Hemen zaude

EITBren 30. urteurrenaren beste aurpegia salatu dugu


Bilboko egoitzan ospatu den EITBren sorreraren 30. urteurrena dela eta, dena ez da arrosa kolorekoa. Hainbat ordezkari eta langilek protesta egin dugu azken urteotan ematen ari diren murrizketak eta komunikabide publikoaren gainbehera salatzeko.

Hona hemen ETBko Langile Batzordeak prestatu duen idazkia, kontzentrazioan banatu dena:

 

 
EITBk 30 URTE
MURRIZKETA GEHIAGORIK EZ!
ZERBITZU PUBLIKOAK GARATU!

 
 
Euskal Telebistak 30 urte betetzen dituela eta, arduradun kudeatzaile eta politikoek ospakizun handia egingo dute Bilboko egoitzan.
 
ETBko Langile Batzordea, kontran, ospatzeko gauza handirik ez dagoelakoan dago, honezkero desagertu ez izana ez bada behintzat. Gorabehera asko jasan ditu telebista publikoak, eta langileok lan baldintzak gogor borrokatuz defendatu behar izan ditugu urte hauetan guztietan. Bai eta externalizazio asmoak, lagunkeriak eta bestelako trakeskeriei aurre egin ere. Hain zuzen ere langile kopurua mantentzen bada langileon ekimenei esker izan da, gobernu eta zuzendaritza ezberdinen trabak gaindituz.
 
Azken urteotan zerbitzu publikoei orokorrean eraso eta murrizketa ugari inposatu zaizkie. ETB ez da salbu gelditu, eta aurrekontuen murrizketek zerbitzuaren kalitatearen kaltean eragin dute. Bai eta bertako eta azpikontratatutako langileon lan baldintzen kaltean ere (soldatak eta kontratazioak batez ere), kalte t'erdi beraz.
 
Gainera, besteen finantzazio arazoei irtenbide emateko Madril eta Gasteiztik inposatu diren neurriei, beste murrizketa mota bat pairatu izan du ETBk eta bertako langileok urterik urte. Gobernu eta alderdi politikoek euren interesetarako tresna gisa erabili izan dute, eta hori ez da zerbitzu publiko izatea.
 
Maletak aspalditik prest dituen zuzendaritzari eta Jaurlaritzari ezin diogu ezer eskertu. Etorriko diren berriei ordea, zera eskatzen, exijitzen diegu, ETB Euskal Herri osorako kalitateko zerbitzu publikoa izan dadin berma dezala, eta murrizketa gehiagorik ez egiteko. 
 
Euskal Telebistako Langile Batzordea
2012ko irailaren 6an