Hemen zaude

ARGIA: "Eta orain gaztelaniaz, mesedez"

Josu Amezagak bildutako datuen arabera, ETB2k ikusleen bi heren euskarazko ikusle potentzialen saskitik jasotzen ditu, eta ez erdaldun elebakarren multzotik.“Euskal Irrati Telebistak ez du inor derrigortzen nahi ez duen hizkuntzan hitz egitera, euskarazko hitzak lortzearren” (Irrati eta telebistarako eskuliburua. EiTB, 2012). Zer gertatzen da, baina, adierazpenak euskaraz egiten direnean? Kazetaria derrigortuta ote dago gaztelaniaz ere jasotzera adierazpenok? Euskal Telebistak gaztelaniazko katea sortzeko erabakia hartu zuenetik horixe izan da jokamoldea, inon jasota ez badator ere

Josu Amezagak bildutako datuen arabera, ETB2k ikusleen bi heren euskarazko ikusle potentzialen saskitik jasotzen ditu, eta ez erdaldun elebakarren multzotik.
 

Juanan Legorburu kazetariaren ustez, ezinbestekoa da zuzendaritzak erabakia garbi hartzea: kazetariei jakinaraztea, adierazpenak euskaraz egiten dituenari ez zaiola gaztelaniaz ere egin ditzan eskatuko

“Irratian egunero sartzen da korteren bat euskaraz. 5-6 urte aurrerago daude Radio Euskadi eta Radio Vitorian. Irratia doa bide erakusle” Asier Larrinaga, EiTBko esukara arduraduna

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak erabaki du ETBrekin ofizialki euskaraz ariko dela. Lea-Artibai eta Urola Kostako udal ordezkariek ere bide bera hartzea adostu dute. ETBri jakinarazi diote elkarrekin egindako bilera bidez. Antza, Eibarko entrenatzaile Gaizka Garitanok ere asmo bera izan du eta euskaraz ariko zaie ETBkoei; etxeko txikienek Euskal Telebistan euskaraz mintzatzen ikus dezaten nahi du futbol entrenatzaileak. Banakako erabakiak dira, noski. Argian bertan Juan Inazio Hartsuagak esan zuenaren kontrara, baliteke esperantzarako tartea egotea eta euskaltzaleak ere egotea euskal hiztunen artean. Baina nola heldu gara Goizalde Landabasok ondo baino hobeto azaltzen zuen “Korte bat, mesedez [euskaraz]” hartatik, “eta orain erdaraz, mesedez” horretara?

Euskal telebista publikoa euskara hutsez emititzen hasi zen hartan, herritarren informazio eta parte-hartze politikoa sustatzeko eginkizunaz gainera, bere gain hartu zituen euskara eta euskal kulturaren sustatzea. Izan ere, garai hartan euskaldunak populazioaren %21 baino ez ziren EAEn. Ehunekoa hain zen txikia ezen, “Eusko Jaurlaritzak bere telebistari jarritako integrazio politikoaren helburua, populazioaren %100 hartzen zuena helmugan, hankamotz gera zitekeen euskara hutsezko emanaldiekin”. Halaxe jaso zuen EHUko irakasle Josu Amezagak Euskal Telebista 30 urteren ostean artikuluan. ETBren hizkuntza politikaren argirik eza agerian geratu zela azaltzen zuen berak, eta galdera ere egiten zuen: “Hizkuntza politikaren argirik eza, ala hizkuntza politika ezkutua?”. Kontua da harrezkero, ETBren gaztelaniazko katearen sorrerarekin, kanal bikoizketa eman zela eta horrek “hasierako asmoen berrirakurketa” ekarri zuela “bereziki euskararen susperkuntzari dagokionean”. Are gehiago, Kultura Sailak 1992an Legebiltzarrera bidalitako txostenetik Amezagak ondorioztatzen duenez, “euskarazko irrati zein telebistaren ardura da euskararen susperkuntza, eta gaztelaniazko medioena informazioa eta parte-hartze politikoa bultzatzea”. Ordutik kanal bakoitza populazioaren zati bati zuzendu zaio eta “euskal telebistaren auzia Euskal Herri osorako telebistaren auzia izatetik euskaldunentzako telebistaren auzia izatera pasatu zen, gutxiengo baten kontua, herri oso batentzako egitasmoa baino areago”.

