Lopez: «ETBk zerbitzu publikoa izaten jarraitu behar du, euskara sustatu eta aniztasuna ordezkatzeko»
Inoiz Eusko Jaurlaritzako lehendakari batek egin ez duena Patxi Lopezek egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrean: herritarrei ETB ikustea eskatu. Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak legealdi honetako ETBko aldaketei buruz galdera egitean eman zuen erantzuna Lopezek. ETB ikustea eskatu zuen lehendakariak, «hori egitea merezi duelako». ETBren irizpide editorialean aldaketa nabarmenak izan direla aitortu zuen, bide batez.
ETBren aldeko hainbat azalpen eman zituen atzo Gasteizen Lopezek: «EITB izan zen autogobernuaren konkistarik handienetakoa. Batzeko balio du, eta herria egiteko». Kate publikoa pribatu bihurtzea baztertu zuen, bide batez, «egundoko atzerapausoa litzatekeelako». «ETBk jarraitu egin behar du herritarrentzako zerbitzu publikoa izaten, euskara sustatzeko, balio demokratikoak zabaltzeko eta gizarte honetako aniztasuna ordezkatzeko. ETB ikustera dei egiten dut, beraz, merezi duelako».
Bestalde, Lopezek maiatz hasieran ETB2ko Vaya semanita saioa ikustea gomendatu zien Legebiltzarrean euskarazko klaseetan huts egitea kritikatu zuten oposizioko legebiltzarkideei. Badirudi ETB2ko programak ikusten dituela Lopezek. Lehendakariak ez du argitu ETB1eko eta ETB3ko euskarazko saioak ikusten dituen.
Ikusle datuak beheraka
Patxi Lopez iazko maiatzean izendatu zuten Eusko Jaurlaritzako lehendakari. EITBko zuzendari nagusi kargurako Alberto Surio kazetari donostiarra proposatu zuten, eta uztailaren 18an izendatu zuten PSEren, PPren eta UPDren aldeko botoekin. EAJ, EA eta EB abstenitu egin ziren, eta Aralarrek kontra bozkatu zuen. Suriok, halaber, Donostian jaiotako Miguel Angel Idigoras kazetari euskalduna hautatu zuen ETBko zuzendari kargurako.
Ordutik, ETBko ikusle datuek beheraka egin dute nabarmen. ETB1 kateak %3,9ko ikusle kuota izan zuen 2009ko uztailean, eta 2010eko maiatzean, %2raino jaitsi da; batez besteko hori da euskarazko kateak izan duen txikiena ikusleak neurtzen hasi zirenetik. ETB2 katearen jaitsiera ere oso nabarmena izan da: 2009ko uztailean %12,8ko batez besteko kuota zuen, eta joan den hilean, %9,5eraino jaitsi zen. 1993. urteko udatik ez du hain datu txikirik izan ETB2 kateak.