Hemen zaude

BERRIA: Eztabaidan sakontzeko deia

Pello Sarasola ETBko eduki zuzendariak, Maddalen Iriarte aurkezle eta kazetariak eta Josu Amezaga EHUko irakasleak ETBren iraganaz eta etorkizunaz hitz egin zuten atzo, Berria telebistako mahai inguruan.

Euskal Telebistak egin ahal zion baino ekarpen txikiagoa egin dio euskarari». Josu Amezagak EHUko irakaslearen hitzak dira. «Erakundeetan eta hezkuntzan euskarak aurrerapen nabarmena izan arren, ETBk prozesu horretan parte hartze txikia izan du. Ez da euskalduntze prozesu horrekin batera joan; maila bat lortu du, maila hori egonkortu du, baina ez da haratago joan». ETBk 30 urte beteko ditu abenduan, eta horren harira, mahai ingurua antolatu zuen atzo Berria telebistak. Amezagarekin batera, Pello Sarasola ETBko eduki zuzendaria eta Maddalen Iriarte ETBko aurkezle eta kazetaria izan ziren hizlariak.

Ramon Labaienek duela gutxi BERRIAn eginiko elkarizketa batean adierazi zuenez, «telebista sortzearen helburu nagusia euskara» izan zen; «ez zegoen beste motibazio politikorik». Aldiz, 30 urteren ostean, euskarak ETBn duen garrantzia askok kolokan jarri dute, eta luze gabe estrategia ugari erabili behar diren usteak zabaldu dira. 



Maddalen Iriarteren arabera, «ekarpen handiak egin ditu Euskal Telebistak, baina hobeto egin zitekeen». Euskararekiko inplikazio falta nabarmendu zuen eztabaidan: «Benetan axola zaigu euskarazko telebista?», galdetu zuen, euskarazko telebistak duen oinarri estrategiko eskasa dela eta. Horren inguruan, esan zuen beharrezkoa dela herri gisa «sekulako garrantzia» izan dezaketen proiektuei buruz ados jartzea. «Nola? Adibidez, unibertsitateak eta ETBk lan bateratu bat egin behar dute; hainbat bide ireki behar ditugu».



Pello Sarasolak, bestalde, «ETB euskararen garapenaren motorra» izan dela nabarmendu zuen. Gizartean euskarak izan duen garapenaren «ispilu», eta «gizartearen eskaria betetzen duen kate» gisa definitu zuen Euskal Telebista.



Dirua bai, dirua ez



Ramon Labaienek adierazitako beharren artean, dirua azpimarratu zuen: «ETB1en dirua gastatu behar da, kalitezko saioak egin». Sarasolak, ostera, euskarazko ekoizpenak nabarmendu zituen diruaren balioaren gainetik. «Euskaraz egiten ditugun kateen indarra areagotu nahi badugu, ekoiztea beharrezkoa izango zaigu; barne ekoizpena beharrezkoa da». Ikuslea asetzeaz gain, Euskal Telebistaren ekonomia ere lagundu dezakeen planteamendua da, edukien zuzendariaren arabera.



Iriarte ez zetorren guztiz bat Labaienen adierazpenekin. Lagungarria da edozein katerentzat dirua inbertitzea, baina ETB1ek «diru gutxirekin oso produktu onak» egin dituela gogorarazi nahi izan zuen. Kate publikoak eta politikak duten lotura nabarmendu nahi izan zuen, eta «ETB1 indartzeko diruaz gain, erabaki politikoak» hartu behar direla adierazi zuen.



