Hemen zaude

GARA: Ipar Euskal Herriko albistegi berezia eskatu diote EEP eta EITBri

P053_f02«Iparraldearen Orena» kendu zenetik eguneroko berriak izateko aukera desagertu dela deritzo «Goazen aintzina»-k. Ipar zein Hego Euskal Herriko euskaldunentzat albisteak telebistaz jasotzea «premiazkotzat» jota, eskaintza hori berma dezatela eskatu diote EITB eta EEPri.

-> GARA 2013.12.12

'Iparraldearen Orena' itzul dadin, sinadurak biltzen hasi dira Baionan

ETBk Iparraldeari eskainitako tokia «nabarmen txikitu» da, Goazen Aitzina elkartearen arabera

Irailaren 20an eman zuten azken aldiz Iparraldearen Orena ETB1ean, eta Ipar Euskal Herriko egun-egungo gertaerei buruzko euskarazko albistegi berezituaren 21 urteko jarduna eten zuten. Goazen Aitzina elkarteak saioa ETB1era itzultzeko eskatu dio zuzendaritzari, eta izenpetze kanpaina abiatu du. Azaldu dutenez, urteetan saioak «atxikimendu garbia» lortu du.

Ipar Euskal Herriko gertakariak Euskal Herria zuzenean saioan emango zituztela azaldu zuen orduan EITBk. «Batzuetan badira Iparraldeko berriak, besteetan bakarra, eta beste askotan bat bera ere ez». Xipri Arbelbide Goazen Aitzina elkarteko kidearen hitzetan, «Iparraldea ez da kontuan hartzen ETBn». Iparraldearen Orena «zen bezala» jarraitzea nahi dute. «Zer dira hamar minutu Euskal Telebistarentzat?». Iparraldeak albistegi berezitua izatea onuragarriagoa dela deritzote. «Utz diezaiotela Iparraldeari tarte txiki hori. Gero nahi badute, sar ditzatela eduki horiek emankizun orokorrean».

Ipar Euskal Herrian euskararen egoera «larria» dela ohartarazi du Arbelbidek. «Badugu , beste gauza batzuen artean, telebistaren beharra».

BERRIA 2013.12.12