Hemen zaude

BERRIA: Ikuslearen defendatzailearen figura garatzeko eskatu du legebiltzarrak

Erdibideko zuzenketa aurkeztu dute EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk, eta aldeko 73 boto izan ditu
 
EH Bilduk jarri zuen gaia mahai gainean, legez besteko proposamen batekin. Koalizioak nahi zuen Eusko Legebiltzarrak EITBko zuzendaritzari eskatzea ikus-entzulearen babeslearen figura autonomoa sortu eta arautzeko proposamen zehatza aurkeztea, «herritar orok egiazko informazio independente eta plurala jasotzeko duen eskubidea zaintze aldera». Eusko Legebiltzarrean gaiarekin lotutako erdibideko zuzenketa bat onartu zuten atzo, EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk adostua: aldeko 73 boto izan zituen, eta UPDko ordezkaria izan zen abstenitu zen bakarra.
Onartutako testuaren arabera, Eusko Legebiltzarrak EITBren administrazio kontseiluari eskatu dio amaitzeko barne araudi batzordearen lana, eta bere barne araudia onartzeko —ekainaren amaieran egingo den bileran dira onartzekoak—. Zuzenketak honela jarraitzen du: «Etorkizunean beste definizio batzuen aukera baztertu gabe, gara dezala EITBren erabiltzaileen defendatzailearen figura eta lan autonomoa, eta ezagutzera eman dezala, herritarrek kexak eta proposamenak helarazteko aukera izan dezaten».

Legearen arabera, gaur egun ikuslearen babeslearen funtzioa EITBko administrazio kontseiluko buruari dagokio. «Teorikoki da hori, baina ez du inolako efektu praktikorik», esan zuen EH Bilduko legebiltzarkide Unai Urruzunok. EAJko Luke Uribe-Etxebarria da egun administrazio kontseiluko presidentea, eta, azaldu duenez, figura hori ezagutzera eman behar da. «Administrazio kontseiluaren araudi berrian, sakondu egingo da defendatzailearen figuran», esan zuen EAJko kideak. PPko Nerea Llanosen iritziz, gizartean inork ez du ezagutzen figura hori existitzen denik. Uste berekoa da Urruzuno, eta eskatu zuen aztertzeko ea alderdietako kide batek ala pertsona independente batek bete behar duen.