Hemen zaude

BERRIA ERREPORTAJEA: Itzalak argien gainetik

EH Bilduk ekainaren 19an Miramonen egindako bisita ofizialaren argazkietako batzuk ikus daitezke orrialdeotan.Sindikatuek diotenez, ETBko Miramongo egoitzak erreferentziazkoa izateari utzi dio, eta zentro «zaharkitu» bat da orain. Bi urtean, ez da fikziorik grabatu

Miramon, Donostia. Euskadi Irratiaren eta Gaztearen egoitza —EITB Neterako aritzen diren langileak ere han daude—. Baina espazio fisikoaren hiru laurden baino gehiago ETBk hartzen du, batik bat entretenimenduzko saioen ekoizpenerako. Dena den, ia bi urte dira han fikziorik grabatzen ez dela —Go!azen telesaila beste toki batzuetan grabatu dute—. Eskamak kentzen izan zen Miramonen grabatu zuten azkenekoa, eta dekoratuen parte batzuk desmuntatu gabe daudela ohartarazi dute LABeko eta ELAko ordezkariek —2016ko udaberrian erabaki zuen telebistak telesailarekin ez jarraitzea—. BERRIA saiatu da Miramongo zentroko arduradunekin hitz egiten, baina EITBk ez du erreportaje honetan parte hartu nahi izan.


Ekainaren 19an, Eusko Legebiltzarreko taldeetako ordezkariek —EAJ izan zen joan ez zen bakarra— bisita bat egin zuten Miramongo zentroan. Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak argazki batzuk jarri zituen Twitterren, eta zentroaren egoeraren inguruko kezka plazaratu. Egoera horretara iristeko, Reyes Zelaia LABeko ordezkariak uste du bilakaera bat izan dela: «Miramon erreferentziazko zentro bat zen, puntako teknologia zuena, Europan eredutzat jotzen zena eta produktibitate handikoa, eta egun horrela dago. Zentroa bera teknologikoki atzera gelditzen ari da; ez da berrikuntzarik egiten. Bestalde, zerbitzu asko esternalizatu egin dituzte. Aurrekontua murriztu egin da, gainera. Sekulako gabeziak daude zentroan».

Ekoizpen etxe batzuetako langileek bertan dute lantokia; han ari dira saioak egiten ETBrako. Egoitzako LABeko eta ELAko ordezkariek salatu dutenez, baldintza «oso txarrak» dituzte ekoizpen etxeetako langileek. Joseba Alkiza LABeko ordezkariaren arabera, Miramonen azkenaldian egin diren inbertsio teknologiko bakarrak bideratuta egon dira ekoizpen etxeek bertan lan egin ahal izateko.

Bego Atin New Media Euskadi ekoizpen etxeko ekoizle eragile eta enpresako langileen ordezkariaren iritziz, Miramon «oso zaharkituta» gelditu da Bilboko egoitzarekin alderatuta. 25 urte baino gehiago dira Atinek ETBrako saioak egiten dituena —etxe barnean ardura postuak bete ditu—. «Ikus-entzunezkoen sektorean aurrerapen asko egon dira alor teknologikoan, gauzak aldatu egin dira, eta, horretara egokitzeko, inbertsio handiak behar dira. Miramonera datozen inbertsioak poliki-poliki datoz», aitortu du New Media Euskadiko ordezkariak. «Ezin duzu horrelako zentro bat izan eta kalitatea sakrifikatu. Kalitatea behar duzu, eta, horretarako, baliabide garestiak behar dira».

Estarronak zabaldutako argazkiek segurtasunaren gaia plazaratu zuten. Jon Zubeldia (LAB) segurtasun eta osasun batzordeko kidea da, eta, hark esan duenez, zentroko segurtasun arduradunak beti esaten du araudia betetzen dela. «Dena ondo seinalizatuta dagoen heinean, esaten du ez dagoela arazorik segurtasun aldetik. Nik egoera larri ikusten dut». Alkizak azaldu duenez, Estarronaren argazkien oihartzunaren ostean, ETBk korridoreak txukundu zituen. Edonola ere, Zelaiak ohartarazi du platoetako segurtasun irteeretako ateak askotan blokeatuta egoten direla. «Lege aldera ematen dute dena, zuritu egiten dute, baina guk salaketa asko jarri ditugu», dio Zubeldiak.

