Hemen zaude

BERRIA: EITBk zuzeneko solaskide izatea onartu dio mugimendu feministari

Euskal Herriko Mugimendu Feministako ordezkariak «pozik» daude, atzo EITBko zuzendaritzarekin Bilbon izandako bileraren ostean. Gainera, EITBk zuzeneko solaskide izatea onartu dio mugimendu feministari. EITBk gizarte eskakizuneko hitzarmenaren barnean lantzen ditu berdintasun gaiak, eta bi urtean behin egiten duen batzarrera eragile gisa gonbidatuko du Euskal Herriko Mugimendu Feminista.

Cuadrilla busca cita ETB2ko saioaren inguruko gorabeheren ostean adostu zuten EITBk eta mugimendu feministak atzoko bilera egitea. Programa horren edukien inguruko desadostasunak agerian gelditu ziren atzo, Euskal Herriko Mugimendu Feministako ordezkarien arabera. «Hala ere, jarrera eraikitzailea jaso dugu EITBren aldetik. Guk genero unitate bat sortzeko eskatu dugu, saioen tratamendua azter dezan». Eusko Legebiltzarrak 2005ean onartutako Berdintasun Legeak jasotzen du zerbitzu publiko guztiek behar dutela izan genero unitate bat.

EITBko zuzendaritzak gogorarazi du baduela berdintasun teknikari bat —teknikari horrek beste ardura batzuk ditu, ez bakarrik berdintasun gaienak—. Mugimendu feministaren ustez, berdintasunean lanketa bat behar da, «edukiei bi buelta emateko».

BERRIA 2014.06.24