulturgintzan jantzita zeuden hainbat pertsona. Taldea sortu zen, baina ez zuen aurrera egin. Dakidan apurraren arabera, ez zitzaien batere kasurik egin ez taldeari, ezta zuzendariari ere. ETB1en gainbehera geratzeko, eztabaida sakona behar da. Eta beldurrik gabea. Euskaldunek eurek parte hartu behar dute saltsa horretan... Eta zuzendaritzak izua izan dio horri; ez da gai izan eztabaida hori aktibatzeko.

Zer eredu planteatzen duzu ETB1erako?

Eredua baino gehiago, filosofia bat planteatzen dut. Alegia, EITBk ulertu behar du euskaldunak hazi eta heldu egin garela —aspaldi—, adinez nagusi garela. Atzean utzi ditugula panpinak eta mekanoak.

Aste honetan, EITBko Administrazio Kontseiluak erredakzio estatutua onartu du. Zer onura ekar diezaioke horrek EITBri?

Lan tresna interesgarri bat da. Informazio ekoizpenean baliagarria izango da. Gainera, oraingo egoera hobetzeko balioko du. Iraganean, zentsura ekintza batzuk egon dira, eta horiek gainditzeko baliagarria izango da. Informazio kudeaketan demokratizatzeko ere ona izango da, joko arau eta joko zelai bat markatzeko.

 

URTZI URKIZU - BERRIA 2012.11.04

http://paperekoa.berria.info/agenda/2012-11-04/028/001/etb2_kateak_gaizki_elikatutako_bonsai_bihurtu_du_etb1.htm