ETBko ELAko ordezkari Ander Bengoak salatu du azkeneko bospasei urteetan sindikatuek ez dutela zuzeneko harremanik izan zuzendaritzarekin. «Garai batean, hilero egiten genuen bilera bat. Zuzendaritzaren aldetik utzikeria dago Miramonekiko eta langileen harremanarekiko. Guk zuzendaritzari esan genion prest geundela esateko zer zegoen gaizki eta zertan lagun genezakeen, baina iaztik erantzunaren zain gaude». Bengoak iradoki du zentroa «biltegi orokor baten modukoa» dela, «trastez betea». Segurtasun arazoetara itzuliz, Bengoa kexu azaldu da: «Inork ez ditu erabakiak hartzen. Langileok esaten dugu gauzak ez daudela ongi, baina arduradunek ez dituzte erabakiak hartzen».

Miramongo bilakaeraren barnean, garai batean dekoratuak ETBko langileek egiten zituzten. Hori nola aldatu den azaldu du Zelaiak: «Aroztegi handi eta ondo prestatutako bat zegoen, eta margolarien beste areto bat. Dekoratuak hemen egiten ziren. Lau zurgin eta hiru margolari zeuden lehen. Lau zurginak erretiratu egin dira, eta aroztegia itxi dute. Bi margolari hil egin ziren, eta bakarra dago [laster erretiratuko da]. Horrenbestez, dekoratu guztiak esternalizatuta daude». Miramongo bidea «esternalizazioaren bidetik» doala salatu dute sindikatuek. LABeko Jabier Estebanezek nabarmendu du Miramongo langile finkoen kopurua txikiagotzen ari dela, eta ekoizpen etxeena handiagotu dela: «Zuzendaritzarekin adostu behar genuke langileen zein ehunekok izan behar duen ETBkoa eta zein ehunekok ekoizpen etxeena».

Ekoizpen etxeen baldintzak

EITBk ez die erantzun BERRIAren galderei, baina Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak honako hau esan zuen iazko ekainean Martin Ugalde foroko solasaldian: «ETBn eta ekoizpen etxeetan ez da erritmo berean ekoizten. ETBn prozesuak, lan hitzarmenak eta beste hainbat kontu daude, eta horrek eragiten du erritmoak ez izatea ekoizpen etxeetan dagoen motibazio puntu horrekin. Ekoizpen etxeek kontratua mantendu egin behar dute, audientzia bat eman behar dute, eta, ez badituzte audientzia horiek ematen, ez da kontratua luzatzen. Beste motibazio bat dute. Tentsio horren pean, erritmoa pixka bat bizkortu egiten da. ETBn hobetu beharko dugu motibazioa, malgutasuna, aukera eman langileei. Horretarako, sindikatuen aldetik beste jarrera bat egon beharko litzateke, eta ez dakit jarrera hori zenbateraino dagoen».

Zelaiak uste du ekoizpen etxeetako kontratuetan soldatetako diru sailak ez direla sekulakoak izaten. «Ekoizpen etxe batzuetan besteetan baino egoera hobeak izango dituzte, baina oro har ETBko langile finkoak garenak baino askoz baldintza eskasagoetan egiten dute lan». Ekoizpen etxe bakoitzaren errealitatea ezberdina da; K2000ko langileen ordezkariek, adibidez, nabarmendu dute lan hitzarmen propioa dutela eta dena araututa duela. «Langileen kexarik ez daukagu», esan du K2000ko Edurne Zarandonak.

