Talde berriak zerbitzuak eta produktuak eskainiko ditu telebistan, zineman eta Interneten
Kataluniako Lavinia ekoizpen etxeak eta Madrilgo Vertice 360º enpresak bat egin dute, bigarrenak aurrenekoaren akzio guztiak erosi ostean. Bat-egite horren ostean, Vertice 360º Espainiako ikus-entzunezko sektoreko talde indartsuenetako bat bihurtuko da. Kapital handitze baten bitartez erosi dituzte Laviniaren akzioak, eta arduradunen asmoa da 240 milioi euro fakturatzea 2012. urtean.
Bat-egitearen ondotik, bestalde, Narval Sabazio Laviniaren elkarteak talde berriaren akzioen %15 kontrolatuko du.
Talde berriko presidentea Jose Maria Irisarri izango da, orain arte Vertice 360º enpresako presidentea zena. Laviniako presidente Antoni Estevek, berriz, presidenteorde kargua beteko du. Saul Ruiz de Marcosek kontseilari ordezkaria izaten jarraituko du.
Laviniak eta Verticek sortutako taldeak zerbitzu eta produktuak eskainiko ditu telebistan, zineman, publizitatean eta Interneten, eta ikus-entzunezko sektorearen aldaketetara egokituko dela iragarri dute. Laviniaren produktuak berrikuntza teknologikoari lotuta daude, eta taldeak indarra jarri du alor horretan. Jose Luis Rodriguez Zapateroren La mirada positiva kanpaina egiteagatik ere ezaguna egin da Lavinia.
EITBren promozioen egileak
Madrilgo Vertice 360&fraq14; enpresak diseinatu ditu aurten EITBren iraunkortasun eta promozioak. Zer esana eman zuen EITBko zuzendaritzaren erabaki horrek; batetik, Euskal Herritik kanpoko enpresa bati enkargua egiteagatik, eta, bestetik, Antonio Basagoiti PPko buruaren arreba Vertice 360º enpresako kontseilaria delako. Iaz enpresa horrek 18,3 milioi euroko galerak izan zituen.
Laviniak, bestalde, ETBk Parisen duen egoitzaren kudeaketan parte hartzen du.
U.U. BERRIA 2010.07.20