«Une zailak bizi ditu ETBk» dio egileak, azkenaldian hainbeste hedatu diren ETBren inguruko kezkak aztertzerakoan. Haren zuzendaritza nagusiari «hitzak ederrak, bihotza faltso» izatea egozten dio, «zabarkeria zabarkeriaren gainean» egitea, «bere merkatu naturalari errespetua galdua dion» eta «lastozko zubian» dabilen telebista autonomikoari. Telebistaren «hilobia aitzurtzen» doala dio eta «lemazain eta patroi berrien ordua» iritsi dela defendatzen du, beranduegi izan eta geratzen zaizkion barku apurrei su eman aurretik.
Une zailak bizi ditu ETBk: entzulerik gabe ari da geratzen eta nepotismoaren hatzaparretan eroria da haren politika editoriala. Gizartearen konfiantza galdu eta bere inguru naturaleko merkatua erosionatu du ETBk. Hori da herrestan daraman gurutzea.
Telebista publikoa da Euskal Telebista. Gizarte bati lotua eta haren beharrizanei so jokatu behar duena. Zerbitzu publikoa eskaintzea da ETBren eginbehar lehena, eta ez du asmatzen bidean. Ataka gaitzean den telebista suspertzeko, irizpide eta lemazain berriak behar dira ardura-postuetan.
«Hitzak ederrak, bihotza faltso...» Ederrak ditu hitzak Euskal Telebistako zuzendaritza nagusiak diharduenean elkarbizitzaz, kultura-aniztasunaz, herria egituratzeaz eta euskararen sustapenaz. Baina, eskasak ditu oinak, ez baitu asmatzen aurrera egiten predikatzen dituen bide horietan.
Eta hitz dotoreen soroan, ahulezia diskurtsibo nabarmena du ETBk, bai bere albistegietan, bai bere magazinetan. Telebistak ez du asmatu diskurtso propiorik, bereizgarririk eraikitzen. Besteren urratsen jarraipen hutsa praktikatzen du, modu nabarmen eta nekagarrian gainera. ETBk ez du begi propiorik auzo hurbila nahiz mundu urrunagoa interpretatzeko, eta bestek diseinatzen dutenaren kopia egiten eta pantailaratzen du.
«Lehiatu» eta «osatu» da zerbitzu publikoak egin behar duena. Lehiatu da: besteei gaina hartzen saiatu. Osatu da: bestek utzitako zuloak estali. Gure kasuan, ETBk lehiatu behar du telebista pribatuekin, kanpokoekin. Eta, haiek egiten ez dutena eta gizarteak demandatzen duena osatu behar du.
Baina, ETBk ez daki hori egiten. Edo ez du hori egin nahi.
Zabarkeria zabarkeriaren gainean: oreka ari da galtzen euskal telebista publikoa. Eta, noraezeko bide eroan traba bat aurkitzen duenean, tragediaren bidea hartzen du: zentsura informatiboa, espediente-mehatxuak langileei eta zigor politikoa oposizioari. Hirugarren Munduko edozein diktadore merkek egin lezakeen modu latz berean dihardu zuzendaritzak.
Informatiboetako erredakzioak bizi duen egoera ez da batere gozoa. Ikara eta izua ez dira kontu nobeleskoak egoera deskribatzeko unean: barne-posta erabiltzeari uztea erabaki dute zuzendaritzarekin kritiko diren langileek, errepresalien beldur.
Aurreko egun eta asteko eskandalua izan da ETBren barneko zentsura informatiboak altxatu duena. Kale-agerraldia egin dute berriemaileek inposizio editorialen aurka protesta egiteko. Lehendakariari eman diote gutun bat adierazpen askatasunaren aldeko mezuarekin. Kazetaritzak bizi lezakeen gunerik zitalena da zentsurarena. Eskandalu bat, informazioa zerbitzu publiko gisa ulertzen den tokietan. Urriaren 25etik hona datoz kontu eta min horiek. Zauriak ez dira oraindik osatu.
Hori gutxi ez eta eskandalu berri baten atarian egon gintezke aste honetan bertan. Azterketa eta kontratazio-une garrantzitsu batean murgildurik dago ETB. Langileak kontratatu behar ditu eta lan-eskaintza publikoa du abian. Bada, lehen azterketa egin dutenen artean oso zabaldua da gauzak gaizki egin direneko iritzia. Ez hankarik, ez bururik ez duten galdetegiek hartu dute protagonismoa azterketara hurbildu direnen artean.
Sentikortasun eta behar adinako arreta eta ardurarik ez dute zuzendaritzaren pausoek, ez ohiko langileekiko, ez kontratatu behar dituen berriekiko. Ez dago horrela eraikitzerik telebista konpetitibo eta modernoa.
