Hemen zaude

PRECO - murrizketak

Asteazkenean murrizketen kontrako greba orokorra eginda, murrizketen inguruko beste informazio bat banatzera gatoz, izan ere atzo PRECOn egon baikinen epaitegietarako bidean eman beharreko urrats bat betetzen.

Hau da, Madril edota Gasteiztik inposatzen dituzten murrizketen estrategian ETBko zuzendaritzak ere bere lana egiten baitu, eta epaitegietan ondo defendatu ere. Borroka tekniko-juridiko horretan ere egongo gara orduan.

Hauek dira atzo landutako gaiak, eta langileon ordezkarion eta zuzendaritzaren artean akordiorik egon ez zenez, epaitegien bidean dago salaketa:

  1. Gaixotasun bajengatiko osagarria:
    Patxi Lopezek asmatu eta inposatutako eskubideen murrizketa horren arabera gaixotzen garenean ez dugu soldata osoa kobratzen. Gogoratu beharra dago gure lan hitzarmenean ondo tasatuta dugula zein kasutan ezin den paga osoa kobratu, plantila osoaren %4tik gora bajan dagoenean alegia (amatasun eta lan istripu kasuak ezik).
     
  2. Aparteko orduak eta plusak aisian hartzeagatik betetzen ez diren ordezkapenak:
    Lana banatzeko eta kontziliazioa sustatzearren bere garaian lan hitzarmenean adostu genuena ere alde bakarrez urratutako eskubidea. Lanpostuak sortze aldera libratutako aparteko orduen %50a gutxienez ordezkatzeko konpromisoa hartu zuen zuzendaritzak eta ez du bete nahi. Bestetik ere, plusak aisian hartzeko eskubidea ere ukatzen ari zaigu. Jaurlaritzaren agindu baten ondorioa izan daiteke, hau da, lanposturik ez ordezkatzeko agindua.
     
  3. Plantilla estrukturala:
    Plantilla estrukturala adostu genuenean, kopurua finkatu eta OPEak ateratzeaz gain, beste akordio garrantzitsu bat ere jaso zen. Jubilatzen den pertsona bakoitzagatik beste lanpostu bat sortuko dela alegia (ez du zertan lanpostu berekoa izan beharrik). Honetaz ere zuzendaritzak paso.

Argi dugu beraz erasoak orokorretik abiatzen direla (Kapitala-Europa-Madril-Gasteiz...) eta zehatzean burutzen direla (ETBn), eta kate osoa ondo uztartuta dagoela. Gure borrokak ere ez du perspektiba hori galdu behar, eta asteazkeneko borroka bezain garrantzitsua da lantokian bertan egiten duguna. Borroka molde ezberdinak ere erabili behar dira kasuan kasu (greba orokorra, kontzentrazioak, instituzionala...)