PPk aurkeztutako zuzenketa onartu du Kontrol Batzordeak, PSEren eta PPren aldeko botoekin
Eusko Legebiltzarreko EITBren Kontrol Batzordeak PPk aurkeztutako zuzenketa bat onartu zuen atzo. Honako hau dio zuzenketak: «Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritza eta EITB deitzen ditu, krisialdia eta EAEko errealitate ekonomikoa kontuan hartuko dituen kontratu-programa berri bat egin dezaten. Gastuen murrizketaren eta zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzearen bidetik jo beharko luke kontratu berriak». PPren eta PSEren aldeko botoekin onartu zen zuzenketa.
PPko legebiltzarkide Anton Damboreneak esan zuen EITBri «gerrikoa estutzea» dagokiola, «administrazio guztiari bezala».
Atzoko eztabaidan, bestalde, UPDko legebiltzarkide Gorka Maneirok aurkeztutako legez besteko proposamen bat eztabaidatu zuten. EITB arrazionalizatzeko bidean, Iruñeko eta Baionako egoitzak kentzeko eskatu zuen Maneirok. «EITBk Euskadin jarri behar du arreta. Iruñean eta Baionan gertatzen dena kontatzea logikoa da, baina Castron edo Madrilen gertatzen dena kontatzen den moduan», adierazi zuen Maneirok. Haren proposamenak ez zuen babesik jaso, eta hemezortzi botoak kontrakoak izan ziren. Mikel Arana Ezker Batukoak modu honetan erantzun zion: «EITB Nafarroan eta Iparraldean egoteak interes informatiboa, kulturala eta soziolinguistikoa du». Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak, bestalde, azaldu zuen EITBk baduela erantzunkizuna EAEtik kanpo, «eta horri aurre egin behar dio». Atzerapausotzat jo zuen, gainera, Nafarroako umeek egun marrazki bizidunak euskaraz ezin ikustea (Nafarroan ez da ikusten ETB3).
PSEko legebiltzarkide Carlos Gorostizaren arabera, egungo EITBren zuzendaritza «gauza gehiago egiten ari da diru gutxiagorekin». Iaz Eusko Jaurlaritzak 15 milioi euroko murrizketa egin zuela gogoratu zuen. «Baionako egoitzan, bestalde, gastua urteko 700.000 eurotik 500.000 eurora jaitsi da». PSEko ordezkariak onartu zuen ikus-entzunezko sektorean aldaketa garaiak direla eta EITBk «berdifinizio eta hausnarketa bat» egin beharko duela.
Luke Uribetxeberria EAJkoa Iruñeko eta Baionako egoitzak kentzearen aurka azaldu zen. «Hor arrazoi politikoak ditu UPDk». Halaber, EAJko ordezkariak azpimarratu zuen EITBk baliabideak behar dituela bere zerbitzuak betetzeko.
ETB4 ez sortzea eskatu zuen eztabaidan UPDk. EAJko ordezkariaren arabera, aldiz, laugarren katea martxan ez jartzeak «EITB atzeraka doala erakusten du».
Urtzi Urkizu - BERRIA 2010.10.06
http://paperekoa.berria.info/agenda/2010-10-06/029/006/eitbri_krisialdir...
KAZETA.INFO: EiTBk Baionan eta Iruñean dituen egoitzak ixtea
UPyD alderdiaren proposamenak: Seaskari dirulaguntzak kendu eta EiTBk Baionan eta Iruñean dituen egoitzak itxi
Legebiltzarkide bakarra izan arren, PPrekin eskuineko eremuarengatik lehiatzeko prest omen da UPyD alderdia. Lehenik Seaskari diru-laguntzak kentzea proposatu zuen, oraingoan EiTB "EAEko eremurat mugatzea" defendatu du, hartara euskal irrati eta tekebista publikoak Baionan eta Iruñean duren egoitzak ixtea planteatuz. Gaur eztabaidatuko da proposamena EiTBko kontrol batzordean.
Iruñeko eta Baionako egoitzak itxi behar direla defendatuz legez besteko proposamena aurkeztu zuen joan den uztailean UPyD alderdiak. Gaur eztabaidatuko da proposamena EiTBko kontrol batzordearen baitan.
Ezaguna da alderdi honek Seaskako ikastoleei dirulaguntzak kentzeko proposamena. Oraingoan EITBren jarduera Araba. Bizkaia eta Gipuzkoarat mugatu behar dela defendatzen du alderdiak.
Nafarroan arazo frango badira ETBren seinalea hartzeko eta Iruñeko egoitzaren finantzamenduaren gainean ika-ika badira; Baionan, berriz, krisi baten ondotik, K2000 ekoizpen-etxeak hartu du bera gain Iparraldeko zerbitzua uda aintzin. Izan ere, EiTBk Baionako Merkatal eta Industria ganberan zuen egoitza ez dute oraindik ere berreskuratu.
UPD alderdiak bereziki kritikatu du EITB, euskal autonomia erkidegoaren at bi egoitza izana, "horietarik bat, Estatutik kanpo, Baionan». Horregatik, EITBk bere ekimena EAEra mugatzea proposatu du. Proposamenari zuzenketa ezarri dio PPk, "gastuen murrizketaren eta zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzeko kontratu berria proposatuz".
kazeta.info
http://www.kazeta.info/euskalherria/upd-alderdiaren-proposamenak-lehenik...