Hemen zaude

EITB Taldeko langileentzako oharra, soldataren %5aren murrizketaren inguruan. Nahasmena argitzearren.

LABek administrazio kontseiluan eta legebiltzarrean eskatuko du kendutako dirua EITBko langile guztioi itzultzeko, auzitegi konstituzionalaren epaiak ETBkoei bakarrik eragin arren.

Ostiralean oharra kaleratu eta gero urduritasuna eta zalantza ugari sortu da EITB Taldeko langileen artean. Egoera nahiko garbi azaldu bagenuen ere atzo ELAk prentsara bidalitako oharrak nahasmen handia sortu zuen, eta egoera argitzera gatoz berriro ere, xehetasun gehiagorekin:

Prozesua berriro argitzearren:

  • 2010ean Madrilgo PSOEren gobernuak %5aren murrizketa agindu zuen dekretuz Estatu osoko administrazio publikoetako langile guztientzako. Erkidego autonomoeak agindua egokitzera behartuta zeuden.
  • EAEn agintean zegoen PSEren gobernuak erabakia sektore publiko osora zabaldu zuen. Hau da, administrazio publikoez gain, sozietate publikoei ere ezarri zien murrizketa. Arazoa hor sortu zen, Jaurlaritzak ez duelako eskumenik oinarrizko lege baten gainean (langileen estatutua kasu) legislatzeko.
  • Argituko dugu gure kasuan EITB entea administrazio publikotzat hartzen dela, baina Euskal Telebista E.A, Eusko Irratia E.A. eta EITBNET E.A. ez, sektore publikoaren barruan dauden sozietate publikoak dira.
  • Ohitura izan da gatazka kolektiboetan gehiengoa duen sindikatuak prestatzea salaketak, eta, ondoren, gainontzeko sindikatuetako aholkulari juridikoekin partekatu. Horrela, salaketa 2010ean EAEko Auzitegi Gorenean (TSJPV) jarritakoan, ETBko langile batzordearen salaketa LABek prestatu zuen, gainontzeko abokatuekin kontrastatuz. EIko batzordearen salaketa ELAk prestatu zuen. EITBNETek ez zuen ordezkaritza sindikalik, eta sozietate honetan ez zen murrizketen kontrako salaketarik jarri.
  • 2011ko urtarrilean EAEko Auzitegi Nagusiak gure salaketen kontrako ebazpena eman zuen. Ondorioz langile batzordeek helegite bana jarri zuten Madrilgo Auzitegi Gorenean (TS). Eusko Irratikoa eta EITBkoa ELAk bideratu zuen, eta Euskal Telebistakoa LABek.
  • Auzitegi Gorenak 2014ko irailean atera zuen ebazpena: Eusko Irratiaren eta EITBren murrizketen kontrako helegitea ez zuen onartu. Euskal Telebistaren kasuan, LAB-ek neurriaren konstituzionaltasuna auzitan jarri zuenez, Gorenak zalantza hau Auzitegi Konstituzionalera (TC) bideratzea erabaki zuen.
  • 2015eko uztailaren 31n Auzitegi Konstituzionalak Euskal Telebistako langile batzordearen helegiteari eman dio arrazoi eta orain Auzitegi Gorenak azken epaia idatzi beharko du.

 

Gauzak nola dauden:

  • LABeko zerbitzu juridikoen arabera Eusko Irratian, EITBNETen eta EITBn ez dago bide juridikorik, hura Auzitegi Gorenean 2014an amaitu bait zen. Ekintza sindikala (mobilizazioak) eta instituzionala (Administrazio Kontseilua, Parlamentua...) baino ez dira geratzen; hau da, bide politiko-sindikala.
  • Euskal Telebistaren kasuan esan bezala, Auzitegi Gorenak behin-betiko sententzia irmoa argitaratu behar du oraindik, erreklamazioak juridikoki egin ahal izateko. Horrek ez du esan nahi dagoeneko eskatzen hasiko ez garenik.
  • Bide instituzionala abiatu dugu, eta LAB dagoeneko harremanetan jarri da bai Administrazio Kontseiluko zein Gasteizko Parlamentuko kideekin gaia bideratzeko. Euskal Telebistaren kasuan Auzitegi Gorenak sententzia irmoari itxaroten ez egoteko, eta Eusko Irratiaren, EITBNETen eta EITBren kasuetan ere zera eskatuko dugu:
    • 2010etik kendu diguten diru guztia EITB Taldeko langile guztioi itzultzeko.
    • Nominetan murrizketa aplikatzen ez jarraitzeko.
    • 2012ko abenduko bigarren pagaren falta den zatia ordaintzeko

Argi dago bide instituzionala abiatzeak ez duela inolako bermerik suposatzen, instituzioetan ematen diren interes politiko eta partidistak direla medio. Beraz bide hori mobilizazioekin eta bestelako ekintza sindikalen bitartez elikatu beharko dugu.

Bestetik, ez dugu ulertzen ELAk hedabideetara bidali duen oharraren asmoa. Izan ere, jakin arren soldata berreskuratzea juridikoki ETB-ko langileei bakarrik onartu zaiela, nahasmen handia eta oinarririk gabeko itxaropenak piztu bait dizkie gainontzeko sozietateetako langileei. Esan beharra dago baita ere, ELAk prozesuan egindako akats bakarra ez dela izan helegitea galdu izana. Bere garaian, ETBri buruzko epaiketaren egunean, ETBko delegatu guztiak EAEko auzitegi nagusian zeudela, Eusko Irratikoak (ELAkoak) ere agertu ziren. Zuzendaritzak esan behar izan zien Eusko Irratiko batzordeak ez zuela salaketarik jarrita. Orain txapuza hura estaltzeko halako domina jarri nahi izateak ez dio batere mesederik egiten beharrezkoa dugun langileen arteko batasunari.

Espero dugu ohar honekin EITBko langile guztiok argiago edukitzea kontua.

EITBko LAB, 2015eko azaroaren 24an