Hemen zaude

EITBko kudeatzaile egiturari buruzko gogoeta

Andoni Ortuzar EITBko Zuzendari Nagusia zenean, hainbat moldaketa egin zituen ente publikoan. Horrela, langileok belarrietan egunero genuen “Kalitateko Q”, “EFQM” (1) eta organigramako karguei jarritako izen ponposoak, Juan Diego gerentea buru. Helburuen araberako ordainketa aldagarriaren lehen adreiluak jarri bazituen ere, hiru urte baino ez zuen iraun asmakizunak. Huts hartatik ikasitakoarekin sistemari buelta eman, eta langileak kanpoan utzita, soilik kudeatzaileekin osatutako sistema abiatu zen EITBn, erabateko ilunkeriaz sortuta. Beraz, Ortuzarren taldeak organigrama argaltzea ezinbestekotzat jo bazuen ere, EITBko kudeatzaile/langile proportzioa gaur eguneko 1/10era arte handitu zuen. Alberto Surioren taldeak sistemarekin amaitzeko konpromisoa hartu zuen lehen egunean, eta alde egin zutenean berdin-berdin zegoen.

Ezer baino lehen zera argitu nahi dugu, xehetasunak ezagutzen ez ditugun sistema horretan dauden kudeatzaile guztiak ez daudela egoera berean. Ez dago jakiteko modurik zenbat kobratzen duten eta zein kontzeptutan, oinarrizko soldatak, aldagarriak, zerbitzuetan ordaindutakoak... soilik batez besteko datuak edota orokorrak. Kudeatzaile gehienek lan hitzarmenari uko egiten dioten dokumentua sinatu badute ere, hainbatek ez dute urrats hori eman eta soilik langileon araudion arabera aritzen direla. Beste hainbatek ere “hartu ala utzi” aukeraren aurrean “hartu”, eta gutxien bat jasotzen dute. Baten bat ere bera kudeatzaile zenik ez du jakin harik eta zuzendaritzak zerrenda parlamentura igorri denean eta ondorioz publiko egin denean. Horrela zuzendaritzak bi txori jotzen dute tiro batez, gehiegizko gastuak eta bidegabekeriak egokiagoak diren egoerekin estali egiten baitira.

LAB hasiera hasieratik sistema honen kontra jarri da argi eta garbi. 2010eko hauteskunde sindikaletan bertan kudeatzaile hauek botua ematearen aurka jarri ginen, baina lan ikuskaritzak ez zigun arrazoia eman. Gure ustez irregularrak izan diren kudeatzaileen ordezkapen kontratuak ere lan ikuskaritzara eman izan ditugu. Bide instituzionaletik administrazio kontseilua eta parlamentuan ibili gara ere, eta gaur egun ere ezin da jakin zehaztasunez ordainketa eta berme sistema. EHBILDU taldeak oraindik erantzun gabe dagoen informazio eskea du sartuta gaiaren harira.

Aipatutako mugekin hainbat datu ezagutzen dira: «Gehien kobratzen duenak EITBren batez besteko soldataren bikoitza baino gehiago ez dela» zioen txosten batek (2). Hau da, 100 mila euro inguru, Zuzendari Nagusiarena 85 milakoa zenean. Txosten beraren arabera, batez besteko soldata 46.899€ zuten kudeatzaileek, baina gogoratu abanikoa oso zabala dela, eta beheko mailako sariek batez bestekoa asko jaisten dutela. Era subjektiboan, beste gastu «esanguratsurik» ez dagoela dio txostenak.

«Esanguratsuak» ez omen diren beste gastuen horien artean ez da ezagutzen: ordainketa aldagarriak nork eta zenbat jasotzen duen; bestelako espezietan egindako ordainketa motak, igualatorioak, gimnasioak...; kontratuen amaiera klausulak, kalte ordainak edota edukitako onurak betikotzea...; iazko bilera batean, jerenteak ETBko langile batzordeari kudeatzaile guztiek kontratu mugagabea zutela onartu zien, OPEa gaindituta eduki ala ez.

EITBko sarbide, kontratazio eta promozio sistemaren kontra, kudeatzaileenak ez du berdintasun, merezimendu, publizitate eta gaitasun printzipioak zaintzen, hau da, sistema erabat digitala (adiskidekeria), garestia eta iluna da.

 

ONDORIOAK:

Zuzendaritzak ondo egingo luke sistema hau bertan behera utziz, eta bide horretan har daitezkeen erabakiak, egitura hori argaltzea eta arrazionalizatzea bezala, positiboak eta ongi etorriak izango dira. Halere oraindik onartezina izango da harik eta:

  1. Kontratazioan ilunkeria eta adiskidekeria mantentzen bada

  2. Goi mailako konfidantzazko zuzendarien kontratuak eta ordainsariak Administrazio Kontseiluak eta Parlamentuko kontrol batzordeak fiskalizatzen ez baditu.

  3. Beheragoko mailako kudeatzaileen kontratazioak eta baldintzak EITBko lan hitzarmenetatik kanpo badaude.

 

(1) “Kalitatearen Q” delakoa Eusko Jaurlaritzak euskal enpresentzat sortu zuen kalitate labela da, Europako EFQMaren hainbat irizpide betetzen dituena.

(2) Tobleronde SLNE enpresak EITBk eskatuta 2011ko uztailean egindako txostenaren arabera