Hemen zaude

EITBren erronkak

Josu Amezaga - EHUko irakaslea

Gauza asko aldatzen ari dira telebistaren panoraman, arlo teknologikoan, enpresa arloan zein arlo sozialean. Artikulu honetan saiatuko naiz, batetik, aldaketa horietako batzuk azpimarratzen; eta, bestetik, egoera berriei heltzeko egiturazko arazo batzuk nabarmentzen. Bereziki telebistari erreparatuko diot, nahiz eta medioen arteko loturak (telebista, irratia, Internet) oso kontuan hartzekoak diren.

Digitalizazioa

Urte eta erdi barru Hego Euskal Herriko etxeetan hartuko diren telebista emanaldiak digitalak izango dira, itzalaldi analogikoa dela-eta. Aldaketa ez da teknologikoa soilik, eta eragin zuzena izango du telebista erabiltzeko moduan. Besteak beste, behin telebistako seinaleak digitalizatuta, medioen arteko trukea oso erraza da: telebista saioak Interneten eman daitezke, aldi berean edo beste une batean ikusteko (podcas-tak); formatuak molda daitezke, beste euskarri batean ikusteko (adibidez, sakelako telefonoetan); eta abar. Digitalizazioak dakarren beste aldaketa bat kanalen biderketa da: kanal analogiko batek okupatzen duen frekuentzian hiruzpalau kanal digital sar daitezke.

Hizkuntzari dagokionez, digitalizazioak aukera berriak dakartza: esaterako, DVD diskotan bezala hizkuntza aukeratu ahal izango da, edota azpitituluak jarri eta kendu, teleaginteko botoia sakatuz. Azken horrek ateak zabaltzen ditu entzunez ondo ulertzen ez diren hizkuntzak idatziz laguntzeko, besteak beste. Aukerako audio eta azpitituluekin, orain arte ezagutu dugun kanal bat = hizkuntza bat eskema zaharkituta egon liteke hemendik gutxira.

Aldaketa teknologiko horiek eragina izango dute, beste batzuekin batera, telebista erabiltzeko moduan. Bestalde, ez dugu 2010eko apirilera arte itxaron beharko haiek ikusteko: aipatutako guztiak errealitate dira gaur egun, eta epe laburrean joerak areagotu egingo dira.

Eskaintza

Teknologia ez ezik, eskaintzaren egitura ere ari da eraldatzen. 1982an beste kanal birekin lehiatu behar zuen ETBk, hegoaldeko Euskal Herrian. Gaur egun etxe gehienetan dozenaka kanal jasotzen dira, antena, kable, satelite edo Internetez. Horrek kanalen arteko lehia eta edukien banalizazioa ekarri ditu; baita publikoaren fragmentazioa ere (gaikako kanalak, sektore jakinetara zuzendutako kanalak eta abar).

Biderketa hori euskarazko emanaldietan ere gertatzen ari da: duela gutxira arte euskarazko kanal bakarra iristen zen etxe gehienetara. Orain ETB3 azaldu da, eta laster euskara hutsezko tokiko telebistak izango ditugu EAEko eskualde guztietan. Horri gainerako tokiko telebista guztiek bete beharreko euskarazko emanaldien kuotak gehituko zaizkio, bai eta datorren urtean ETB4 elebiduna ere. Beraz, hemendik bizpahiru urtera EAEko etxeetan euskarazko hiruzpalau kanal jaso ahal izango dira, gehi beste pare bat elebidun (beti ere, ordurako euskarazko kanalez hitz egiterik badago).

Publikoa

Publiko potentziala asko handitu zaio euskarazko telebistari: ETBren sorreran Baskongadetako populazioaren %22 euskalduna zen, eta %15 ia-euskalduna. 2006ko erroldaren arabera, aldiz, %37 dira euskaldun, eta %22 ia-euskaldun: orotara %59 euskarazko emanaldiak uler ditzaketenak. Publikoaren ezaugarriak ere aldatu dira: euskaldunak ez dira, jada, familia euskaldunetan bizi soilik: haien erdia ia-euskaldunekin edota erdaldunekin bizi da, eta hizkuntzaz homogeneoak diren etxeak gero eta gutxiago dira: kide guztiak euskaldunak diren etxeak EAEko %17 dira, eta guztiak erdaldunak direnak %30. Gainerakoak linguistikoki mistoak dira.

