Hemen zaude

EITB, ezintasuna eta utzikeria, estrategia... ala denak nahastuta?

EITB, ezintasuna eta utzikeria, estrategia... ala denak nahastuta?

Atzo, Gasteizko parlamentuan, kultura (?) sailburuak EITBko zuzendari nagusiak lagunduta bi datu oso esanguratsu plazaratu zituen, biak EITBren apustu estrategikoarekin lotura zutenarekin. Lehenak, Jaurlaritzari EITBk dion axolaren neurria zehaztu egin zuen: iaz baino %8'4a gutxiago. Bigarrena berriz, programa kontratu berririk ez duela egingo, hain zuzen ere komunikabide publikoari eta sektoreari hiruzpalau urterako egonkortasuna bermatu zezakeena. Beste atal batean ere, plantilaren murrizketarako asmoa berretsi zuen, 140 inguru aurrejubilazioen bitartez.

Aspalditxo genuen kezka izugarri puztu du albisteak, eta tamainako erantzuna eta jarrera eskatuko digu ( bertan,) urte mordoa lanean dihardugun langileoi euskal komunikabide publikoa defendatzen jarraitzeko. Halere, eta gai hau eta errotzen ari dien beste asko behar diren foroetan aztertu aurretik (sail sindikalak, batzarrak, langile batzordeak...), dagoeneko hiru gogoeta luzatu nahi ditu EITBko LABek.

Mugimendu hauek inprobisazioa edota ezintasunaren ondorio dira? Beste era batera galdetuta, programa kontratua edukita ere, zuzendaritza hau gai izango ote zen aurrera eramateko, diru kontuak aparte utzita?
Bestela, aurretik diseinatutako estrategia bati erantzuten al diote? Hau da, azken helburua ez ote da EITB minimotan utzi, bakarrik kudeatzaileez osaturik, gainontzeko lan guztiak azpikontratatuz?
Mugimendu inprobisatuak zein estrategikoak izanda ere, EITBren egoerari erantzuten al diote soilik, ala zerbitzu publiko guztiei egiten zaien eraso baten barruan ere kokatzen al dira? Hau da, krisialdiaren aitzakia erabiltzen da administrazio publiko guztiak husteko eta kudeaketa pribatua bultzatzeko?

Galderak ez dira inozenteak, eta akaso ez dute erantzun bakarra izango. Izan ere, ez dakigu nork duen lema, ez EITBn, ez Jaurlaritzan, ez eta Estatuko gobernuan ere, inprobisazioaz edo estrategiaz hitz egiten ari garen jakiteko. (Horietako edozein eszenatoki, halere, ukatzeko modukoa).

Amaitzeko, beste galdera bat bota genezake, hau da, hainbeste kostatu zaigun plantila estrukturala zehaztea eta defendatzea, besterik gabe husten utzi behar al diegu? Zuzendaritzak proposamena “kontsentsuatu” nahi duela esan omen du, eta hain zuzen ere pasa den astean, aspaldi adostuta zegoen ETBko lan poltsa ez sinatzeko aitzakia nahiko kontsentsurik ez zegoenaren (sindikatuen %93a “soilik”) aitzakia jarri zuen. Hala bada, plantila husteko ere ez du kontsentsurik edukiko, LABek ez baitu onartuko.

Euskal Herrian, 2010eko urriaren 7an
LAB - EITB