Hemen zaude

JOSU AMEZAGA: ETB1en arazoa ez da euskara

Josu Amezaga EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate saileko zuzendariak 'ETBrentzat eredu berri bat' txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean.

 

2018ko azaroak 4

0

 
Galdera egin du Josu Amezaga EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate saileko zuzendari eta irakasleak: «Ez al dugu sinetsi euskarak ez duela balio telebistarako?». Kezkaz egin du galdera, eta kezkaz hartzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako populazio osoaren %2k baino ez ikustea euskarazko telebista. Baina datu guztiak ondo aztertu eta gero, bere ondorioa argia da: «ETB1en arazoa ez da hizkuntza, edukia baizik». ETB euskaraz jaio zen, baina 1986an ETB2 sortu zuten. «Audientzia lehian borrokatu beharrak ETBren kuota estutu zuen, eta euskara kaltetuta atera da, kontzienteki edo inkontzienteki gaztelaniazko katearen aldeko apustua egin delako», gaineratu du Amezagak. Eusko Legebiltzarrean izan zen duela egun batzuk, EITBren erreforma integralerako lantaldearen aurrean ETBrentzat eredu berri bat txostena aurkezten.

Datuek argi erakusten dute ETB1eko eta ETB2ko programazioak ezberdinak direla oso. «Sozialki, de facto, kanal tematiko bilakatzeko bidean dira ETB1 eta ETB2». Kantar Mediaren datuen arabera, 2017an kirol emankizunek ETB1eko ikusle kuotaren %44,8 bete zuten. «ETB1en kirola izan da eta da nagusi: ez, programazio denboran; bai, ordea, erakargarritasunean. Informazioak, bestalde, ez du ikusle askorik erakarri azken bizpahiru urtera arte».

ETB2 kateari dagokionez, Hego Euskal Herrian ikus daitezkeen kateetan baino dezente handiagoa da informazioaren pisua. Soilik TVEko 24H informazio kateak gainditzen du horretan. Iaz, informazioak ETB2ko ikusle kuotaren %60,6 bete zuen.

Amezagaren iritziz, azkeneko hamarkadatan gertatu diren erronka berriei aurre egiteko orduan ETB2 «eraginkorragoa» izan da ETB1 baino; «edo, agian, audientzien lehia ETB2n kontzentratu da gehiago, ETB1en baino». Irakaslearen arabera, ETB1en eta ETB2ren arteko alderik handiena izaeran datza, hizkuntzan baino gehiago. «ETB2k lehia egiten dio ETB1i bere audientziari eusteko. Izan ere, ETB2 da euskaraz mintzatzeko gai diren pertsona gehien erakartzen dituena». Gaur egun ETB2 ikusten dutenen %54 euskaraz mintzatzeko gai da, eta %72 euskara ulertzeko gai da —14 urtetik beherakoak kontuan hartu gabe—. «ETB1en ikusleria da ETB2ren ikusleriaren antzik handiena duena».

Esanguratsua da Amezagak txostenean jasotako adibide bat: El conquistador del fin del mundo ETB2ko saioaren ikusleen %56 euskal hiztunak dira, eta %80 euskara ulertzeko gai dira. «Eta, hala ere, programa guztia gaztelaniaz egiten da, benetakotik baino gehiago fikziotik duen errealitate bat birsortuz».

ETBk informazioa eta aisia gaztelaniaz lehenesteak bi mezu «kaltegarri» zabaltzen ditu euskararen normalizazioaren ikuspuntutik: «Euskaldunei, oharkabean, zera esaten zaie: 'Gaztelania erakargarriagoa da'; euskara ez dakitenei, beste honako hau: 'Euskara ikasi beharrik ez dago, behar duten guztia gaztelaniaz emango baitzaie'».

Azpidatziak falta dira

Eredu berri bati begira, nabarmentzekoa iruditzen zaio Amezagari ETBk, oro har, azpidatziak hain gutxi erabiltzea. «ETB1en ez dira batere erabiltzen, euskararen ezagutza urria edo batere ezagutzarik ez dutenengana iristeari uko eginez eta, bidenabar, entzumen urritasuna duten euskaldunak telebista jarraitzeko aukerarik gabe utziz». Irakasleak uste du euskaraz ulertzen ez dutenak erakartzeko borrokatu beharko luketela ETB1en. «Galesen eta Eskozian, adibidez, saiatzen dira erakartzen hizkuntza gutxitua ulertzen ez dutenak. Azpidatziak erabiltzen dituzte, familia mistoetarako, besteak beste».

«Publiko ezberdin bi barik —euskaldunak eta ez-euskaldunak— populazio osoak osatutako publiko bakarra xede izango duen eredua behar luke ETBk», proposatu du Amezagak. Kanal bat, hizkuntza bat paradigma gainditzea funtsezkotzat jo du. «ETBn euskarak izan behar du hizkuntza zentrala, ez bakarra. Nahikoa litzateke Europan hizkuntza gutxituan ari diren gainerako telebistei begiratzea. Haietan, programazioaren bihotzean dago hizkuntza gutxitua, eta hori menderatzen ez duten ikusleak ere erakartzeko estrategiak baliatzen dituzte».
 
BERRIA 2018.11.04