Hemen zaude

Unai Urruzuno: EITBren lerro editorialaz

Hautsak harrotu ditu Iñaki Oyarzabal PPkoak EITBko kazetarien kontra adierazitakoak. PP ez dabil bakarrik, dena den, zeregin horietan, PSE eta UPyD bidelagun baititu EITBren inguruko kritikan. Lortu duten bakarra, ordea, unionismoak orokorrean duen ezintasuna agerian uztea izan da, EITBn PP asaldatzeko moduko ezer ere ez delako gertatu. Jarrera horien atzean helburu zehatzak daude eta, EITBren jarrera ikusirik, unionistei ez doakie hain gaizki ere.

Egia da PPk eta PSEk ETAk emandako urratsen ondotik sortutako eskenatoki politikoan beraien posizioa finkatzeko arazoak dituztela. Paradigma aldatu da eta Madrilekiko segidismoaren ondorioz ahul ageri dira ideologikoki. Beraz, Oyarzabalen hitzak testuinguru horretan kokatu behar dira, eta are gehiago azken aldian biktima batzuen aldetik sortu zaizkien liskarrak tarteko. PPk eta PSEk euskal gizartearekin dute arazoa, EITBrekin baino.

Ez da oso azkarra izan behar kritika eta eraso horien atzean beste helburu batzuk daudela antzemateko. Eta egia esan, aitortu beharra dago legealdi hasieratik EITBren aurka zabaldu duten ildoak emaitza onak eman dizkiela, PP-PSEren jarrera horrek EITBko zuzendaritza nahi eta behar duten lekura mugitzea lortu baitu; alegia, euren presioak EITBren ildoak egoera politiko berriari ekarpen positiboa egitea ekidin dute. Hor dago gakoa. Legealdi hasieratik irudikatu nahi izan dute EITBrekiko desadostasuna, bai eta zeharo faltsua den eta euren buruetan soilik existitu daitekeen EITB-EAJ-EH Bildu aliantza bat ere. Hau da, EITB indar abertzaleen zerbitzura eta beraiek alboratuak. Errealitatea guztiz bestelakoa da; hala adierazten dute gertaerek, egitateek eta batik bat EITBko albistegi eta programek.

Haatik, EITBk berak hilero Legebiltzarrera igorritako datuen arabera, Maite Iturbek zuzendaritza hartu zuenetik (2013ko martxoan) EITBk EH Bilduri bere albistegietan UPyDren atzetik denbora gutxien eskaini dio. Nahiz eta EH Bildu bigarren indarra izan, EITBrentzat PP-PSEk leku gehiago merezi dute. Hala ere, salagarriena ez da kuantitatiboa, ildo editoriala osatzeko ageri diren intentzio politiko argiak eta, eskainitako tartea txikia-handia izan arren, horren nolakotasuna baizik. Preso politiko baten heriotzak tratamendu anekdotikoa izatea kasu.

Alberto Suriok EITBko zuzendaritza hartzeak indigestio bat baino gehiago eragin zuen jelkideen artean, bai eta euskal gizartean ere seguru asko, garai horietan normaltasunez burutzen ziren «putxerazo» horietako batetik eratorria izaki. «Haber impulsado en EITB unos servicios informativos profundamente tendenciosos y que no responden a lo que son los criterios de una Radio Televisión Pública» bezalako adierazpenak sarri entzun ziren bozeramaile jelkideen ahotik, orain PP-PSEk darabiltenen antzekoak eta guk ere erabat konpartitu ditzakegunak. Putxerazoaren Gobernuaren ostean hautestontziek adierazitakoari jarraiki, Legebil- tzarrean eta EITBn ere herritarren gehiengoak EH Bildu zeukan EAJrekin adostasunak bilatzeko sozio logikotzat. Hala beharko zukeen PP-PSEren tesia zuzena balitz. EAJk, ordea, izenen inguruko negoziazioa eta oraindik argitu gabeko akordioa tarteko, PSErekin esku hartuta hasi zuen legealdi honetako EITBren ibilbidea. Ibilbide hori zerbaitek ezaugarritu badu, gorago aipatu datuen itzalean, EH Bildurekiko jarrera erasokorra izan da, bere jarduera instituzionalari dagokionez bereziki eta gatazkaren konponbideaz ere bai. EH Bilduren jarduera instituzionala gutxietsi, ezkutatu eta desitxuratzea EITBn EAJk dituen arduradun politikoen estilo liburuan lehen araua da eta Gipuzkoa eta Donostiako instituzioak, lehen jomugak.

Adibide soil batzuk aipatzearren, atez atekoaren inguruko eztabaidei izugarrizko oihartzuna eskaini arren, behin ezarria denean beronen emaitza onak eta herritarren iritziak ezkutatzea; Bidegi-Bidelanen artean lortutako akordioei buruz ezer ez esatea, gatazka iturri zirenean eguna joan eguna etorri aipatua izan denean; Mandelaren hiletei jarraipen handia eskaintzea baina gonbidatua izan zen euskal ordezkari bakarraren presentzia ezkutatzea... Ariketa sinple batekin ulerterrazagoa delakoan, irakurleak pentsatu besterik ez dauka zenbatetan ikusi dituen EITBren albistegietan Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako oposizioko kideak, eta zenbatetan Bilboko edo Bizkaiko oposiziokoak. Hor laburbiltzen da Iturberen zuzendaritzak EH Bilduren lan instituzionalarekiko hartutako jarrera.

Bakegintzari, elkarbizitzari, gatazka politikoaren konponbideari begira, EITBk ezarria du bere «zoru etikoa». Nola eta norekin adostu zen? Orain Oyarzabal jaunak bezala PSEk iskanbila sortu zuen EITBren Plan Estrategikoak ETA espresuki ez aipatzeagatik. Iturbek bere hasierako asmoak alboratu zituen orduan eta men egin zien PP eta PSEri, EAJk hala erabaki zuelako, EH Bilduk aurretiaz Legebiltzarrean adostasun zabalagoz onartua zen testua proposatu bazuen ere. Finean, EAJk gatazkaren konponbideari buruzko EITBren ikuspegia unionismoaren tesietara hurbil- tzea erabaki zuen, herri honen gehiengoaren aldarrikapenak aintzat hartu beharrean.

Une politiko berezi hauetan eragile guztioi dagokigu arduraz jokatzea. Eragile politiko bakoitzak jakingo du zein den bere ardura eta egitekoa. EITBrena, aldiz, guzti-guztioi, dagokigu, hedabidea eta publikoa den heinean. Gatazka politikoa gainditzeko aukera zabaltzen ari garenean, EITBk badu zereginik, batzuen hegemonia eta interesetan iparra galdu gabe.

EITBk etorkizuna badu, herri proiektu gisa soilik izango du, euskal gizarteak egunero bere burua bertan islatua ikusten baldin badu bakarrik.

 

Unai Urruzuno. EH Bilduko legebiltzarkidea eta EITBren Kontrolerako Batzordeko kidea