Hemen zaude

ETBko eta EITBNETeko langile batzordeek EITBko irratietako langileei elkartasun osoa ematen diete

EITBko irratietako langileek irailaren 14an, 26an eta urriaren 19an greba egitea erabaki eta gero, ETBko zein EITBNETeko Langileon Batzordeek elkartasun osoa adierazi nahi diegu irratiko lankideei, eta euren aldarrikapenekin bat egiten dugula azpimarratu nahi dugu.

Irratiko Batzordeak salatu duen bezala, EITBko zuzendaritzak denbora luzea darama aldebakarreko erabakiak hartzen, lan hitzarmenak urratzen eta negoziaketa kolektiboari muzin egiten.

EITB 2030 estrategiaren baitan, goitik behera aldatzen ari dira langileon zereginak eta betebeharrak, gure eskubideei erreparatu gabe. Lan hitzarmenak errespetatzea eskatzen dugu, zereginen eta lan kargaren areagotzea aitortzea eta lan baldintzak eguneratzea.

Era berean, gogor salatu nahi dugu ez ETBn ezta eitb.eus-en ere irratiko lankideen greba deialdiaren berri eman ez izana. EITBko komunikabideok zerbitzu publikoa emateko betebeharra dugun aldetik, onartezina da taldeko irratiek greba egingo dutela eta zerbitzu minimoak emango dituztela ez jakinaraztea jendarteari.

Testuinguru honetan, zuzendaritzari jarrera aldatzeko eskatzen diogu, EITBn mahai gainean dauden gatazkak eta erronkak langileon iritzi eta eskubideak kontuan hartuta ados ditzagun.

ETBko eta EITBNETeko Langile Batzordeak