Hemen zaude

Aritz Galarraga: Direnak dira (EITB, TV3, ERT)

ETBko zuzendariak esan zuen egin dioten azken elkarrizketan: «Ekintzak direnak dira, eta orain artekoan ezin da esan giza baliabideetan murrikeztarik egin denik ETBren barruan». Eta, egiari zor, gezurrik ez zuen esan hor. Gaur da eguna, aurreko horiek esan eta hiru astera, oraindik ETBren barruko inor kalera bota ez dutena. Besterik da ETBrentzat lan egiten dutenen artean; M4F multimedia komunikazio enpresak enplegua erregulatzeko espediente bat aurkeztu du. Guztira, 31 langileri eragingo die espedienteak: horietatik 27, kalera. Kasualitatez, eitb.com web atarirako lanean ari diren kazetari eta informatikariak. Atariaren etorkizuna kolokan dago, hartara. «Finantza oreka» deitu dio EITBk. Nik deituko nioke, ez dakit, Pilar, edo Patxi, edo Erika; eta beren zirkunstantziak, noski. Jakin behar da, gainera, M4F Juan Diego Casalsek sortu zuela —diru publikoa ustez bidegabe erabiltzeagatik dago egun inputatuta—. Begi bistako lehen ondorioa: eitb.com-eko frantsesezko orria hetsiko da hilabete honetan.

Ezer ez, txikikeria bat konparatzen badugu Kataluniako TV3n egingo dutenarekin: Corporacio Catalana de Mitjans Audiovisuals delakoak —EITBren baliokideak, alegia—, langileekin zituen negoziaketak bertan behera utzi, eta enplegua erregulatzeko espediente bat onartu zuen asteazkenean bertan. Berriz: 312 langile kalera, TV3koak eta Catalunya Radiokoak. Antza, zuzendaritzakoak ere hunkituko ditu espedienteak. Bada bestelako desberdintasunik, ordea: etxe bateko eta besteko albistegiak. TV3ko albistegietan TV3ko espedientea tituluetan ere eman zuten; ETBkoetan, berriz, ezer ez. 28. minutuan, hogei segundora ere iritsi ez zen berritxo batean bentilatu zuten kontua. Ez dakit zer zeukaten Bilboko Alkateen Nazioarteko Foroarekin. Eta hor ere neurtzen da telebista publiko baten kalitate demokratikoa —onartzen badidazue terminologia ofizialista eta apur batean pedantea—.

Baina ez gaitezen askorik kexa, ez gu, ez katalanak. Grezian errotiko finantza oreka ariketa aplikatu berri dute eta: itxi egin dute telebista publikoa. Eta telebista publikorik ez duen Europako Batasuneko herrialde bakarra bilakatu da hala. Eta berri hori bai eman zuten ETBko albistegietan, noski, besterik ez genuen behar. Egia handia baita: ekintzak direnak dira, eta listo.

BERRIA 2013/6/14