Hemen zaude

BERRIA: Garestiagoa da 'Aspaldiko' egitea 'Arratsaldero' baino

ETB2ko magazinearen egun bateko prezioa 15.500 eurokoa da, eta ETB1ekoarena, 11.000 eurokoa

Gaztelaniaz bi ordu eta erdiko magazine bat egitea dezente garestiagoa da euskarazko bost orduko magazine bat egitea baino. ETBko zuzendaritzak Aralarrek egindako galdera bati emandako erantzunak hori ondorioztatzen du.

ETB1eko Arratsaldero saioko lan taldea hemeretzi profesionalek osatzen dute. Programaren eguneroko prezioa 11.000 eurokoa da, eta irailetik abendura arteko aurrekontua 728.000 eurokoa izan da. 15:00etatik 20:00etara irauten du magazineak.

ETB2ko A2, Aspaldiko magazineak euskarazko iraupenaren erdia du, baina jende gehiagoren artean egiten dute: 24 profesionalek osatzen dute lan taldea. Saioaren eguneroko aurrekontua 15.500 eurokoa da, eta irailetik abendura arteko aurrekontua, 1.167.328 eurokoa. Horrenbestez, ETBri gaztelaniazko saioa udazkenean 439.000 euro gehiago kostatu zaio euskarazkoa baino.

Arratsaldero-ko hemeretzi langileetatik hamazazpi K2000 ekoizpen etxeak kontratatu ditu, lan kontratu baten bidez. Bi aurkezleak EITBk kontratatu ditu. A2, Aspaldiko-n, 24 langileetatik 22 Sirimiri ekoizpen etxeak kontratatu ditu —Antxon Urrosolo da arduraduna—. Bi aurkezleak EITBk kontratatu ditu.

Aralarreko legebiltzarkide Mikel Basabek azaroan egin zituen aurreneko aldiz bi magazineen inguruan idatziz erantzuteko galderak. Eta abenduan eman zituen Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak erantzunak, arestian aipatutako datuekin.

Dena den, Aralarrek beste bi galdera egin ditu, eta oraindik ez du erantzunik jaso. «Abenduaren 15ean jasotako erantzunetan esaten denez, Arratsaldero saioan hemeretzi pertsona ari dira lanean, eta A2, Aspaldiko saioan, 24. Hori kontuan izanik, lanpostuen erlazioa bidaltzea eskatzen dizuegu, lanpostu bakoitzaren definizioa eta lan horietako bakoitzean zenbat langile ari diren zehaztea», eskatu du Aralarrek. Iraupenaz ere galdetu du. ETB1ekoak ETB2koa bikoizten du.

Urtzi Urkizu - BERRIA 2011.01.25
http://paperekoa.berria.info/agenda/2011-01-25/030/003/garestiagoa_da_as...