Euskarazko telebistak izan dezakeen publikoa beraz ez da soilik familia euskaldunetako kideek osatua: familia mistoak, giro erdaldunean sakabanatutako euskaldunak, edo euskara ulertu bai baina ohitura edo erraztasunik ez dutenak ugalduz doaz. Horiei guztiei ere nola zuzendu sakon hausnartu beharko da, baliabide digitalak kontuan hartuta. Beti ere telebistak euskararen normalizazioan garrantzizko lekua izan behar duela sinesten badugu.

EITBren egoera aldaketen aurrean

EITB ez da sekula egon, sorreraz geroztik, hau bezalako une erabakigarrian. Nola egingo die aurre erronka hauei guztiei? Nire ustez, egiturazko arazo sakonak daude, egungo egoerari behar bezala erantzuteko. Hala ere, ez da asko hitz egiten, agian etsipena nagusitu baita euskal jendartean EITBri dagokionez. Normaltasun itxuraz bizi dugu oraindik EITBren izaera definitzen eta bere funtzionamendua arautzen duen legea 1982koa izatea, hots, etxe askotan telebista zuri-beltzezkoa eta ETBren lehiakide bakarrak VHF eta UHF zireneko garaikoa. Eta normaltasun itxuraz bizi dugu 2005ean lege hori aldatzeko Eusko Legebiltzarrean abiatu zen prozesua duela hiru hilabete bertan behera gelditu izana.

Normaltasun itxura berberaz bizi dugu sorreraz geroztik sekula izan dituen erronkarik handienen garaian, EITB Zuzendari Orokorrik gabe urtebetez egotea, aurrekoa sei urtez modu interinoan egon ostean; eta normaltasun itxura bera egiten dugu gutxienez hurrengo urte erdian Zuzendari Orokorrik gabe jarraituko duela jakitean. Normaltasun itxura bai, baina ez da normala: horrelako une estrategiko batean Zuzendari Orokorrik gabe EITBk bere egitekoa taxuz bete ahal badu, pentsatzekoa da orduan zer dela-eta izan den aurreko hogeita bost urtetan soldata hori gastatzeko beharra; edota hemendik aurrera ere kargu hori mantentzeak merezi ote duen.

Ez dira sekretuak EITBren Legearen eta Zuzendari Orokorraren inguruko gorabeherak: EAJk PSErekin hitzartu nahi ditu bata zein bestea. Beste batzuekin ere hitzar litzake (EHAK kasu), EITBri burua zein esparru legal gaurkotua emateko, baina hori ez du nahi. PSErekin nahi du, arrazoi politikoengatik. PSEk ez du hitzarmenik nahi hauteskundeen aurretik, ondoren indar posizio hobean egongo delakoan. Jokabide horiek ohiturazkoak dira, ez, haatik, larritasun txikikoak.

Hauxe da EITBren arazorik handiena, politikaren mende hain modu zuzenean egotea. Horrek markatu du euskal telebistaren ibilbide osoa azken 26 urtean, eta horrek marka dezake etorkizuna ere.

Arazoa ez dago EITB barruan soilik, gorago baizik: politikaren arloan kokatzen da. EITBren eginkizun kultural eta sozialak bigarren mailan eta erabilera politikoa lehen mailan jartzetik dator arazoa. Erabilera politikoa lehenetsiko zuten ere EITBri urte bukaeran lehergailua jarri ziotenek.

Ikuspegi hori gainditzen ez dugun bitartean, guztiz ezindua egongo da EITB etorkizun hurbilari aurre egiteko. Horrela, orain arteko akatsak errepikatu, hemendik aurrerako beharrak ase ez, eta sortzen ari diren aukera berriak alferrik galduko dira. Denbora EITBren aurka dator, oso arin etorri ere. Eta EITBk galtzen badu, hark euskarari eta euskal jendarteari eman diezaiekeen guztia galtzen dugu.