Hemen zaude

ETBko Erredakzio Kontseiluak onartezinak deritze Iñaki Anasagastik bere blogean ETBko langile bati botatako irainei

ETBko Erredakzio Kontseiluak onartezinak deritze Iñaki Anasagasti legebiltzarkide, parlamentari eta senatari ohiak bere blogean Euskal Telebistaren langile bati botatako irainei.

Iñaki Anasagastik gure langilearen kaleratzea eskatzen du. Arrazoia: gustuko ez duen pertsona bat elkarrizketatzea. Hala, telebista publikoak behar duen informazio askatasuna eta aniztasuna ezbaian jartzen du. Jarrera hori harrigarria deritzogu gure programetan duen presentzia ikusita eta izan dituen karguak aztertuta.

Bigarrenik, kontutan hartzen badugu Anasagasti jaunak Venezuelako euskal komunitatean duen eragina, bere idatziak gure kazetariaren jardun librea eragozten du: beharrezko iturri pluralak biltzeko zailtasunak gehituz eta gatazka ireki bat bizi duen herri batean lan egiteak dakarren arriskua areagotuz.

Euskal Telebistan agertzen diren informazioei buruzko kritika zilegia da (eta hainbat kasutan beharrezkoa ere), baina langile baten kontra irainak jaurtitzea eta egoera deserosoen jomugan jartzea bestelako gauza bat da. Anasagasti jaunaren ibilbideak izan duen eta duen dimentsioari so eginez, erantzunkizunez jokatzea eskatu nahiko genioke kazetarien jardunaren kritika egiterakoan (ez baita lehen aldia).

ETBko ERREDAKZIO KONTSEILUA