Plan estrategikoa

Badirudi gauzak aldatzen ari direla erakusten duten zantzuak daudela. ETB1 euskaldunentzako eta ETB2 ez euskaldunentzako dikotomiarekin apurtzeko urratsak ematea erabaki duela EiTBren zuzendaritzak. Horren adierazle da 2013-2016 plan estrategikoak dioena: “Azken hamarkadetan gizarteak egin duen euskalduntzeko ahalegina aintzat hartuta, euskararen normalizazioa lortzeko beste urrats batzuk egin behar direla proposatzen da lehenengo aldiz EiTBren plan estrategiko batean”. Eta, giltza izan daiteke hori zeren eta planak berak jasotzen duenez, “EiTB sortu zeneko garaian, euskal gizartea gehienbat gaztelaniaduna zen; testuinguru historiko horri erreparatuta, euskal herri-administrazioek sustatutako asmo handiko normalizazio-plangintzaren atarian geunden. Gaur egun, berriz, biztanle guztien bi herenek badakite euskaraz (…) herritarrak gehienbat elebidunak dira. Bereziki, 45 urtetik beherako biztanleriari dagokionez, geroz eta jende gehiagok daki euskaraz”. Testuinguru horretan, bada, EiTBk erabaki du gaztelania komunikazio hizkuntza duten euskarrietan (ETB2, Radio Euskadi eta Radio Vitoria) “lekua egitea euskarari, eta modu naturalean eta era pedagogikoan” jardutea euskararen erabilera sustatzeko. Asmoa litzateke “euskaldunen presentzia gero eta ohikoago bihurtu” eta “euskararen gizarte prestigioa indartzea”.

Erabaki militantea

EiTBko euskara arduradun Asier Larrinagaren iritziz, gaztelaniazko medioetan euskara ikusgai egiteak “bat egiten du lehendik izan dugun filosofiarekin, hau da, pertsona bakoitzaren hautua errespetatzearekin”. Gainera, orain baino lehen ere eztabaidatu izan da gaiaz eta Larrinagak berak azaldu digunez, 2006an “jaso zen lehenengoz zelan jokatu behar den adierazpenak biltzen direnean, EiTBreko hizkuntza funtsak liburuan. Dokumentu horretan esaten dena funtsean da EiTBk errespetatuko duela kasu guztietan herritarraren hautua, hizkuntzari dagokionez”. Beraz, filosofia da herritarraren hizkuntza hautua errespetatzea, eta “pertsona batek euskaraz bakarrik egingo duela esaten badu, hala egingo da, penalizaziorik gabe. Orain arte horrela jokatu dugu. Hori da enpresa honek ordutik idatziz izan duen filosofia eta zabaldu duen filosofia”. Ardura beraz, herritarrengan uzten du EiTBk. Euskal hiztunek erabaki beharko dute euskal irrati-telebistei euskaraz bakarrik aritzea, ala gaztelaniaz bere burua itzultzea.

Beraz, EiTBren plan estrategikoaren lan ildoak, alegia, euskara ikusgai egitekoa gaztelaniazko medioetan, nola landuko da? Juanan Legorburu ETBko kirol kazetariaren ustez, ezinbestekoa da zuzendaritzak erabakia garbi hartzea, jokamoldea aldatze aldera. Hau da, kazetariei jakinaraztea, adierazpenak euskaraz egiten duenari ez zaiola gaztelaniaz ere egin ditzan eskatuko. Kiroletako kazetari beterano honek oso argi dauka: “Sistemak, ETB2 ezartzeak, behartu gaitu gaztelaniaz ere galdetzera; agindua inoiz idatziz eman gabe, baina egunerokoan egiteko esanda”. Horregatik ezinbestekotzat jotzen du, kazetarien joera aldatzen laguntzeko, EiTBko zuzendaritzak neurri zehatzak hartzea, baina era berean “euskaltzaleek ere beren ardura osoa hartzea. Jendeari kontzientzian eragin behar diogu. Zuen eskubidea da nahi duzuen hizkuntzan aritzea, baina zuen erabakia izango da hartzen duzuen hautua. Hausnarketa egin beharra dauka gutako bakoitzak, herritar gisa”.

Publiko euskaldun potentzialaren igoera

Bada garaia, beraz, EiTBren sorrera legeak zioen “euskararen sustapena eta zabalkundea bereziki kontuan izanik” jardutekoa. Are gehiago, euskal hiztunen kopuruak ETB2ren sorrera eman zenetik izan duen gorakada kontuan hartuta. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak esana da euskarak ez duela sekula izan gaur adinako hiztunik. V. Mapa Soziolinguistikoaren arabera, euskaldunen ehunekoak 14,5 puntuko hazkundea izan du 30 urteotan. Eta 20 urtetik beherako herritarrei erreparatzen badiegu, hazkundea ikaragarria izan da: %70 baino gehiago dira euskaldunak. Duela 30 urte ez zen %20ra iristen. Irakurketa osatzeko, kontuan hartzeko datuak dira CIESen arabera (2011), gaztelaniazko kanala ikusten dutenen %39 elebidunak direla eta %25 elebidun hartzaile (ulertzeko gai). Datuok EHUko iraskale Josu Amezagak jaso zituen, eta argitzen zuenez, “ETB2k bere ikusleen heren bi (%64) euskarazko ikusle potentzialen saskitik jasotzen ditu, eta ez erdaldun elebakarren multzotik”. Beraz, eta Larrinagak dioen moduan, “errealitate horren aurrean, erdarazko medioetan ere gaur egun ez da eragozpen euskara sartzea”. Hala, esaterako, Klaudio Landaren eta Silvia Intxaurrondoren ETB2ko saioetan “hainbeste sartzen da euskaraz” eta irratian, berriz, “egunero sartzen da korteren bat euskaraz. 5-6 urte aurrerago daude Radio Euskadi eta Radio Vitorian. Irratia doa bide erakusle”, aitortu digu Larrinagak.