Hemen zaude

BERRIA: Oposizio osoak gogor jo du EITBren ildoaren aurka

Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusia, Eusko Legebiltzarrean, artxiko irudi batean.PSE-EE, PP eta UPDren iritziz, EITB «abertzaleen esanetara» dago.
EH Bilduk salatu du albistegiak «Jaurlaritzaren No-do saioak» direla
 

Maite Iturbe zuzendari nagusiak EITB «Euskal Herriko agora» dela esan zuen atzo Eusko Legebiltzarreko kontrol batzordean: «Euskal gizartearekin elkar hartua du bidea EITBk». Baina, PPk eskatutako agerraldian, talde politiko guztiek kritikatu egin zuten EITBren ildo informatiboa, EAJk izan ezik. PPko Nerea Llanosek galdera egin zuen albistegien edukiez eta eztabaida politikoko programak diseinatzeko interes orokorreko irizpideez. «EITBren gaiak EAJren eta EH Bilduren agendara murrizten dira: erabakitze eskubidea eta presoak. Baina beste errealitate bat ez da ageri, adibidez, Epsilonen ikerketa», azaldu zuen PPko ordezkariak. Llanosen iritziz, EITB «doktrinatzeko tresna» bilakatzen ari da.

PPren diagnosiarekin bat egin zuen UPDko Gorka Maneirok: «EITBk euskal herritarrak doktrinatu nahi ditu, eta abertzale bihurtu. EAJren zerbitzura dago: disimulurik gabe manipulatzen du». UPDko ordezkariak Iturberen dimisioa ere eskatu zuen. «Mozio bat aurkeztuko dugu jakiteko zein taldek babesten duten zuzendari nagusia».

Mikel Unzalu PSE-EEko legebiltzarkideak adierazi zuen talde sozialista ez dagoela ados EITBren ildo editorialarekin: «Gizartearen interesekoak diren gaiak ez dira islatzen». Iturbek, EITB defendatzeko orduan, Espainiako telebista publiko batzuekin egin zuen alderaketa. «Modu horretan, EAJren telebista dela aitortu zuen», adierazi zuen Unzaluk.

EH Bilduko legebiltzarkide Unai Urruzunok «inpartzialtasunik eza» eta «manipulazioa» leporatu zien ETBko albistegiei, eta, horretarako, hiru adibide jarri zituen: AHTaren Zaratamoko zubia, Kutxako izendapenen eguneko protesta eta Lokarrik egindako agerraldi bat. PPk, PSE-EEk eta UPDk EITB abertzaleen esanetara dagoela salatu zuten, baina EH Bildu ez dago ados. «Iturbe izendatzeko akordioa EAJren eta PSE-EEren artekoa izan zen», esan zuen Urruzunok. EAJri eroso ez zaizkion gaiak ez tratatzeko saialdia salatu zuen, bestalde. «Gehiegizkoa da Jaurlaritzaren presentzia. Gobernuaren No-do saioak dira ETBko albistegiak».

EAJko Luke Uribe-Etxeberria izan zen EITBren ildo informatiboa kritikatu ez zuen bakarra: «Kazetariek politikariok baino ikuspegi zabalagoa dute errealitateaz». Iturbek adierazi zuen EITBk kazetaritza «independentea, profesionala eta sinesgarria» egiten duela.

Bestalde, apirilaren 9an, kontrolerako batzordeak erabaki zuen eskatzea EITBk kudeatzaile sistema osoaren eta izendapen askeko karguen organigramaren berri ematea Interneten, zehaztuz bakoitzaren ardura, titulazioa, ibilbide profesionala, hizkuntza eskakizuna, erakundearekiko kontratu harremana eta ordainsaria. EITBko zuzendaritzak ez du bete eskakizun hori. Eta atzo Eusko Legebiltzarreko talde guztiek aho batez onartu zuten EITBri eskatzea legebiltzarraren borondatea betetzeko.

 

EH Bildu, PSE, PP y UPyD criticaron en el Parlamento de Gasteiz la «parcialidad» de la radiotelevisión pública vasca y la tacharon de favorecer a la ideología del PNV. Mientras, el PNV defendió a Iturbe diciendo que los criterios de EiTB son «profesionales» y que la cadena es «líder» por ello.

GARA 2014.10.14