Hemen zaude

LAB-ETB: Erredakzioko gatazkari buruzko agerraldia.

Erredakzio Kontseilua aintzat hartzea eta kazetariei egindako oharpenak bertan behera uztea da ETBko LABek arazoari ikusten dion irtenbidea.

Euskal Telebistako LABeko sail sindikalak argi utzi nahi du ez duela istilua handitzeko asmorik. Jarrera horixe bera antzematen dugu gainera langile batzordean, erredakzioan eta langileria osoan orokorrean. Hain zuzen ere arazoari konponbidea da bilatu nahi dena, eta LABen iritziz oso momentu egokia da behin betirako konponbidea lortzeko, alde guztiek egoeraren larritasuna gaindituz edo aprobetxatuz.

Konponbiderako ezinbestez hiru premisa ikusten dugu, elkar loturik badaude ere, beti ere nahasmen edota irakurketa politiko guztiak erdigunetik kenduta, arlo profesional hutsera mugatuz:

1. Bi erredaktoreei egindako aperzibimenduak direlakoak bertan behera uztea.
2. Behin-behineko Erredakzio Kontseilua aintzat hartzea.
3. Erredakzio Estatutuaren negoziazioak burutzea, hain zuzen ere, Erredakzio Kontseiluaren “behin-behinekotasun” izaerarekin amaitzearren.

Lehen gaiari dagokionez, bai zuzendaritzak zein zerbitzu juridikoek diotenez “aperzibimendua” ez da zigor bat. Figura hori bera zein horretarako erabiltzen diren argudiorik bat ere ez baita agertzen lan hitzarmenaren diziplina arautegian. Eta zigor bat ez bada, zer da orduan? Erantzunaren ezean, LABek interpretatzen duena hau da, biolentzia ideologikoa edota nagusikeria, azken helburuak erredakzioko langileengan beldurra sartzea eta erredakzio kontseilua antolatzeko beldurra ere. Jazarpen ez bihurtzeko eta kontrol ideologikoa behin betikoz amaitzeko ezinbestekoa da lehenbailehen gelditzea.

Bigarren gaiaz zera aipa dezakegu, zalantzak ditugula egun zuzendaritzak erredakzio kontseilua onartzeko prest dagoenaz. Etorri berritan bai, ontzat ematen zuten, eta bilera mordoxka egin izan dute erredakzio estatutua negoziatzearren. Gertakizunen egunean bertan ere zuzendaritzak oraindik aintzat ematen zuen ohar batean. Ez dugu ulertzen zergatik erredakzio kontseiluko hiru kideetatik bakar bati eman izana oharpena. Kezkati gaude, izan ere langileen artean, zuzendaritzari eta langile batzordeari banatutako oharra erredakzio kontseiluaren izenean izan zen, eta ez “bere izenean banatutako anonimo” bat, leporatzen zaion bezala.

Eta hirugarren gaiaren harira, Erredakzio Estatutu Profesional bat da LABek beti aldarrikatu izan duena, eta hala sartu izan da urterik urte lan hitzarmenen plataformetan. 2010eko negoziazioetan Estatutu horren negoziazioa onartu egin zen zuzendaritza eta langile batzordearen aldetik, bai eta negoziazioa abiatu ere. Negoziazioak etenda gelditu dira hain zuzen ere zuzendaritza arlo profesionalera mugatu nahi izan ez zuelako, eta irakurketa politiko bat ezarri nahi izan duelako. Berriro diogu, politikeria erdigunetik atera behar dela, eta arlo profesionalera mugatu. Are gehiago komunikabide publiko batean.

LAB – Euskal Telebista
2010eko azaroaren 23an