Hemen zaude

Greba Orokorra arrakastatsua. Eraso gehiago datoz.

M29ko Greba Orokorrak erabateko arrakasta eduki du Hego Euskal Herrian.
 
Lau Greba Orokor, bat gehiago sektore publikoan, eta parte-hartzea gero eta handiagoa izan da deialdi bakoitzean. Martxoaren 29koak jada hamarkadetako marka guztiak altxatu ditu bai grebaren jarraipenenak, baita mobilizazioetako parte-hartzeenak ere. Administrazioek ezarritako gutxieneko zerbitzuek grebari kalte egin badie ere, langile eta erabiltzaileok eragina oso argi ikusi dugu. Administrazioek emandako ohiko datu tranpatiak ere aurrekoetan baino handiago ematera behartuta ikusi dute euren burua:
 
Irakaskuntzan jarraipena oso handia, eta zentro asko batere irakaslerik gabe egon dira; Osakidetza eta Osasunbidean ere oso zerbitzu gutxi eman da ospitale eta arreta zerbitzuetan; Nafarroako zein EAEko administrazio autonomikoen menpeko langileen %80tik gorak egin du greba; herri eta hiriburuetako udal bulego eta zerbitzu gehien-gehienak itxita; EITB ohiko albistegiak bermatzeko langileak soilik; Lau herrialdeetako posta bulego sareak itxita; Justizia administrazioetan emandako jauzi kuantitatiboa ere nabaria bezain ezkutatua izan da.

 
 
Zorionak!
Greba Orokorra deiadar garrantzitsua izan da Euskal Herrian sektore publikoa desagertzea, lan baldintzak okertzea, soldatak eta prestazio sozialak murriztu eta enplegua suntsitzea nahi dutenentzako .
 
Grebarekin exijitu genien, eta exijitzen jarraitzen diegu, hartutako neurriak hemen ez ezartzea eta aldiz, zerbitzu publikoen garapenerako plan bat egin dezatela kalitateko enplegua sortu, eta politika publikoak aldatu ditzatela, pertsonen zerbitzuan jartzeko eta ez bankarienean.
 
Grebarako arrazoiak indartuta gertatu dira PPk Espainiar estatuko mahai orokorrean eta 2012rako aurrekontuetan egindako proposamenekin.
 
Mahai orokorrean
Soldata izozketa berria, asteko lanaldia 37'5 ordura zabaltzea eta lanpostu sorrerarik ez.
Hala  PSOEren zein PPren gobernuek administrazio eta zerbitzu publikoetako langileoi hazten doan “zerga” ezartzea erabaki dute, dagoeneko soldataren %15a badena.
 
Lanaldia handitzeak duen helburu bakarra bitarteko eta aldi baterako lankontratudun langileak kaleratzea da, eta gainera honek lan zamak handituko ditu.
 
2012ko aurrekontuak
Gastuaren kapituluan: Gastua 13.406 milioi eurotan murriztea.
2012ko aurrekontuak helburu argiak ditu: espainiar estatuak bankuei emandako dirutzek sortutako zor publikoaren interesak ordainduko dituela ziurtatzea, halaber, kapitalaren errententzat  onuragarri diren zerga politika injustua eta zerbitzu publikoen kudeaketan lagunkeria bermatzea.
 
Espainiar estatuak bakarrik aurten 30.000 milioi euro ordaindu behar ditu zorraren interesak direla eta; lukurreriazko interesak, bankuei euren akziodunen artean dibidendu itzelak banatzea ahalbideratzen dietenak. 30.000 milioi horiek ordaindu behar dira, baita hartutako neurri antisozialek bultzatuko duten atzeraldi ekonomikoak sortuko dituenak ere.
 
