M4Fko zuzendaritzarekin egindako bileratan, konpainiako buruzagien immobilismoaren aurrean langileek, aho batez Greba Mugagabea deitzea adostu dute. Lanuztea ekainaren 23an, igandean, hasiko da.
M4Fko zuzendaritzak enplegu-erregulazioko espedientea ez aplikatzeko aukerarik mahai gainean ez duela jarri salatu nahi du enpresa-batzordeak. M4F konpainiak, eitb.com webguneko eduki eta teknika arlo osoa eramateaz gain, Eusko Jaurlaritzarentzako, EITBrentzako, Bilboko Alondegiarentzako multimedia edukiak egiten ditu.
Espedienteak 31 langilerengan izango du eragina: 27 langile kaleratuko dituzte (% 42), eta beste lau langileri lanaldia % 50 murriztuko diete. Gainera, M4F enpresako zuzendaritzak % 25eko soldata-murrizketa planteatu du gainerako langile guztientzat.
Maite Iturbe EITBko zuzendari berria erabakiarekin zerikusirik ez duela azaltzen saiatu da azken egunetan. M4Fk aurkeztutako espedientearekin "zerikusirik ez" duela adierazi zuen Iturbek Eusko Legebiltzarrean. EITBko webguneari zerbitzua emateko, Juan Diego Casals (VILAU auzian inputatuta dago) EITBko gerente ohiak M4F 2008an sortu zuela gogorarazi nahi dio enpresa-batzordeak Maite Iturberi. Azpinkontratan parte-hartzea du EITBk, eta baita erakunde publikoaren barruan diru publikoarekin sortu diren enpresa guztiek ere (VILAU, Expressive...)
EITBNET SAk %10eko partaidetza du M4Fn, eta Expressive SLk beste %15ekoa. Era berean, EITB Expressive SL enpresaren zati baten jabe da.
EITBko zuzendarien gezurrak salatu nahi ditu M4Fko enpresa-batzordeak. Nahikoa da, ez saiatu herritarrak engainatzen. Erakunde publikoak Interneteko enpresari egin dion ekarpena % 33 murriztu du aurten, eta, beraz, erantzukizuna du hartu diren neurrietan.
Maite Iturbek EITBn 'XXI. Mendeko eredu bat' sortu nahi duela errepikatu du behin eta berriro, baina jarraian 600.000 euroko (% 33) murrizketa egin du Interneteko aurrekontuan. Nahiko bitxia da eta bere adierazpenetan mendez okertu dela ematen du.
EITBren murrizketek eta M4Fko zuzendaritzak egindako kudeaketa txarrak eraman gaituzte egoera honetara, baina beti egiten duten bezala langileek ordaintzea nahi dute, nahiz eta erantzukizunik ez izan. Langileak ez gaude horretarako prest eta ez dugu onartuko.
EITB.COM: eitb.com-eko langileek greba mugagabea hasiko dute
Iturbek berretsi du ez dutela EiTBko kontraturik etengoProtesta, M4Fko 31 langile hartzen dituen erregulazioaren aurkaM4F eitb.com-eko hornitzaileak lan-erregulazioko txostena aurkeztu du
M4F enpresako langile batzordeak greba mugagabea deitu du datorren ekainaren 23an hasita, 27 kaleratze aurreikusten dituen enplegu-erregulazioko espedientearen aurrean zuzendaritzak "inolako alternatibarik" eskaintzen ez duela ikusita.
M4Fko langileek eitb.com webgunea edukiz hornitzen dute. Aldi berean, Jaurlaritzarentzat eta Bilboko Alhondigarentzat ere lan egiten dute.
Greba mugagaberako deialdia aho batez onartu dute M4Fko beharginek.
EITBren zuzendaritza nagusiak eitb.com-en aurrekontuetan egindako murrizketaren ondorioz, M4Fren zuzendaritzak enplegu-erregulaziorako txostena aurkeztu zuen joan den ekainaren 12an.
Plan horrek 31 langilerengan (%41) izango du eragina: 27 pertsona kaleratuko dituzte eta beste lauri lanaldia erdira murriztuko diote. Horrez gain, enpresan gelditzen diren langileei soldata %25ean jaitsiko diete.
Sindikatuek gogor kritikatu dute Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak joan den astelehenean Legebiltzarrean egin zituen adierazpenak, M4Fk aurkeztu duen enplegu-erregulaziorako espedientearekin "inolako zerikusirik" ez duela esan zuelako.
Enpresa batzordeak gogora ekarri du M4F Juan Diego Casals EITBko gerente ohiak sortu zuela 2008an, eitb.com-i zerbitzuak eskaintzeko.
Ildo berean, EITBNET sozietate anonimoak M4Fren partizipazioen %10 daukala eta Expressive sozietate mugatuak, berriz, M4Fren %15a duela gogora ekarri du.
"Bitxia da Maite Iturbek EITBn 'XXI. mendeko eredu bat' sortu nahi duela behin eta berriro esatea eta jarraian 600.000 eurotan murriztea eitb.com-entzako aurrekontua. Agian mendez erratu da", azpimarratu dute agiri batean.
Langileek argi utzi nahi izan dute ez dutela inolako erantzukizunik EITBren murrizketetan eta M4Fren "kudeaketa txarrean".
EITBren azalpenaK
Erakunde publikoko zuzendaritzak joan den astean azaldu zuenez, 2013ko aurrekontuaren murrizketak (20 milioi) apirilean eta maiatzean gastuak berriro aztertzera behartu du urte bukaeran oreka lortzeko.
EITBko zuzendaritzaren ahotan, M4F enpresak azken hiru ekitaldiak galerekin itxi ditu eta lan-erregulazioko txostena aurkeztu behar izan du. Enpresak onartutako bideragarritasun planean urte bakoitzeko 1.400.000 euroko fakturazioa jasotzen du EITBren eskutik. Enpresaren bideragarritasun eza saihesteko lan-erregulazioko txostena martxan jartzea beharrezkoa zela onartu dute, eta baita soldatak jaistea ere.
EITBko zuzendaritzak erantzukizuna eskatu du, gastu eta diru-sarreren arteko oreka bilatzeko neurriak hartzea beharrezkoa delako krisia gainditzeko eta arazo larriagoak ez sortzeko.
http://www.eitb.com/eu/albisteak/ekonomia/osoa/1377134/m4f-eitbcom--eitbcomeko-langileek-greba-mugagabea-hasiko-dute/