Gaztelaniazko kateak euskarazkoan zer-nolako eragina izan duen, horre inguruan ere hausnarketa sakona egin zuten hizlariek. Euskarak ETBn duen presentziak eta lehentasunak «oinarrizkoa» izan behar duela azpimarratu zuen Amezagak. «Eredua guztiz aldatu behar da; erdarazko kateari beste irtenbide bat eman behar zaio. Euskara ulertzen dugunok ia %60 garela kontuan hartu behar da». Iriarteren arabera, «ETBk egin duen oker nagusietako bat kaleko erdarazko adierazpen eta adierazmoldeak euskarazko katean sartzea izan da. Euskara gizartean erabiltzen den tresna bat dela argi utzi behar dugu; zubi lana egin behar dugu». Datuak jarri zituen mahai gainean Sarasolak: «13-24 urteren artean, joan den astelehenean Goenkale izan zen saiorik ikusiena». Horrez gain, ETB1ek —ETB3rekin batera— euskaldunon artean duen batez besteko kuota %6 dela nabarmendu zuen. «Kezkak ezkortasun batera eramaten gaitu». Baina haren ustez, datua ez da txarra. «2010. urtetik gaur egun arte, ez da beherakadarik egon audientzietan, eta kontuan hartu behar dugu gaur egungo telebistan 40 katetik gora ditugula lehiatzen». Beste kate batzuen kuotak jaitsi direla kontuan hartuta, euskarazko eskaera «tinko» mantendu dela nabarmendu zuen Sarasolak. Marrazki bizidunak ETB3ra pasatzea ere erabaki «ona» gisa definitu zuen: «Haur gehienek egun osoan berentzako diren kateak bilatzen dituzte. ETB3k hori betetzen du».



Gobernuaren tresna



Euskal Telebistan Eusko Jaurlaritzak izan duen eragina aztertzerakoan, Amezagarentzat, «kate gubernamentalegia» da ETB. «ETBn sinisten dut, baina gizarte proiektu batean bezala, soilik. Ezin da politikarien menpe dagoen kate bat izan, herritarrek bultzatutakoa baizik». Zuzendaritzako hamaika posturen aldaketa eta eguraldiaren maparena ere aipatu zituzten solaskideek. Aldaketa horien aurrean, Iriartek «erantzun sendoago» bat bota izan du faltan. Iriarteren hitzek ongi laburbiltzen dute euskarak ETBn duen prozesu eraldatzaile berria: «Eztabaida sortu da; beraz, aprobetxa dezagun, sakon dezagun eta ikas dezagun. Bitartean, euskarazko telebista bat egin dezagun, herriak bere sentituko duena». Eztabaida hasi besterik ez da egin.



Berria telebistako mahai ingurua osorik, helbide honetan: www.berria.info

LANDER IRUIN - berria 2012.11.20

http://paperekoa.berria.info/agenda/2012-11-20/028/001/eztabaidan_sakontzeko_deia.htm

Dozenaka kateren lehian, ETBko euskarazko eskaintzak oso erakargarria behar du ikusleak bereganatzeko. Euskal ikuslea ETB1ekin identifikatua sentiarazteko, katea berea sentitzeko, aldeko faktore askok bat egin behar dute. Produktu ederrak egin direnean ere, maiz samar ikusle datuak ez dira oso txukunak izan. Hau da, gauzak oso ondo eginda ere, arrakasta ez dago ziurtatuta. Argi dagoena da ETB1ek lehentasun guztia behar lukeela zuzendaritzaren aldetik. Ezin esan hori hala izan denik, gaur egungo programazioari erreparatuz gero. ETB2k bi ordu eta erdiko zuzeneko albistegi saio bat du goizean eta beste bi ordu eta erdiko magazin bat arratsaldean. Ordu horietan guztietan programazio enlatatua du ETB1ek. Euskarazko kateak arratsaldeko magazina izan duenean ere, aurrekontua dezente txikiagoa izan da ETB2koarekin alderatuz. Pello Sarasola ETBko eduki arduradunak aitortu du prime-time ordutegitik at dauden ordu tarteetan asko hobetu behar duela euskarazko katearen eskaintzak.

 
Baina ez hori bakarrik. Eusko Legebiltzarra osatu ostean, gaurkotu beharra dago EITBren Legea. Duela 30 urteko panoramak ez du arrastorik gaur egungoarekin. Nafarroako egoerari heltzea ere premiazkoa da; eta ezin da une honetan gaia Nafarroako Gobernuaren esku bakarrik utzi.
 
Heldu beharko zaio irmoki ETBko eredu osoari. Eta alderdi nagusiek eredu hori argi ez badute, eseri daitezela eredu hori eztabaidatu eta erabakitzera. Beste ETB bat posible baita, borondatea izanez gero: euskarari lehentasuna ematen diona, kalitatezko saioekin ikuslea asetuko duena. Eta euskarazko beste telebistekin elkarlanean ariko dena.