Ikus ETBren logoa. Euskaldun ikusleria galdezka ari da ez ote dion ETBk txoriari hegoa moztu, eta badakizue kantuak zer dioen. Xoxuak burua, begiak galtzen dituenean... gaixua, nola kanta, nola xirula xoxuak!
Nora zoaz euskal semea, harma hori eskutan?» kantatzen zuen aspaldi Gorka Knörrek. «Euskal Herritik urrunduz ta atzerrira juana, a ze negarra entzuten duzu Euskal Herrietan!».
Demagun ETB euskaldunon alaba kuttuna dela. Jakin badakigu ETB berri bat eraikitzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Baina, nola da posible ETBk ikus-entzuleen %50eko galera izatea hain denbora gutxian? Kanpoan aurki ditzakete erantzunak, baina barrura begiratu beharrean daude, gaude. Ez da, ez, eramangarria, herritarren zati handi batek alde egitea. Galderak egin beharrean dira ETBko arduradunak, eta erantzunak jaso beharrean.
Egia da, kolore anitzetakoak garela euskaldunok, egia da pentsamolde ugarietakoak garela, baina, beti dago «baina» bat, buruaz uler ezin daitekeena eta norbere baitan aurkitu beharrekoa.
Gure herriaren kartografia ulertzen ez dakitenek ezin dute ondoriorik atera. Nor garen eta zer garen adierazi beharko dute, beharko dugu; zeren, hemen, ikusten ez dena handiagoa da ikusten dena baino, eta disimulatu nahian ibil gaitezke, denboraldi batean, baina hemen harriek ere begiak dituzte.
Eta «harrizko herri honetan» urriaren 7an, lehenengo lehendakaria izan zenaren zin egitea eta Euskadiko Gobernuaren sorreraren antzezpena egin genuen Gernikako Batzar Etxean. 74 urte lehenago, une historiko horretan, egun, ordu eta leku berean, izan zen Agirreren zin egitea. ETB laster emititzekotan geratu zen, ordu eroso batean, jakina, baina estrenaldia urriaren 26ko goizaldeko 01.30ean izan zen; bigarren emisioa, ETB1en azaroaren 7ko goizeko bederatziak laurden gutxitan, egunkarietako programazioetan iragarri gabe eta ETB barruan ere promozionatu gabe.
Zeren beldur diren ez dakit; Agirrek han esan zituen hitz zehatz eta gordinek min egiten ote die? Isilean edukitzea hobe? Estatutua jagoten dutenek, nola da posible haren jatorria, haren sena ahaztea? Nora zoaz, ETB? Nora zaramatzate?
Badakigu bizi eta sentitzen ez duenak ezin dezakeela transmititu, baina ageriko gauzak ezin litezke ezkutatu. Geure memoria historikoaz ari gara, geure izaeraz, eta nola liteke hain zentzuz eta biziki zainduz egindako lan erraldoi hau baztertzea edo ukuiluan gordetzea? Babesteko asmo gutxi, berpizteko are gutxiago.
Betikotasunean gaude, eta entzuten ez dakienak ezer gutxi ikas lezake. Esanak dioen bezala, sena ahazten duenak bere ondorioak ditu eta errealitateari uko egiten dionak bere pagua du.
Bageunden iluso batzuk, pontifikatu berri honek zerbait onduko zuenaren esperantzan, baina errealitateak huts egin digu, eta oraingoek lehengo gaitzak areagotu besterik ez dute egin. Hau duk hau! izan garena ere ahaztera gonbidatzen gaituzte. Noren eskuetan gaude? Noranzko bidean jarri nahi gaituzte? Uste dut historiak eta kulturak begirune minimo bat merezi duela, baina, ez. Beraz, dugun babesa eta onespena, pantomima, besterik ez. Sustraietatik gauza askotxo aldatu beharrean gaude hemen.
Ikus dezagun ETBren txori ikurra, ETBren logoa. Euskaldun ikusleria galdezka ari da ez ote dion ETBk txoriari hegoa moztu, eta badakizue kantuak zer dioen. Edota, xoxuak burua, begiak galtzen dituenean... gaixua, nola kanta, nola xirula xoxuak!
ETBk, txoria hegada ederrean jarri nahi badu eta bere ikus-entzuleak gehiago uxatu nahi ez baditu, arretaz eta irudimenez ibili beharra du, adi eta argi, jakinduriaz zentzuzko jokaerak erabili beharko ditu, eta jakin beza, etsaiaz okertzen bada, bataila galdurik duela. Zeren, ez nuke sinestu nahi, galtzeko ahaleginetan ari direnik!
Nabaria da argirik gabeko bidean dabiltzala bertako arduradunak. Geldo eta mutu, ezinean, estreinatu duten orok huts egiten die. Eta ETBrekiko leial zirenek alde egin dietenean eta berririk erakarri ez, beheranzko abiadan doazenen drama dator. Oilategia husten-husten hasia den leloan, norantz joan? Zer egin? Zeri ekin?
Nora zoaz ETB, arma hori eskutan? Gidatzen ez dakienari, autoak ez dio balio. Eta gidatzen jakiteko eta norabide galduetan ez sartzeko, gidariak bideak aurretik ezagutu beharko ditu. Beraz, norbaitek zerbait egin beharra du ETBn, Danteren infernu gorrietan sartu orduko.
«Divina Comedia»-k lur istiltsu batez hitz egiten digu, non zigortuak ezin zezakeen ezer itxaron, ez plazerik ez minik, ez onik ez txarrik eta, Danteren iritzian, infernuko lekurik garratzena zen hura.
Bide guztiak Erromara doaz, baina bidean heldu ezinean geratzen dira bidaiari asko eta asko. Eta bidea lupezten dute hurrengoentzat.
«Euria egingo duelakoan nago, bila dezagun aterpea», esan zion Nazareno izeneko umeak Pedro apostoluari. Pedro, ez duzu uste? Zerk arduratzen zaitu? Gurean zerbait ez dabil ondo. Quo Vadis ETB?
Gontzal Mendibil Abeslaria
GARA 2010.11.14