Lastozko zubia. Etxe barruan horrela, eta kanpoarekiko urratsetan indarge eta makal ari da ETB. Lastozkoa baizik ez da telebista publikoaren eta gizarte irekiaren arteko zubia. Errespetua galdua dio ETBk bere merkatu naturalari.
Egia esan, telebista autonomikoan, eritasun kronikoa da merkatuarekiko mespretxua. Sarritan praktikatu du ETBk telebista-esklusioa unean uneko zuzendaritza nagusiaren ideario politikoarekin bat egin izan ez duten talde eta erkidegoekin.
EAJren garaietan, ezker abertzalea erauzi zuten kate publikoaren informatiboetatik. PSE-PPren garaiotan, eskuin abertzalea erauzi dute albistegietatik. Eta ezker abertzalearen sentsibilitate guztiekin (Batasuna, Aralar...) aurreko zuzendaritzak erabilitako gutxiespen-politika darabil berriak.
Interes partidistetan itsututa, unean uneko informazioaren protagonistak erauzita bista publikotik, ez dago zoriona aurkitzerik ikus-entzunezkoen lehia konpetitiboan. Ez du barkatzen merkatuak.
Herriko etxe eta eskuin espainiarrarentzako moduko telebista egin nahi dute oraingo telebista-arduradunek, antza. Baina esparru horretan, ETB baino hobeak diren kateak ditu entzuleriak gustuko.
Telebista publikoko zuzendaritzek helburu eta emaitza politiko partidistak eta bat-batekoak profitatu dituzte beren historian zehar, eta telebistaren hilobia aitzurtzen joan dira pixkanaka. Hogeita hamar urtean, leize-zulo beltzera erori da telebista. ETBk ez daki nori zuzentzen zaion, ezta inori zuzentzen bazaio ere.
Lemazain eta patroi berrien ordua. Kalitatezko telebista zor digu ETBk. Gizarte modernoak behar duen komunikabide eraginkorra da telebista, dela ohiko pantailetan kontsumitua, dela ordenagailu bidez haztakatua. Telebista publikoa da, besteak beste, herri baten isla publikoa, gizarte baten erradiografia, erkidego baten amets eta idealen biltegia. Ez partidismoaren paradigma.
Blanca Urgell Kultura sailburuari entzun diogu inoiz audientziak emendatu behar dituela ETBk, informatiboen independentzia dela ohiko telebisten altxorretako bat, zerbitzu duina eskaini behar duela edozein enpresa publikok, inbertsio egokiak egin behar dituela delako herri-enpresak aurrera aterako bada. Baina bere zuzendaritza-taldeak ETBn ez du hegaldatzeko haizearekin asmatzen. Urte eta erdi batean, porrotarekin baizik ez du bete telebista publikoaren otzara. Txantxangorri distiratsu eta arin jaio zena, ubarroi bihurtu da.
Beste zerbait eskaini behar digu ETBk. MTVk, Intereconomíak, TVEk, FR3k edo Tele 5ek eskaintzen dutenetik harago.
Eta hori ez du lortuko hurbiltasun-telebista bat eginez, oraingo zuzendaritzari hainbat aldiz entzun izan diogun moduan. Ez da hori bidea. ETBren audientziak ez du gora egingo auzokoaren ezbehar eta paella-txapelketen irudien bidez. Ez horregatik bakarrik. Herri bati dagokion telebista oso bat demandatzen du ETBren audientzia iheskorrak.
Jakina da telebista baten arrakasta edukietan eta ematen dituen zerbitzuetan datzala. Zuzendaritza honek abian jarri dituen eduki berrietako ezeinek ez du publikoaren hitz ona jaso. Lehendik zetozen programek entzuleria galdu besterik ez dute egin. Gaizki ari da.
Asko izango dira trabak: digitalizazioa, entzuleriaren atomizazioa, gizarteko aldaketa demografikoak, familien transformazioa, krisi ekonomikoa... Baina ari, gaizki ari da oraingo zuzendaritza.
Oinarri-oinarrizkoa da lotura emozionala sortzea zerbitzatu behar den gizartearekin. Eta lotura emozional hori elikatzea egunero, infidela izan daitekeen entzuleria fideltasunaren arrastora hurbiltzeko moduko programazio eta zerbitzu-eskaintza erakargarria eraikita.
Gelditzen zaizkion barku apurrei su eman aurretik, ona litzateke norbaitek etxerako bidea hartzea eta gauzak hobeto egin ditzakeen norbaiti ateak irekita uztea. Beranduegi izan aurretik, jakina. Zeren zuzendaritzaren eraberritzea asko atzeratzen baldin bada, agian ez da ezer geratuko hobetzeko eta zerotik abiatu beharko da berriz ere, hogeita hamar urte beranduago eta leherketa digitalaren zurrunbiloaren erdian.
Josi Basterretxea - EITBko Administrazio kontseiluko kidea