New Media Euskadi ekoizpen etxeak kontratatutako langileek asteko 40 lanordu dituzte. «Proiektuaren edo saioaren arabera, ordutegi finko bat dugu. Baina saio bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta grabazio egunetan ordutegia aldatzen da. Malgutasun bat dugu», esan du Atinek. Ekoizpen etxe horrek ez du lan hitzarmen propiorik. «Saioaren arabera, epeetarako kontratatzen ditugu langileak».

Mikel Larrañaga LABeko ordezkariaren arabera, EITBko zuzendaritzak esan ohi du ez dela nor esateko zer egin behar duen ekoizpen etxeak kontratuko diruarekin. «Iruditzen zaigu kontrol bat egon beharko litzatekeela. Ezin dena da langileak esklabotzatik gertu izan, ETBk ekoizpen etxeari diru gutxiago eman diolako». Larrañagak dio hori gero eta gehiago gertatzen dela: «Erabaki politikoak dira. Miramongo adibideak utzikeriaren ondorio dira. Bitartean, ETBko langileok gero eta lan gutxiago egiten ditugu, eta dena ekoizpen etxeetara bideratzen da».

Ekoizpen etxeek ikusle datuen araberako helburuak bete behar dituzte, Iturbek aitortu zuen moduan. Modu horretan aritzea «oso krudela» dela uste du Atinek: «Audientziaren menpe bizi zara. Arazo handi bat da hain epe laburrera lan egitea, lanerako zein saioak egonkortu eta fideltasuna lortzeko. Bigarren edo hirugarren emanaldirako jakiten dugu saio batek etorkizunik izango ote duen ala ez».

Platoen errendimendua

Fikziorako, Miramongo plato handi bat erabiltzen zen, 1.200 metro karratukoa; ospakizun giroan inauguratu zuten 2007. urtean, Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusia zela. 27 platoa. Bengoak plato horrekin gertatutakoa kontatu du: «Europako plato handienetakotzat saldu zen, baina, azkenean, biltegi bat da. Gainera, euria egiten bazuen, grabaketa eten egin behar zen, kanpokoa gehiago entzuten baitzen grabatutakoa baino. Sartu beharreko dirua ez zen sartu. Erabakiak korrika eta presaka hartzen dira zentroan».

Miramonen dauden plato guztietatik bakarra da HD edo goi bereizmenekoa. Gainontzeko platoetan grabatzen diren saioak SD formatuan daude. Gertatzen da, bestalde, plato berean hainbat saio jarraian grabatzea, dekoratua oso gutxi aldatuz. LABeko Jon Mikel Telletxea kritiko mintzo da: «Horrek izaera falta ekartzen du. Saio guztiak igualak dira, argiztapena ere bera da. Dena planoagoa da, eta langile gutxiagok egiten dute lan».

Zelaiak uste du helburuak argi izan behar direla: «Zer garen eta zertarako gauden ikusi behar da. Telebista txiki bat gara, Euskal Herriari zuzendua eta publikoa. Duintasunez aritu behar dugu». Larrañaga kexu da, datozen urteetarako ez duelako proiekturik ikusten: «Ez dago proiektu estrategikorik Miramonen. Ez da ikusten etorkizunean zer izatea nahi duten. Ekoizpen etxeen bulego bat izan daiteke, eta guk haientzat lan egin». «Bilboko egoitzarekin alde handia dago», dio Larrañagak.

Departamentuen subkontratazioak eta Miramongo antolaketa faltak produkzioak aurrera ateratzea «gero eta zailagoa» egiten dutela diote zentroan aritzen diren hainbat langilek.

EITBren erreformaren atarian —Eusko Legebiltzarreko lantaldetik iritsiko da, bi urteko epean—, itzal gehiago ikusten dira Miramongo zentroan argiak baino.

 

EH Bilduk ekainaren 19an Miramonen egindako bisita ofizialaren argazkietako batzuk ikus daitezke orrialdeotan. EH BILDU

 

Urtzi Urkizu - BERRIA 2017.09.12