Hamabi urtez antenan egon ondoren, «Plató 2.0» eztabaida saioa kentzea erabaki duela adierazi dio ETBk Baleuko ekoiztetxeari, «formatu berriak probatu» nahi dituela argudiatuta. «Anitzele»k ere ez du jarraituko.
«Políticamente incorrecto» bezala hasi zen politika eta gaurkotasun eztabaida-saioa eta azken bi urteotan «Plató 2.0» izenarekin ezagutu duguna programazio parrilatik kendu du ETBk. Azken hamabi urteotan emititu duen saioaren ordez, «formatu berriak probatu» nahi dituela adierazi dio Baleuko ekoiztetxeari.
Albistea «harriduraz» jaso dutela adierazi zion GARAri Edu Barinagak, Baleukoko gerenteak. «Gure kontratuaren parte bat abenduan bukatzen zen. Hasiera batean hurrengo denboraldirako aurreplanetan sartuta zegoen saioa, eta egun batetik bestera esan ziguten ez zutela jarraituko gure programarekin».
Telebistako zuzendaritzak emandako arrazoia neurri batean ulertzen dutela azaldu zuen Barinagak. «Esan ziguten `Plató 2.0' ikusita zegoela azken bi urte hauetan, eta zergatik ez beste proiektu eta formatu bat bilatu. Baina printzipioz, beste formatu bat nahi baduzu, logikoena da orain arte lanean egon den enpresari eskatzea, nahiz eta beste enpresa batzuei ere eskatu. Baina guri ez digute ezer eskatu, eta guk dakigunez, ez daukate mahai gainean beste proiekturik».
Hamabi urteotan Karmelo Vivancok zuzendu du saioa eta bost lagun ari ziren programa honetarako lanean. Azken saioa abenduaren 21ean emititu zen. «Gauden garai hauetan, programa bat egun batetik bestera jaustea oso berri txarra da guretzat, min handia egingo diguna», aitortu zuen Barinagak.
Bestalde, K2000 ekoiztetxearen «Anitzele» saioarekin ere ez du jarraituko ETB1ek. Xabier Euzkitzek Joana Lasherasekin batera aurkezten duen elkarrizketa saioa bertan behera utzi du zuzendaritzak.
GARA 2012.01.03