Euskal Herriko eta Kataluniako telebista publikoaren eginkizuna aztertu dute Bilbon, nazioarteko kongresuan Krisia eta politikak. Irrati -telebista publikoa ikusmiran, Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko II. Nazioarteko Kongresua egiten ari dira EHUk Bilbon duen Bizkaia aretoan; atzo hasi, eta gaur amaituko da. Telebista publikoa eta hizkuntza eta kultur eremuak mahai inguruan parte hartu zuten Pompeu i Fabra Unibertsitateko Josep Gifreu Kazetaritzako katedradunak eta EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko Josu Amezaga irakasleak.
Hizlari biek nabarmendu zuten komunikabideek hizkuntza gutxituen etorkizunerako duten garrantzia, hizkuntzen joan-etorrirako. Amezagak Europako hizkuntza gutxituen kasuak jarri zituen adibide gisa. «Europan intuizio handia dago kontu horretan; izan ere, ahal izan duten hizkuntza gutxitu guztiek telebista propioa sortu dute; ia denek dute telebista publikoa».
Gifreuk Ikus-entzunezko Hedabide Katalanen Korporazioaren (CCMA) lana azpimarratu zuen. «Katalanezko ikus-entzunezko komunikabideetan, estandarizazio eta normalizazio prozesuetan lan erabakigarria egin du. Izan ere, TV3k eta Catalunya Radioren hastapenetan, ez zegoen adosturik masa komunikabideetarako zein izan zitekeen ahozko hizkuntza egokia, eta, nolabait, hutsetik hasi behar izan zen».
Amezagak, berriz, gutxi batzuentzako zerbitzua dena guztion diruarekin ordaintzea zilegi den edo ez planteatu zuen. «Eskozian, esaterako, 90.000 pertsonak hitz egiten dute gaelikoz. Telebista finantzatzeko baldintza bat jarri zieten, 250.000 ikusle izatea, eta lortu dute; zifra hori gainditu egin dute, gainera».
Euskal Herrian ere auzi hori planteatu zen, eta orain dela 30 urte Euskal Telebista (ETB) sortu zen. 1986an, paradigma aldaketa eragin zuten, ETB2 katea sortu zuten, erdara hutsezkoa. «Hor muga bat jartzen zaio euskarazko kateari: 600.000 pertsonarentzat izan beharrean, hiru milioi pertsonarentzat izan beharko litzateke. Amezagaren iritziz, EITB «hizkuntza egoera diglosikoaren birsortzaile» bilakatu da, eta telebista publikoaren bigarren kateak euskara hutsezkoari baliabide material, giza baliabideak eta ikusleak xurgatzen dizkiola deritzo.
Eredua berraztertu beharra
Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa guztiz aldatu da EITBren sorreratik gaur egunera. Duela 30 urte Euskal Autonomia Erkidegoan %36k ulertzen zuen euskara; gaur egun, ordea, %60k, Eustaten datuen arabera. Euskal Herri osoan herritarren %50ek ulertzen du euskara. Hala ere, ezagutzan aurrerapen nabarmenak egon diren arren hizkuntzaren erabilera ez dela horrenbeste aldatu argitu du Amezagak, hori kontuan hartuz «euskaran zentratutako telebistaren aldeko apustua egin beharra dago. Ez euskara hutsezkoa, baina bai hizkuntza nagusia delarik».
Aldaketa teknologikoen eta digitalizazioaren eraginez, «kate bat, hizkuntza bat eredua aldatuz doa». Audio dualarekin bi hizkuntzatan eskaintzeko aukera dago, baita azpidatziekin ere. Gifreuk esan duen bezala, korporazioak itzulpen lan handia egin du ikus-entzunezko materialetan. 2005ean 2.200 ordu zeuden katalanera itzulita, hainbat generotan.
JONEBATI ZABALA BILBO