Hemen zaude

Hauteskundeetan ere, EITBk Feminismoa eta Euskara bigarren planoan

EITBko LABen iritziz Euskal Telebistak hauteskunde kanpainaren jarraipen informatiboa promozionatzeko erabiltzen ari den irudia guztiz desegokia da, emakumeei eta euskarari ematen zaien bigarren mailako paperagatik.

EITBko LABek bat egiten du EITBko Mugimendu Feministak Hauteskunde Orokorrak direla eta, ETBko aurkezleekin egin den promozio argazkiaren inguruan zabaldutako kritikarekin. Ez da onargarria argazki muntaia horretan emakumeei eman zaien trataera eta argi utzi du EITB oso urrun dagoela oraindik genero ikuspuntutik oinarrizkoak behar genituzkeen irizpideak barneratuta izatetik.

Bestalde, nabarmena da promozio argazki horretan euskarari ere eman zaion bigarren mailako izaera. Ez dugu uste kasualitatea denik gaztelaniazko saioak gidatuko dituzten hiru aurkezleei eman zaien "zentralitatea" argazkiaren erdi-erdian kokatuz, eta euskarazko saioak gidatuko dituztenak, berriz, bi aldeetan banatuz. Esanguratsua da EITBk bere sorrera helburuetan zehaztuta duen euskararen sustapen funtzioa auzitan eta hizkuntza irizpideen eztabaida pil-pilean dagoen honetan, irudi hau izatea komunikabide publiko honek gizarteari ematen dion eredua.

Honen guztiaren inguruko hausnarketa eta zuzenketa eskatzen diogu zuzendaritzari.

Euskal Herrian, 2019ko apirilaren 15ean