Hemen zaude

BERRIA: Euskaldunek ETBn euskaraz egiteko kanpainak 1.600 sinadura jaso ditu sarean

Sustatzaileek ETBko langileei eskatu diete euskaldunei ez agintzeko gaztelaniaz egin dezaten

Herritar talde batek kanpaina bat abiatu zuen asteazkenean, Euskal Telebistan euskaldunei gaztelaniaz eginaraz ez diezaieten. Botoa emateko webgunea prestatu du horretarako, eta dagoeneko 1.600 sinaduratik gora bildu dituzte. Webgunearen helbidea honako hau da: www.ipetitions.com/petition/euskaldunakeuskarazetbn.

«Euskaraz nahiz erdaraz berdin hitz egin ahal izatea gauza ederra da. Baina bietan berdin hitz egin ahal izateak ez du esan nahi berdin zaigula batean ala bestean jardutea. Ez luke hala behar, zeren egunen batean herri honetako elebidunei berdin bazaigu euskaraz ala erdaraz egitea, euskara galbidean dela esan ahal izango dugu», dio sinatzeko kanpainan prestatutako agiriak.

Agiri horretan diotenez, Euskal Telebistan elkarrizketak eta adierazpenak euskaraz eta gaztelaniaz egitea aspaldiko ohitura da. Horren ondorioz, «euskara ikusezin bihurtu» da euskaraz bizi ez direnentzat, eta ondorioak «euskararentzat kaltegarriak» dira. Are gehiago: «Adornuko hizkuntza bihurtzen du, euskaraz esandako guztia gero erdaraz errepikatzen delako. Zalapartarik gabeko euskaltzaletasun naturala estali eta ezkutatu egiten du.

«Euskal Telebistako agintari eta langileei eskatu nahi diegu aspaldiko praxia aldatu eta ez eskatzeko euskaldunei erdaraz egin dezaten. Ezer eskatzekotan, euskaraz egin dezaten eska diezaietela». Hain zuzen, «eredugarriak izan daitezkeen pertsonak euskaraz entzuteak» euskararen aldeko hautua egin dutela erakusten duela argudiatu dute. Ekimenaren sustatzaileek gogorarazi dutenez, «ETB euskararen mesedetan lan egiteko sortu zen, baina helburu horri beste batzuk nagusitu zaizkiola bistan da».

Aurreko zuzendaritzarekin egon zen antzeko sinadura bilketa bat, baina Interneteko zabalpenik gabe.

Interneten erreakzio ugari

Ekimenak oihartzun handia izan du Interneteko euskal guneetan. Zuzeu eta Sustatu atarietan, esaterako, albisteari hainbat iruzkin egin dizkiote internautek. Sustatun Oier A.-k honako hau idatzi du: «Telebistan agertzea tokatzen zaion euskaldunak ere badauka zeresana kontu honetan. Kamerariak galdezka etortzen zaizkigunean euskaraz bakarrik erantzun nahi dugula adierazi beharko genuke kanpaina hau eraginkorra izan dadin». Beste internauta batek honako proposamen hau egin du: «Hizkuntza ofizial bietan hitz egitea eskatu behar badute elkarrizketa bat egiterakoan ETB2n eta ETB1en egiten diren emisioei egokitzeko, erdal eledunei eska diezaietela euskaraz egin dezatela ETB1en irten behar dutenerako».

Egun badira gaztelaniazko adierazpenak egiteari uko egiten dioten lagunak. Zuzeun internauta batek aipatzen du Asier eta Aimar Olaizola ETB2n euskaraz agertu ohi direla, azpidatziekin, gaztelaniaz aritzeari ezezkoa ematen diotelako.

Urtzi Urkizu - BERRIA 2011.02.06
http://paperekoa.berria.info/agenda/2011-02-06/028/002/euskaldunek_etbn_...

Hainbat erakunde ofizialetan euskaraz hizketan datorrenari erdaraz egin dezan eskatzea aspaldi debekaturik dagoen arren, egoera hori egunero ematen da oraindik non eta Euskal Telebistan.

Elkarrizketak, adierazpenak,e.a. euskaraz eta erdaraz bietan egitea ohitura zaharra da Euskal Telebistan. Zoritxarreko praxi horren ondorioz, euskara ikus ezin bihurtzen da euskaraz bizi ez diren herritarrentzat, eta euskaltzaletasuna ikus ezin bihurtzen da herritar guztientzat.
Euskaraz nahiz erdaraz berdin hitz egin ahal izatea gauza ederra da. Baina bietan berdin hitz egin ahal izateak ez du esan berdin zaigula batan ala bestean jardutea. Ez luke hala behar behinik behin, zeren egunen batean herri honetako elebidunei berdin bazaigu euskaraz ala erdaraz egitea, euskara galbidean dela esan ahal izango dugu.

Euskaldunak Euskal Telebistan erdaraz hizketan agertzeak ondorio kaltegarriak ditu euskararentzat. Adornuko hizkuntza bihurtzen du, euskaraz esandako guztia gero erdaraz errepikatzen delako. Zalapartarik gabeko euskaltzaletasun naturala estali eta ezkutatu egiten du.
Eredugarri gerta daitezkeen pertsonak behin eta berriz adierazpenak euskaraz egiten ikusteak (erdal kanalean azpitituluz osaturik) euskaltzaletasuna ereiten du ikusleen bihotzean emeki eta etengabe. Euskara hobesteko mezu subliminala dakar. Pertsona horrek euskararen aldeko hautu pertsonala egin duela erakusten du apalki eta zalapartarik gabe. Gaur egun eskaintzen zaigun euskara eta erdararen arteko berdintasun axolagabea berriz, euskararen galgarria gertatzen ari da, gure gizartean gero eta maizago ikus dezakegunez. azpian sinatzen dugunok, Euskal Telebistako agintari eta langileei eskatu nahi diegu aspaldiko praxia aldatu eta ez eskatzeko euskaldunei erdaraz egin dezaten. Ezer eskatzekotan, euskaraz egin dezaten eska diezaietela.

Euskal Telebista euskararen mesedetan lan egiteko sortu zen, baina helburu horri beste batzuk nagusitu zaizkiola bistan da. Dena den, gainerako eztabaida gaiak oraingoz bazter utzi eta adostasunik zabalena iristearren azpian sinatzen dugunok, Euskal Telebistako agintari eta langileei eskatu nahi diegu aspaldiko praxia aldatu eta ez eskatzeko euskaldunei erdaraz egin dezaten. Ezer eskatzekotan, ETB zertarako sortu zen une batez oroituz, euskaraz egin dezaten eska diezaietela.

http://www.ipetitions.com/petition/euskaldunakeuskarazetbn