Hemen zaude

ETB, informazioaren «kontrolean» ere liderrak

EITB harro dabil azkenaldion «informazioan liderrak» edota «europako lehen komunikazio taldea zilarrezko Q lortzen». Halere «kontrol» hitza falta zaio tartean, «informazioaren kontrolean liderrak» jarri beharko bailuke. Jendeak, eta batez ere ezker abertzalekoak, ederki asko daki zein iaioak diren ezeroso zaiena baztertzen edota izkutatzen, azken aldi honetan «apartheitb» ezaguna egin zaigularik, edota azken hauteskundeetan eraman duen bazterketa jokabidea.

Bada EITBko zuzendaritzak gustuko duen beste informazio kontrol mota bat, barrukoa alegia. Horrela ETBko langile batzordeak hainbat salaketa jarri behar izan du, haietariko gehienak hain zuzen ere legez zor zaizkion denbora luzez eskatutako informazioak ez emateagatik.

ETBn informatika eta posta elektronikoa orokortu zenean LABeko bi ordezkarik euren arteko komunikazio elektronikoetan gauza arraroak antzeman zituztela, informatika zuzendariari aipatu, eta hurrengo egunean arrazoiaz galdetuta, arazo sasi-tekniko bati leporatu zion akatsa: «ya sabes, Microsoft». LABen bulegoko ordenagailuan hainbat jende ezezagun ere sartzen detektatu eta ikertzen ari da ere.

Oraingoan beste aurrerapausu bat eman dute kontrol horretan, eta bi zuzendari langileen hainbat ordezkariren posta elektronikoarekin jolasten harrapatu ditugu. Batzordeko kide batek aurkitu zuen akats zentzugabea, txertatutako fitxategirik ezin baitzuen jaso. Informatikako zuzendariari galdetuta, «agindua pertsonaletik zetorrela», ez zegoela inolako arazo teknikorik. Pertsonal zuzendaritzara jo, eta pelota beste aldera itzuli zuen, arazo teknikoren bat egongo zela edo. Lehenari gertatutakoaren berri idatziz emateko eskatutakoan ez du ezta «jaso dut» sinatu nahi izan ere. Zuzendari bat langileen ordezkari guztiei mezu labur bat banatzen saiatu zenean, ezinean aurkitu zen, mezua bueltan itzultzen baitzitzaion handiegia zenaren aitzakiarekin. Kasu horietan mezu elektronikoek ematen dituzten azalpen teknikoen arabera ETBko LAB, KLB eta CCOOko ordezkari guztiak (eta soilik) agertzen ziren arazoak kalteturik.

Inteligentziaren alorrean behintzat ez ETBko LABekoek ez dute inolako argudiorik aurkitzen horrelakorik egiteko. Kontrolatzea soilik baldin bazen asmoa, arrastorik uzten ez duten bestelako aukerak badaude. Beraz komunikazioen kontrola argia bada dagoeneko, asmo txarra ere ikusten zaio ekintzari, besterik gabe izorratzearena alegia.

Zorionez ETBko LABek bere segurtasun neurriak hartu zituen hasiera hasieratik, baina ez ordea sail sindikalarekin harremanetan jartzen den barruko zein kanpoko jende askok. Jendeak oso argi eduki behar du posta elektronikoa hornitzen duenak erabateko kontrola duela komunikazio sistema horretan, ilegala bada ere. Kontuz beraz erabiltzen diren bestelako hornitzaileekin ere.