Natxo Escobarrek eta Iker Trebiñok zuzendutako ETB3ko programa datorren astean amaituko da
Denboraldi honetan ETB3 kateak eman duen ezusteko atseginena bat-batean kentzea erabaki du ETBko zuzendaritzak, «diru falta» argudiatuta. Debolex ekoiztetxeak aurrekontu txikiarekin sortzaileen «unibertso txikiak» erakutsi ditu azkeneko hilabeteetan ETB3n. Eta datorren astean emitituko dute 60. eta azken pieza, Bartzelonan DJ Makalarekin egindakoa.
Natxo Escobarrek eta Iker Trebiñok sortu eta zuzendutako proiektua da Orain. «Asmoa zen geure inguruan ikusten genituen era askotako sortzaileen unibertso txikiak islatzea. Kontua da Euskal Herrian ehunka jende dabilela gauza interesgarriak egiten eta sortzen arlo askotan». Escobarren hitzak dira. Trebiñok argitu duenez, bestalde, ETBk saioa gehiago ez ematea erabaki du, baina haiek proiektuarekin jarraitu nahi dute. «Interneten bideoak egiten jarraitzea da gure asmoa. Handik aurrera, beste erakusleiho batzuk agertzen badira are hobeto». Produktua «merkea» izanda, Trebiñok uste du diruarena ETBren aitzakia bat dela: «Ez dakigu zein den saioa kentzeko benetako arrazoia. Pena bat da». Saiorako askoz gai eta pertsonaia gehiago badituzte buruan.
Sarean oihartzun handia
Orain saioko piezak laburrak dira, 5-10 minutu ingurukoak. Artista askoren lana erakutsi dute. Eta pieza guztiak Interneten ikus daitezke: www.vimeo.com/orain helbidean edo Facebookeko orrialdean. «Oihartzun handia izan du Interneten, eta hainbat blogetan, saioa ETB3tik desagertzearen gainean idatzi dute», dio Trebiñok. Haien eredua Internet izan zela eta ez telebista esan zuen BERRIAn martxoan. Orain sarean bakarrik egin beharko du igeri Orain-ek.
Urtzi Urkizu.- BERRIA 2010.05.15