Hemen zaude

Nork geratuko du EITBko desastrea?

Sekula baino audientzia datu kaskarragoak, diru kutxan sosik ez dagoela esaten da, langile jendea desmotibaturik, erdi mailako kargu berriak euren artean borrokan, udazkeneko parrila airean, zenbait programa duinen desagerpena iragartzen da, produktibitatea hutsaren hurrengora erorita… ematen du EITBren gainbeherak ez daukala hondorik. Nork erantzungo dio honi guztiari?

Alde batera utziko dugu gaurkoan sinboloen erabilera eta albistegien kalitatea, telebista bat osatzen duen gainerakoari begiratzeko, programazioari, alegia.

EITBk oihartzun handiz erabiltzen ditu bere lorpentxoak, baina edonor ohartzen da gainbehera ikaragarrian dabilela aspaldion. Sarean bolo-boloka ari dira zabaltzen haren audientziak benetan kaxkarrak direla dioten datuak. Azken adibidea, ETAren biktimei eskainitako dokumentalaren audientziarekin etorri zaigu.

Egia da, halaber, Noticias taldeko egunkariak eraso bizian ari zaizkiola EITB taldeari, seguru asko ezin dutelako ikusi Vocentoko jenderik orain dela urtebete arte eurek bete izan duten aginte lekuetan, baina gauza batek ez du bestea kentzen, eta EITBko ontzia zulaturik eta hondoratzen ari dela begi bistakoa da.

Batez ere ETB1 eta ETB3 kanalak, euskarazkoak, izan ere dirua ETB2n xahutzen bada ere (Urrusolo, Terol…), larru gorritan geratzen ari dena euskarazko telebista dela dirudi. Bestalde, urtea baino lehen amaitua eta airean behar duen ETB4, inork ez daki zertan den.

Urrutira joan gabe, blogari batek gaur bertan hasi du protesta. Antza, ORAIN izeneko saioak ez du izango jarraipenik datorren udazkeneko parrilan. Berak baino lehen, beste batek ere aipatua du gaia.

ORAINen adibidea bikaina gertatzen da, apurka apurka prestigio handia lortu duen saioa baita eta inondik inora ere ez garestia. Zer ikusirik ez Oscar Terolen 60.000 euroko saio horrekin, esaterako. Baina ez omen du jarraituko Ekainetik aurrera, horixe da albistea.

Kontua ez da hor bukatzen, ordea, ETB3 eta ETB1 kateetan erreferentzialak diren zenbait saio ere (HITZETIK HORTZERA, SAUTRELA, TEKNOPOLIS, IPUPOMAMUA…) desagertu egingo direla zabaldu da. Horiek ere, dirurik ez dagoela eta.

Galdera erraza da: Erreferentzialak, kalitatezkoak eta merkeak diren euskarazko saioak egiteko dirurik ez badago, zein da asmoa datorren garaietarako? Bermatuta al dago euskarazko programazio duin bat? Ematen du EITBk duen kontratu-programak horretara eta gehiagora behartzen duela ETB, baina alderantzizko bidean sartuta dagoela dirudi.

Hori gutxi balitz, bolo boloka dabil Bilboko Albistegietako erredakzioan zalaparta pizten dela ia astero eta Miramongo zentroan, esaterako, dozena bat errealizadore eta dozena bat produktore, zeregin handiegirik gabe daudela, denbora nola bete asmatu ezinda. Eta bitartean, kanpoko profesionalak ekartzen dira prezio irrigarrietan kontrataturik…. Ez da giro.

Berandu baino lehen eskua sartu behar luke baten batek, ematen baitu bilakaera atzeraezin baten atarian dela EITB.

Berez, Blanca Urgell sailburuari dagokio zeregin hori. Beste kontu bat da, ordea, Blanca Urgellek ba ote duen begirik hau guztia ikusteko eta, ikusita ere, bazterren batetik adorerik biltzen asmatuko ote duen.

Ez genuke bere azalean egon nahi, alegia, independente bezala sartu Jaurlaritzan eta bera agintzen zela, euskarazko telebista hondoratzen ikusi duen euskal filologoarenean.

http://zuzeu.com/2010/05/13/nork-geratuko-du-eitbko-desastrear/