Hemen zaude

Joxe Inazio Basterretxea (EHUko irakaslea): "Gaur-gaurkoz beharrezkoak dira telebista publikoak"


Joxe Inazio Basterretxea (Galdakao, 1959) informazio zientzietako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Ederto ezagutzen ditu EITBren nondik norakoak, eta ez soilki hango administrazio kontseiluan emandako denboragatik; hainbat lan argitaratu ditu EITBren eta, oro har, telebista publikoaren inguruan.


Azken bolada honetan indartzen ari da telebista publikoen kontrako mezua: alferrikakoak omen dira, telebisten merkatu librea desitxuratzen omen dute, dirua xahutzen omen dute eta abar.

Oxigenoa da telebista publikoa, ikus-entzunezkoen munduan. Hor, atmosferan oxigenoa bezala, gutxiengoa da telebista publikoen esparrua, baina ezinbestekoa. Zaila, erabat ezinezkoa iruditzen zait bizitzea telebista publikoen indar zuzentzailerik gabeko giro pribatu batean; alegia, oxigenorik gabe, nitrogeno hutsezko giro batean.

Ulertzen dut zerbitzu publikoa enpresa pribatuak eman dezakeela dioen teoria. Eta hala egiten du kasu batzuetan enpresa pribatuak, zerbitzu publikoa eskaini. Halere, zerbitzu publikoaren izenean patrikak berotzen ematen duenean denbora eta jarduna, ez dago mekanismo sozialik enpresa pribatuaren jarduna zuzentzeko. Enpresa publikoak zuzendu beharko du desoreka hori.

Beharrezkoak al dira telebista publikoak?

Enpresa pribatuak dira gure inguruko hedabiderik indartsuenak —El CorreoDiario de NavarraSud Ouest… —. Ez dago haietan zuzen eragiterik, adibidez, euskara gehiago sar dezaten beren orrialdeetan normaltasunez, gainpreziorik gabe. Kontrol publikoa duen hedabideak, telebistak kasu honetan, badu administrazio publikoen kontrol bat. Kontrol publikoari esker behartu daiteke hedabidea genero berdintasunezko politikak aplikatzera, publizitate iragarki iraingarriak erretiratzera, eliza baten apologiazko mezu iraingarriak ezabatzera, eta euskara kopuru jakin batean edo maila batean erabiltzera. Kontzesioen bidez ere arautu daiteke hori guztia. Seguru asko, hala da. Egingarriago ikusten dut hori medio berrien kasuan, zaharrenean baino. Gaur-gaurkoz, medio pribatuak bestelakoak ez diren heinean, beharrezkoak dira telebista publikoak.

Zeintzuk izan dira RTVVren hondamendiaren arrazoiak?

Kudeaketa txarra egon da itxieraren azpian. Eta eskrupulo gutxi. Ikaragarria da egin den diru zuloa. Orain erabaki dute "nahikoa da" esatea. Esan, eta egin. Eten egin dute telebistaren jarduera ofiziala. Itxi. Eta, itxiera horretan, eskrupulu gutxirekin ibili dira. Eskrupulu gutxi, mila langile baino gehiago kaleratzeko. Eskrupulu gutxi, kataluniera isiltzeko. Eskrupulo gutxi legeak ad hoc egin eta nahierara gobernatzeko. Barkatu horrela esatea, baina RTVVren kasua da jostailuari pila amaitzen utzita, pila aldatu ordez, zakarrontzira botatzea aparatua, Errege Magoei tresna berria eskatzeko: publikoa barik, orain pribatua.

ETBk ez dauka RTVVk zeukan zorraren antzekorik, baina batzuek nabarmentzen dute hori gertatzen dela Jaurlaritzak diru sail handiak bideratzen dituelako ETBra.

Administrazio publikoek zerbitzu publikoak kudeatu eta hornitu behar dituzte. Eskubide zibil bat da informatuta egotea eta gizarte komunikazioaren parte izatea. Hori bermatu behar dute hedabide publikoek. Horretarako izan behar dute diru publikoek. Ez Rolex-ak erosteko.

Eta, gastu hori justifikatuta al dago ETBren kasuan?

Bai, jakina. Baina, baldin eta zerbitzu publikoak ez badu bere zeregina betetzen, administrazioak bideak ireki beharko ditu funtzio horiek bete daitezen. Ez duena egin behar da ahuleria ekonomikora eraman hedabidea. Administrazioaren erantzukizuna da zerbitzua ematea, ez zerbitzua eraistea.

Eta zerbitzua ematen ez denean?

Bada, irtenbidea ez da tresna zakarrontzira botatzea: pilak aldatu beharko dira. Legebiltzarrak aztertu beharko du zelan egokitu telebista planteamendu horietara. Jaurlaritzak onartu eta zuzendu beharko ditu bere kontraesanak. Alderdi politikoek kontuan hartu beharko dute telebista publikoa ez dela beraien arteko alderdikerietarako beste borrokaleku bat, baizik eta denon diruarekin ordaintzen den tresna bat, zeinarengandik, fakturez gain, nolabaiteko onura soziala espero baitugu. Gizarteak berak ere hitz egin beharko du; konponbidea ez da Canal Plusen izena eman eta hura ordaintzen hastea.

Valentzian gertatutakoa ikusita, eta pribatizazioen aldeko haizeek ze indartsu jotzen duten kontuan hartuta, ETB arriskuan dagoela uste al duzu?

Ez, ez epe labur batean, behintzat. Ezaguna da bertoko alderdirik badela ETBri begi okerrarekin begiratzen diona. Ausartuko naiz esatera: errazago ikusten dut pribatizazioaren bidea beste erkidego batzuetan, historiko ez diren horietan akaso, gurean baino. Baina batek daki. Krisi ekonomiko deitua hor da. Telebistak ere nozitzen du hori, nola Jaurlaritzaren asignazioan, hala publizitatearen kontratazioan. ETBk aztertu behar du bere rola Euskal Herriko hedabideen sektorearen barnean. Sektoreko sinergietan eta elkarlanean sakondu behar du. Demokratikoa eta aberasgarria da hori. Eta ekonomikoki, errentagarria izatera hel daiteke.

BERRIA 2013.11.15