Hemen zaude

Martxelo Otamendi: Murrizketa interesdunak

Greziako Telebista Publikoarekin gertatu dena paradigmatikoa izan liteke ulertzeko zenbateraino diren luzeak ezarri diguten krisi honen besoak.

Dena ez da izango esku zuri batek —beltzek ez dute hau eragin, eta utz ditzagun bakean gaurkoan— pentsatu eta eragindakoa, baina argi erakusten du krisi honen bukaerara gu nola iritsi diseinatu dutenen asmoa: pobre eta oldarkaitz.

Gizarte moderno batean, komunikabide publikoen egitekoa oso garrantzitsua da, teorian gutxienez. Besterik da, batean eta bestean, komunikabide publikoak partidizatzeko egon den eta dagoen jokabide onartezin eta aldatu beharrekoa. Baina informazioaren eta komunikazioaren alorra esku pribatuen esku uztea, ez da debaldeko kontua; klase interes batzuei egiten die mesede, informazioa monopolizatu eta komunikabide pribatu bat eratzeko dirua daukan klasearen defentsan jardun.

Komunikabide publikoek, manipulazioak manipulazio, adierazpen askatasunaren eta pluralitatearen bermea izan behar dute, kazetaritzak berezkoa behar lukeen jarrera kritikoaren gordailu. Pobreei, gutxiengoei, bestelako azpiegitura mediatikoa ez daukatenei, alternatiboei, estaturik gabeko nazioei, langile eta herri klaseei... komunikabide publikoak komeni zaizkie; eta horiekin batera izaera sozialeko komunikabideak, guk biok zuzentzen ditugun hauek bezalakoak. Besteei ez, besteei oihanaren legea komeni zaie.

Gure herrietan gainera, komunikabide publiko propioek zeregin berezia dute gure herrien eraikuntzan eta «gure/haien» horren atzean dagoenaren identifikazio sozialean. Horregatik dira oso albiste txarrak TV3ren lan erregulazioak, EITBko webguneko kaleratzeak, Radio Vitoriako murrizketak... Txarrak izan ziren bezala guk zuzentzen ditugun komunikabideonak.

BERRIA 2013/6/16