Hemen zaude

BERRIA: Hizkuntza hautua errespetatuko du EITBk solaskideen adierazpenetan

ETB2n euskaraz egiteko konpromisoa hartu zuten kultur eta kirol munduko hainbat pertsona ezagunak.Aspaldiko eskari bati erantzun dio erabakiarekin. Neurria «modu naturalean» ezarriko du
 
Elkarrizketatuaren hizkuntzaren hautua errespetatzea. Horixe izango da adierazpenen hizkuntza tratamendua arautzeko orduan EITBk ezarriko duen irizpide nagusia. «Kazetariek, adierazpenak eskatzeko orduan, garbi utziko dute EITBk ez duela inposatzen euskaraz egitea, gaztelaniaz egitea edo bietara egitea». Aspaldiko eskari bati erantzun dio hala EITBko zuzendaritzak.
Ohar bidez eman du erabakiaren berri, eta argi utzi du ondorengoa: «Erabaki horrekin ikus- entzuleak ez du informaziorik galduko albisteetan, azpidatzien eta kazetarien azalpenen bidez osatuko baita informazio guztia. Horrekin «leiho bat» zabaldu diote euskarari ETB2ko, Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako albistegietan eta magazinetan. «Hainbat txosten kualitatibok agerian utzi dute ikus-entzuleek begi onez ikusten dutela euskarari leiho bat zabaltzea gaztelaniazko kateetan, euskal gizartearen parte geroz eta adierazgarriago batek bizitza publikoan eta pribatuan euskaraz egiteko joera baitu».

«Modu naturalean» egingo dute. «Adierazpenen hizkuntzaren trataeraren bitartez gizartearen erretratu bat egin daiteke, eta EITBn oso garrantzitsutzat jotzen da erretratu horretan euskarak leku nabarmena duela erakustea».

Hala, euskarak euskal gizartean gero eta leku handiagoa duela erakusteko Euskal Irrati Telebistak duen konpromisoa berretsi du. «Plan estrategikoak duen helburuen barruan dago hedabideetan euskara kontsumitzeko jarrera sustatzea eta normalizatzea».

Bide horretan, EITBk azaldu du bi proiektu dituztela datorren urtera arteko plan estrategikoan: gaztelaniazko kateetan euskarari tokia egitea batetik, eta euskarazko kanaletan erabiltzen den euskararen gaineko gogobetetasuna handitzea bestetik. Lehendabizikoaren barruan dago, besteak beste, adierazpenen hizkuntzaren tratamendua.

Aspalditik ari ziren eskatzen EITBri arautzeko adierazpenen hizkuntz trataera. Azkena, aurtengo apirilean izan zen. Horren barruan ETB2n euskaraz egitearen aldeko hautua hartu zuten kirol eta kultura arloko hainbat pertsona ezagunak, eta erabaki hori kontuan hartzeko eskatu zuten.

Sinatzaileen artean zeuden, bestak beste, Itziar Ituño, Ramon Agirre eta Sara Cozar aktoreak, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariak, Fermin Muguruza, Eñaut Elorrieta eta Alex Sardui musikariak, Aimar Olaizola eta Iñaki Artola pilotariak eta Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzaile ohia. 140 lagunek sinatu zuten agiria

«Irizpide falta»

Sinatzaileen izenean hitz egin zuen Iratxe Ibarra bertsolariak. EITBren irizpide falta salatu zuten, eta argi utzi zuten zein zen haien eskaria. «EITBko zuzendaritzak agindua eman diezaiela kazetari guztiei euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez behartzeko, eta arretaz zaindu dezatela betetzen den edo ez». Horri lotuta, eskutitza bidali zioten EITBko zuzendaritzari. «Ez dago imajinatzerik ere hizkuntzaren normalizazioari zein mesede egingo liokeen ETB2n euskara gero eta gehiago entzuteak. Ikusgarritasuna emango lioke, entzungarritasuna, bizitasuna, gure herriaren oinarri, osagai eta funtsa dela agertuko luke». Halaber, ekinbidea bere egiteko eskatu zieten herritarrei. «Kamera bat hurbiltzen zaienean euskara erabiliko duten subjektu linguistiko bihur daitezela».

Ezarritako irizpide berri honekin EITBk talde hark egindako eskariari erantzun dio.

 

Euskal gizartean euskarak gero eta leku handiagoa duela ikusgai egiteko erantzukizuna du Euskal Irrati Telebistak.Euskal Irrati Telebistak hainbat jarraibide eman ditu euskarazko eta gaztelaniazko adierazpenak tratatzeko moduari buruz, kazetariek egoki jokatzen jakin dezaten euskal gizarte elebidun honetan.

Adierazpenetako hizkuntzaren bitartez, gizartearen erretratu bat egin daiteke, eta EiTBn oso garrantzitsutzat jotzen da erretratu horretan euskarak leku nabarmena duela erakustea; batez ere, adin-talde jakin batzuetan eta Euskal Herriko eskualde zabaletan.

Hortaz, modu naturalean, euskarari leiho bat zabalduko zaio ETB2ko albistegi eta aktualitateko magazinetan. Gauza bera gertatuko da Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako saio eta albistegietan ere.

Leiho hori zabaltzeko orduan, funtsezko jarraibidea elkarrizketatuaren hizkuntza-hautua errespetatzea izango da. EiTBko kazetariek, adierazpenak eskatzeko orduan, garbi utziko dute EiTBk ez duela inposatzen euskaraz egitea, gaztelaniaz egitea edo bietara egitea.

Ikus-entzuleek ez dute informaziorik galduko albisteetan, azpidazketa eta kazetarien azalpen bidez osatuko baita informazio guztia.

Horrez gain, hainbat ikerketa eta txosten kualitatibok agerian utzi dute euskal audientziak begi onez ikusten duela euskarari leihoa zabaltzea gaztelaniazko hedabideetan, euskal gizartearen parte geroz eta adierazgarriago batek bizitza publikoan eta pribatuan euskaraz egiten duen honetan.

EiTBren 2013-2016 Plan Estrategikoan euskarari dagokion lerroaren helburua, gure gizarte eleaniztun honetan, hedabideetan euskara kontsumitzeko jarrera sustatzea eta normalizatzea da. Helburu horretara heltzeko, bi proiektu zehaztu dira. Gaztelaniazko kanaletan euskarari tokia egitea da bata, eta hortxe sartzen da adierazpenen hizkuntza tratamendua. Bigarren asmoa, berriz, euskarazko kanaletan erabiltzen den euskararen gaineko gogobetetasuna handitzea da.

EITB.EUS 2015.07.06