Hemen zaude

Euskal Telebistako zuzendaritza da orain LABen Miramongo hautagai ebentual bat inpugnatu duena

      Duela aste batzuk ETBren Bilboko hauteskunde sindikaletako Mahaiak LABen zerrendan laugarren postuan zegoen kidea inpugnatu zuen. Kontua da ELAk bilera eskatu zuela Mahaia eta Zuzendaritzarekin “balizko irregulartasun” baten berri emateko, eta ondorioz Mahaiak erabaki zorrotza hartu behar izan zuen. Jokabide hori salatzeko atera genuen oharrean argi azaltzen genuen gure jarrera, zergatik uste genuen langile ebentual horrek zerrendan egoteko eskubidea eduki behar zuen.

     Kontua da pasa den astean ETBren Miramongo hauteskundeetako Mahaia bildu dela antzeko egoera bat aztertzeko, hau da LABek langile ebentual bat aurkeztu duela ere zerrendako laugarren postuan. Bilbon ez bezala, oraingoan Zuzendaritzak inpugnatu egin du gure hautagaia, sei hilabeteko antzinatasuna ez duenaren argudiopean. Dagoeneko hainbat hirurteko kobratzen ari den langileak, legeari zorrotz-zorrotz erreparatuta, ez omen du hautagai bezala aurkezterik. Horren arrazoia zuzendaritzak eskrupulurik gabe aurrera daraman kontratazio moduagatik izan da, horregatik bakarrik: Aldi baterako langile horrek hiru egunean 35 lanordu egin eta berehala baja eman ohi zaio Gizarte Segurantzan astearen gainerako egunetarako, horrek berari dakarkion kaltea kontuan hartu gabe. LAB alferrik saiatu da zuzendaritzarekin arazoa konpontzen, eta bere hautagaia zerrendatik kentzea erabaki du.

     Ezaguna da LABek betidanik ebentualitatea gardentasunez, objektibotasunez eta segurtasunez kontratatzeko egin duen Lan Poltsen defentsa eta borroka, langile ebentualen lan baldintzak eta egonkortasuna finkoen parera bermatze aldera. Izan ere orain arte nekez aurkez zitekeen langile ebentual bat hauteskunde sindikal batzuetan kontratazioa erabat arbitrarioa izan denean. Azken hileotan areagotu egin dugu borroka hori, eta hurrengo urteetarako erronka nagusietako bat bezala ere hartu dugu batzordeetan zuzenean langile ebentualak jarriz.

     Gogoratu beharra dago ere Gasteiz Irratian ELAk proposatu zuen bi enpresetako langileek bozkatu ahal izatea Zuzendaritzak onartu duela, LABek erreparorik ez ziona ikusi bestalde, langile guztiak ordezkatuak izan zitezen. Alde guztien artean akordioa egon ezkero ez dago zertan araudia zorrotz-zorrotz bete beharrik. Borondate kontua da.

     LABek zera salatu nahi du, bai ELAk zein Zuzendaritzak, zeharkago edo zuzenago, LABen zerrendetan langile ebentualik egotea eragotzi dutela, eta ondorioz langile batzordeetan ez dela langile ebentualik egongo. Inork salaketarik edo iruzkinik egin ezean hauteskunde prozesuak bere legalitate osoan aurrera jarraituko zuen.

Hauteskunde prozesu hau legala izango da, BAINA EZ DAGO ESKUBIDERIK!

Etiketa: