Hemen zaude

BERRIA: EITBk ez duela Begira kodea betetzen azaldu dute legebiltzarrean

Arantza Gutierrez EHUko irakasleak agerraldia egin zuen, atzo, Eusko Legebiltzarrean.

Arantza Gutierrez irakaslearen ustez, EITBko saio batzuetan sexismoaren apologia egiten da

«EITBn telebistako tertulietan emakumeen presentzia handiagoa da irratietan baino». Hala esan zuen atzo Arantza Gutierrez EHUko irakasleak Eusko Legebiltzarrean, Oihana Etxeberrieta EH Bilduko legebiltzarkideak eskatutako agerraldian. Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan ikertzaile taldearen izenean mintzatu zen Gutierrez, eta ondorioztatu zuen gaurkotasun tertuliak «maskulinoak» direla. «Esate baterako, Radio Euskadiko Parlamento en las ondas saioan, ez da betetzen inolaz ere legebiltzarrean dagoen parekidetasuna. Alderdi politikoek gizonak bidaltzen dituzte saiora». Telebista saio baten kasu adierazgarria ere aipatu zuen: «ETB2ko El programa de Klaudio saioan, gehienetan bost gizon eta emakumezko bat egoten dira. Tonua erasokorra izaten da, eta emakume batzuek deseroso sentitzen direla esan izan digute».

Gutierrezen arabera, EITBk ez du Emakunderen Begira aholku batzordearen kodea betetzen. «Bide handia dago egiteko, EITBn barnean ere bai». Begiraren helburu nagusia da eduki mediatikoek emakumea ez gaizki tratatzea, ez umiliatzea edo mendekotzat ez aurkeztea, eta, era berean, emakumeez eta gizonez ematen den irudia bat etortzea lortu nahi den errealitate sozialarekin.

ETBko eskaintzan, euskarazko saioetan egoera hobea dela nabarmendu zuen Gutierrezek: «Ahoz aho saioan, adibidez, parekotasun handiagoa dago. Tonua, gainera, euskarazko tertulietan ez da hain erasokorra». Programa horren datuetan eta Euskadi Irratiko Faktoria-n, edonola ere, emakumeen presentziaren ehunekoa asko alda daiteke hilabete batetik bestera.

EITBko irratietan, oro har, emakumeen presentzia ez dela %30era iristen azaldu zuen EHUko ikerlariak.

Alderdi politikoetako ordezkariek Gutierrezi galdetu zioten ea legebiltzarrean zer egin dezaketen egoera hobetzeko. Irakasleak erantzun zuen kuotak jartzea izan daitekeela aukera bat. «Profesionalek jarri behar dute kontrola. Profesional batzuek esaten dute emakumeek ez dutela solasaldietara joan nahi. Baina kontuan hartu behar da EITB talde publikoa dela, eta aitzindaria izan behar du». Egoeraren larritasuna plazaratu zuen ikerlariak, honako hitz hauekin: «Hedabideetako tertuliak gune maskulinizatuak dira, eta emakume batzuek esan digute handik gaizki ateratzen direla. Bestetik, emakumeak ez badaude halako saiotan, indarkeria sinbolikoa dago». Ikerlariak dirua eskatu du, formakuntzarako.

Kultura difusioa kezkagai

Eusko Legebiltzarrak, bestetik, erdibideko zuzenketa bat onartu zuen atzo, eta, horren arabera, EITBko zuzendaritzari eskatu dio hiru hilabetean diagnostiko bat egiteko arte eta kultura difusioari buruz. Arteen eta kulturaren estrategia bat adostu, eta urtebeteko epean plan bat abian jartzeko eskatu dio legebiltzarrak EITBri, programazioan arteak eta kultura sustatzeko. Zuzenketaren abiapuntua Elkarrekin Podemosen proposamen bat zen.

BERRIA 2017.12.19

EiTBk ez du bete emakumeen ikusgarritasunaz sinatutako konpromisoa

EiTBko tertulietan emakumeen presentzia neurtzen duen ikerketari buruzko txostena aurkeztu du EHUko Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan ikertaldeak. Datuak argiak dira: EiTB berdintasuna lortzetik urrun dago. Irratiko tertulietan, esaterako, emakumeen presentzia ez da heltzen heren batera ere, eta ohikoak dira emakumerik gabeko solasaldiak. Telebistan datuak zerbait hobeak badira ere, ez dira inondik inora pozik egotekoak: parte hartzen duten tertuliakideen %35,5 baino ez dira emakumezkoak. Emakumeek gidatutako euskarazko saioek dituzte datu positiboenak.

 

Sei parte hartzailetik bakarra da emakumezkoa
 

Eusko Legebiltzarrean inoizko parekidetasun handiena dagoen legealdian (legeak behartuta), emakumeen presentzia inoizko urriena du politika gaiak ardatz dituen Parlamento en las Ondas irratsaioan. “Alderdi politikoek gizonezkoak bidaltzen dituzte eta beraien erantzukizuna ere bada egoera iraultzea” jasotzen du txostenak. Boulevard saioak, aldiz, bikoiztu egin du elkarrizketetan parte hartzen duten emakumeen kopurua urtebetean. Hala ere, emakumeen presentzia gizonen herena baino txikiagoa izan da ia kate publikoko tertulia guztietan: Faktoria-n %30 , Boulevard-n %29  eta Ganbara-n %27.

Telebistako datuak hobeagoak dira, baina tertuliek “oso maskulinoak” izaten jarraitzen dutela nabarmentzen du txostenak. Gainera, testigantzetan bildu dutenez, tertulietan emakume parte hartzaileak deseroso sentitzerainoko giroa sortzen da, tonua erasotzailea baita. 2017/18 denboraldiko lehen hiru hilabeteetan (iraila, urria, azaroa ) orotara 166 pertsona pasa direla zazpi tertulia programetatik, horietatik 59 izan dira emakumezkoak (%35,5). Esan beharra dago, hainbat kasutan emakume bera ibiltzen dela tertuliaz- tertuliaz.

Euskarazko saioetan nabari da parekidetasuna lantzen ari direla: datuei erreparatuta, Ilaski Serranok eta Amaia Cayerok gidatzen duten Ahoz Aho saioa da berdintasuna lortzetik gertuen dagoena. Pasa den azaroan parte hartzaileen %49,16 emakumezkoa izan zen. Ahoz Aho+ saioa arratsaldez grabatzeak ere emakumeen ikusgarritasunari mesede egiten dio, izan ere, kontziliazioa eta zaintza lanak direla eta, gehienbat emakumeei zaila egingo litzaieke gaueko zuzeneko saioan parte hartzea: azaroko saioei dagokienez, %45,83tan emakumeek hartu zuten hitza. Dena dela, datuak aldakorrak dira hilabetearen arabera.

Txanponaren beste aldea ETB2ko Klaudio Landaren saioa da. Bere izena daraman programan sei gonbidatu bildu ohi dira eztabaida-mahaian; bost gizonezkoak izaten dira eta bakarra emakumezkoa. Tonuari dagokionez, irainak, oihuak eta elkarri txandak kentzea eguneroko gertakariak dira eta hainbat parte hartzaile “gaizki tratatuak” sentitu izan direla jaso du txostenak.

Ondorio nagusietakoa da EiTBk Emakunderen Begira egitasmoaren aholkuak ez dituela betetzen. Hau da, proiektuaren helburu nagusiak ez dituela aintzat hartzen: hala nola, eduki mediatikoek emakumea gaizki ez tratatzea, ez umiliatzea edo mendekotzat ez aurkeztea.