La, 2012/10/27 - 10:29 — Nagusia
Egin dute berba EAEko boto-kutxek eta jeltzaleak erraz gailendu dira. Ez da, beraz, abentura-haize handirik izango bazterretan, baina dudarik ez berandu baino lehen aldaketak izango direla EiTBn. Hiru gogoeta, horren harira.
– EiTB erakunde publikoa da, baina horrek ez du esan nahi unean uneko hauteskunde-emaitzen menpe egon behar duenik. Beronen izaera eta eginbideari buruzko kontsentsu zabala berritzeko garaia da (ez gaude duela 30 urteko kinka berean), eta, behin hori erdietsita, aginte politikoarekiko daukan autonomia sendotuko duten neurriak sustatu behar dira.
– EiTBk ez luke jarraitu behar izaten diglosia zurkaizteko tresna, bere hedabide batzuek ez lukete segitu behar euskaldunak gaztelaniaz berbetan jartzen, populazio-sektore zabal bati hizkuntza-errealitate jakin bat ezkutatzen eta monolinguismoan eroso bizitzeko makulua eskaintzen. Telebistara etorrita, pentsa dezagun, Josu Amezagak planteaturikoari jarraiki, ez soilik euskal hizkuntza-komunitatea, ezpada gizarte osoa artikulatzeko funtsezko erreminta izango den ETB eleanitza, euskara ardatz nagusi izango duena eta egun eskura ditugun aukerak baliatuta (audio duala, azpidatziak) euskara ez dakitenak ere bere programaziora erakarriko dituena.
ARGIA 2012.10.27