Hemen zaude

J.AGIRRE BERRIAn: «Eragile askok dute zer esana EITB aldatzeko»

Jasone Agirre. EH Bildu koalizioko legebiltzarkidea: «Eragile askok dute zer esana EITB aldatzeko»

'EITB 2022. Eredu berriaren oinarriak' agiria aurkeztu du asteon EH Bilduk, eta beste talde politikoei bidali die. Agirrek esan du egungo egoerara egokitu behar dela EITBren lege berria.

1991tik 2016ra ETBn kazetari lanetan aritu ostean, EH Bilduko legebiltzarkide taldean ari da orain Jasone Agirre (Abadiño, Bizkaia, 1968). «Aldaketa handia da, eta beste mundu bat ezagutzen ari naiz». Aitortu du «gogorra» egiten ari zaiola, baina, era berean, «aberasgarria» ere bai.

Aurkeztu duzuen proposamenean, EITB «kalitatezkoa, euskalduna eta independentea» nahi duzuela diozue. Gaur egun ez al da horrelakoa?

Kalitatean aurrerapausoak eman behar dira. ETB1 euskalduna da, baina zenbat aurrekontu ematen zaio? Eta Euskadi Irratiari? Nahikoa al da horrekin? Eta kale gehien independente ez izatean egiten du. Gauza bat da telebista publikoa, eta bestea alderdikoia izatea. Pausoak behar dira.

Esan duzue unean uneko gobernuetatik independentea izateak EITBri prestigioa emango diola. Zer behar da horretarako?

Egun ardura postu guztiak atzamarrez erabakitzen dira, konfiantzako postuak dira. Ez dago karrera profesionalik. Botere gune guztiak konfiantzakoak dira. Irizpidea izan behar dute profesionalaren gaitasunak eta merituak, eta, batez ere, aukera berdintasuna bermatu behar da.

Ikus-entzunezko kontseilu bat beharrezkoa ikusten al duzue?

Bai. Organo bat behar da, norabide bat markatuko duena.

Ikus-entzunezko lege berriak nolakoa izan beharko luke?

Egungo legea 1982koa da, orduko parametroetan egina. Mapa soziolinguistikoa asko aldatu da. Legeak egungo egoerara egokituta egon behar du. Eta ahalbidetu behar du EITB kalitatezkoa, euskalduna eta independentea izatea.

Informazio agentzia publikoa sortzeko eskatu duzue.

Komunikabideek sarri menpekotasun handia dute informazio agentzietatik datozen albisteetatik. Agentzia kokatuta dagoen tokiak baldintzatu egiten du. EITB hurbila izatea nahi badugu, norbere agentzia publikoa izatea garrantzitsua iruditzen zaigu.

Proposatu duzue aurrekontuetan ETB1ek lehentasuna izatea, eta euskara sartzea ETB2n eta Radio Euskadin. Beste taldeak ados egon al daitezke?

Jakin nahiko nuke hori. Interesgarria da PSE-EEk aurkeztu zuen txostena [2015ean]. Eurek onartzen dute egoera soziolinguistikoa aldatu dela, eta EITB horretara egokitu behar dela. Mapa aldatu behar bada, zergatik ez da aldatzen programazioa horren arabera? Ez dakit zergatik ez den ETB2n euskara gehiago sartzen. Herritarrek modu naturalean hartuko lukete.

EAJk EITBren eredutik koma bat aldatu nahi ez badu, zer gerta daiteke?

Gure borondatea eta konpromisoa da EITBren eredua aldatzea. PSE-EEk positibotzat jo badu gure proposamena eta Elkarrekin Podemos ere hitz egiteko prest badago, konbentzituko dugu EAJ. Gainera, alderdi politikook erantzukizuna daukagu, baina eztabaidak ez du horretara mugatu behar. Eragile askok dute zer esana EITB aldatzeko. Alderdiekin ez ezik, kaleko jendearekin eta eragileekin ere lortu behar ditugu akordioak.

Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko eragileek ere parte hartu beharko lukete?

Bai, hala uste dut. Eta EITBren emisioak modu naturalean heldu beharko lirateke toki horietara.

1999an, Andoni Ortuzar izendatu zuten EITBko zuzendari nagusi, EAJren, EAren eta Euskal Herritarrok alderen botoekin. Ortuzarrek oso gutxi zekien euskaraz. Zer ezaugarri izan beharko lituzke EITBko zuzendari berriak?

Zuzendariak konpromisoa izan behar du aipatzen ari garen berregiturarekin. Eta euskalduna izan beharko luke.

EITBren aurrekontuen ehuneko handi bat lantaldearen pertsonal gastuak hartzen du. Aldaketak egin beharko lirateke?

Lantalde estrukturala zein den aztertu eta erabaki behar da, zenbat jende behar den egunero antenara irteteko eta kalitatezko irrati-telebista bat egiteko. Horren araberakoa izan beharko luke aurrekontuak.

Argazkia: LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

BERRIA 2017-01-15 / Urtzi Urkizu

http://www.berria.eus/paperekoa/2230/041/002/2017-01-15/eragile_askok_du...