2012ko aurrekontuak bere osotasunean %16,9a murriztuko du gastua, eta batez ere osasuna, hezkuntza eta zerbitzu sozialetan eragingo du. Honi prestatzen ari diren zerbitzu publikoen berrantolaketaren eta  finantzazioaren legea gehitzen badiogu, sektore publikoaren suntsiketan oinarritutako eszenatoki berria edukiko dugu, menpekotasunaren legearen deuseztapena eta zerbitzuen prestaketan ber-ordainketaren zabalkunde orokorra ezaugarri izango dituena. Aurrekontu hauek justizian ber-ordainketa jasotzen dute eta, zalantzarik gabe, aurrekontuak zehazteko garaian osasun eta zerbitzu sozialetara ber-ordainketa hedatuko da.
 
Nahiz eta PPk behin eta berriz errepikatzen duen enpleguaren sorreraz eta langabetuen  egoeraz  kezka handia duela, murrizketak inbertsio publikoari eta enplegu politikei ere eragiten die,  gauzak dauden baino gehiago okertuz.
 
Hauek estatuaren aurrekontuak badira ere, esperientziak ongi frogatu digu EAE eta Nafarroako gobernuek egiten duten bakarra aurrekontu horiek hitzez hitz kopiatzea besterik ez dela. Beraz, ekiditen ez badugu, murrizketek bete-betean eragingo digute.
 
 
Sarreren kapitulua.
Xedea da 12.314 milioi euro lortzea sozietateen zergaren kenkarien murrizketaren, tabakoaren zergaren gehikuntzaren, eta paradisu fiskaletan edo deklaratu gabe dauden errententzako amnistia fiskalaren bitartez.
 
Adar jotze galanta, izan ere bankuek eta enpresa handiek euren zergen ordainketak jaistea eragingo duena %30etik %8ra kapitalak aberriratzen badituzte edota %10a diru beltza azaleratzen badute. Hau da iruzur fiskalaren aurka planteatu duten borroka guztia.
 
 
Ondorioa
Bidaia aprobetxatzen dute argi eta gas konpainiei opari bana egiteko, argiaren prezioa %7 eta gasarena %5 igoz.
 
Aurrekontu hauek enplegu publikoa eta pribatua suntsituko dute, eta are gehiago suntsituko dituzte osasuna, hezkuntza eta jendarte zerbitzuak, bankuen emaitza-kontuak eta euren akziodunen poltsikoak puzten jarraitzeko helburu bakarrarekin.
 
Soldaten eros ahalmena eta jendarte prestazioak murrizteak, enplegua eta zerbitzu publikoak suntsitzeak soilik atzeraldi ekonomikoan sakonduko du. Atzeraldiak hazkunde txikiagoa ekarriko du, zerga bidezko bilketa urriagoa, finantza espekulazioa handiagoa eta azkenik, zorra eta interesak handitzea  ere. Sorgin gurpila da.
 
Bankariek euren “erreskatea” azkartzeko diseinatutako aurrekontuak dira, , hau da, negozioa egiten jarraitzeko diru publiko gehiago ematea azkartzea.
 
Euskal Herrian ezin dugu denbora gehiagoan egoera hau jasaten jarraitu, hemen eta orain gauzak beste era batera egin daitezkeelako. Gehiengo sozial, sindikal eta politikoak ez dira berdinak, eta gure ekoizpen ehuna ere ez da estatukoaren berdina.
 
Euskal gobernu eta erakundeei exijitzen diegu politika publikoak aldatzeko, txikizio hau Euskal Herrian egitea eragozteko, eta kalitateko enplegu publiko eta pribatua sortzeko bidean benetako neurriak har ditzatela. Horretarako zerbitzu publikoak garatu, aberastasunaren bidezko banaketa egin, kapital errentek euren pribilegioak galduz, eta soldaten eros-ahalmenak hobetu behar dituzte .
 
Soilik mobilizazioak egingo du hau dena posible. Gehiengoaren interesak defendatzen ditugulako lortu dezakegu, eta egiten ez badugu, haiek politika berekin  jarraituko dute, herri bezala eta euskal langileria bezala hondamendira garamatzaten politikekin.
 
LAB - Zerbitzu Publikoen Federazioa
EranskinaTamaina
PDF icon INFO ZPF zorionak eta aurrera [eu].pdf808.39 KB