Hemen zaude

Eusko Irratia: Sindikatuen agerraldia Gasteizko parlamentuan

PSEk deitutako erronda izan da, langileen ordezkariok Eusko Irratian emandako erregularizazio prozesuaren inguruan azalpenak eman eta talde parlamentarien galderei erantzuteko. Hurrenez hurren CCOO, ESK, bi langile “mugagabe ez finko”, ELA eta LABek parte hartu dugu. Saioa asko luzatu denez LABeko Irratiko ordezkariak joan behar izan du, eta azalpenak EITBko LABeko bi ordezkarik eman dituzte. Hona LABen agerraldiaren laburpena ataletan multzokatuta.

 

Lanpostuen erregulazioa eta Lanpostuen Deialdi Publikoa (LPD)

  • Aukera ona izan zitekeen negoziagai den Enplegu Publikoaren Euskal Legeak horrelako indefinizio juridikoak jasotzeko. Sindikatu bezala ez gaude ados epaile batek edo ikuskari batek erabakitzea plantilla estrukturalak.

  • Aukera berdintasuna, gaitasuna eta merituen printzipioak jaso behar dira Irratian finko lan egiteko. Gaitasunaren barruan hizkuntzak ere sartzen dira LABen iritziz, eta aipatzen diren 2003ko probek ez dute zer ikusirik EITBn finko sartzeko prozedurekin. Enpresa publikoa izanik, guztion diruarekin funtzionatzen duena, aukera eman behar zaie kazetari guztiei lanpostua eskuratzeko. 2003an ez zen aukera berdintasuna bermatu eta ez dugu onartzen neurrira egindako trajerik egiterik.

  • Ezin dira nahastu Deialdi Publikoa eta EREa. Ez dakigu zer den defendatzen ari direna eta joko politikoaren gerra horretan ez gara sartzen. Deialdi Publikoa ezbairik gabe defendatzen dugu.

  • Lan Poltsa bat eratuko da, bi hizkuntza ofizialak menperatzen duten kazetariekin.

  • Lanpostuak probisionalak izan dira, eta langileek bazekiten. Kontratuen “mugagabe ez finko” eta “plaza bete edo amortizatu arte” izaerak horixe adierazten du.

 

 

Euskara

  • LABen iritziz enpresa publiko batean lan egiteko euskara jakitea ezinbestekoa da, are gehiago komunikabide publikoa izanda, eta guretzat oso garrantzitsua da akordiorako. Gizartea bere osotasunean ezagutzeko ezinbestekoa da. Eskatzen den maila erdararen parekoa da.

  • 49ko LPDa baino 250 izanda ere istilua izango genukeen. Euskara ikasi ez duenari berdin zaio zenbat lanpostu diren.

  • Euskara planik ez dagoela esaten da, egia izan daiteke, baina formaziorako partidak badaude, eta euskara ikasteko ez dago eskakizun toperik. Oso gutxik eskatu dute euskara ikasteko, ingelesa edo beste ikastaroak bai. Euskara ikasteko inolako ahaleginik egin ez duenak, berak du arazoa. Horregatik ez gatoz bat ELAren planteamenduarekin. Euskara plana ez da garatzen hain zuzen ere parlamentuak, PSEren laguntzaz, onartutako aurrekontu murrizketagatik.

  • Askotan aipatzen den “kate-maila ahulena” dela eta, baliabideak eta abar aztertuta guri beti iruditu zaigu Euskadi Irratia izan dela “alaba txikia”. Katebegi ahulena ere aurreko lan poltsan zeuden langileak dira, urte hauetan ezin izan dutelarik lan egin.

 

 

EEEa eta plantilla estrukturala

  • Surio sartu zenean irtenbidea proposatu zuen: estrukturalak atera, ez-estrukturalak amortizatu, eta zalantzazkoak urte bat edo bitan negoziatu. Orduan gehiago ziren, ehunetik gora. PSEk eskaini zuena PNVko zuzendaritzak proposatutako bera izan zen, hau da, hainbat jende kalean gelditzea. Orduan ez zen ERE, Gorenak iaz irizpidea aldatu zuelako da orain ERE.

  • 49 lanpostu + 2016 jubilatzen direnak, gutxienez 55 lanpostu dira. ETBn hitzarmenean erretiratzen direnen postua ziurtatzea badago, irratian ez, beraz galdu egiten ziren. Ziur gaude lanpostu horiek baino gehiago aterako direla sortuko den zerrendatik.

  • Madrilgo lan erreforma batek eraginda ezarri omen da EREa, zuzendaritzak dagoenko aplikatzea erabakita zuenean guztiok jakin genuen. Plantilla estrukturalaren negoziazioa babesteko aukera egon zitekeen, baina Zuzendaritzak baztertu egin zuen. ERE bat gauzatutakoan nekez justifikatu ahal izango dugu formalki plantilla igoera bat. Zuzendaritzaren EREa ezartzearen erabakiak hankaz gora jarri zuen akordioa, plantilla estrukturalaren hurrengo negoziazioa erabat baldintzatzen duelako.

  • (Unzalu -PSE- eta Uribeetxeberriari -EAJ- erantzunez, lehenak akordioaren hasieran plantilla estrukturala zehaztu behar zela esaten zuelako, eta bigarrenak ezer baino lehen diru-sarrerak zehaztea): LABen iritziz ez bata ez bestea, lehendabizi definitu dezagun zein irrati eredu nahi dugun. Gu beste irrati baten atzetik gabiltza. Apirilean hartutako erabakia orduko ereduarekin zehaztu ziren minimoak, eta konpromisoa zen azterketa egin ondoren hurrengo urteetan behar dugun estruktura negoziatzea.

Etiketa: 

http://www.parlamento.euskadi.net/ultimos/e_ultimos_com_10.html

 

 

Gaia     Gaia

 
1.- 2015eko martxoaren 30ean egindako bilkuraren akta irakurri eta, hala badagokio, onestea    
2.- Eusko Irratiko CCOOren ordezkarien agerraldia, Mikel Unzalu Hermosa Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak egindako eskaerari jarraituz batzordeak eskatuta, azaltzeko zer jarrera duten iragarri den enplegu-erregulazioko espedientearen aurrean    
3.- Eusko Irratiko ESKren ordezkarien agerraldia, Mikel Unzalu Hermosa Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak egindako eskaerari jarraituz batzordeak eskatuta, azaltzeko zer jarrera duten iragarri den enplegu-erregulazioko espedientearen aurrean    
4.- Eusko Irratiko langile mugagabe ez-finkoen ordezkarien agerraldia, Mikel Unzalu Hermosa Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak egindako eskaerari jarraituz batzordeak eskatuta, azaltzeko zer iritzi duten iragarri den enplegu-erregulazioko espedientearen aurrean    
5.- Eusko Irratiko ELAren ordezkarien agerraldia, Mikel Unzalu Hermosa Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak egindako eskaerari jarraituz batzordeak eskatuta, azaltzeko zer jarrera duten iragarri den enplegu-erregulazioko espedientearen aurrean    
6.- Eusko Irratiko LABen ordezkarien agerraldia, Mikel Unzalu Hermosa Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak egindako eskaerari jarraituz batzordeak eskatuta, azaltzeko zer jarrera duten iragarri den enplegu-erregulazioko espedientearen aurrean    
7.- Eskariak eta galderak